Mixel Labeguerieren kantua biziberrituz, Izaroren «errebolta» Madrilen
Xorieri abestia zuzenean interpretatu zuen, ekainaren 17an, Izaro Andres kantariak espainiar telebista publikoaren prime time-ean. Biharamunean, «ohore bat izan da Michel Labeguerieren kantu eder hau lau haizetara kantatu ahal izana», poztu da Mallabiako abeslaria bere sare sozialetan.
Mixel Labeguerieren kantua biziberrituz –
Maite Ubiria Beaumont, Kazetan.
Izaro Andres abeslariak ‘La Revuelta’ espainiar telebista publlikoko emankizunean kantatu zuen, ekainaren 17an, Xorieri abestia.
Mixel Labeguerie poeta eta abeslariaren kantuaren berrartze azkarra osatu zuen Mallabiako bakarlariak, eta oholtza musikaz eta dantzaz bete.
Izarok eszenaratze aberatsa hautatu zuen: hiru emaztez osaturiko koruak eta dantzarien taldea izan zituen lagun, txalapartarien ekarpena ahantzi gabe.
«Eskerrik asko nire lan-taldeari beti ametsen bidean arraunean» adierazi du, euskaraz, Izarok, arrakasta ospatzeko sareraturiko mezuan. Ondotik, gaztelaniaz, hauxe gehitu zuen: «Ohore bat izan da Michel Labeguerieren kantu eder hau lau haizetara kantatu ahal izana».
Esker oneko hitzak izan ditu abeslariak laguntzaileendako, Madrilgo Principe antzokian bildutako publikoaren harrera zinez beroa izan zuen interpretazioa are eta borobilago izateko, nork bere ekarpena egin baitzuen. Instagram kontuan partekatutako bilduman, besteak beste, profil hauek agertzen dira: @baiucamusic, @orekatx_banda, @osa_mujika, @___paulistica, @ceojota … eta «amets egiteko modulo» hiru koru-kide: @olatz.salvador @valeria.c eta @gracebalerdi pianojolea.
Bestelako garaiak ezagutu zituen Izarok «berbisitatu» duen abestiaren trobadoreak. Izan ere, euskal kulturaren akuilatzaile sutsua izan zen Mixel Labegueriek (1921-1980) kantaldi guti eskaini zituen, gehienetan, lagunarteko giroan, bazkalostean, kantatzen baitzuen.
I. Mundu Gerra amaitu berria zela sortu zen Labeguerie, Uztaritzen. Gaztetatik hasi zen kantu zaharrak ikertzen. Bere familiaren eta uztariztarren laguntzari esker aitzina egin zuen araketa lan horretan. 1940. hamarkadaren hastapenean jadaneko kantu bilduma aski osatua zuen.
Labegueriek beste inspirazio iturri bat izan zuen: bertsolaritza. Lerro hauek osatzeko EKE atarian argitaraturiko artikulua baliatu du KAZETAk. Idatzi horretan Xalbador eta Mattin bertsolariaen artean agertzen da, argazki batean, Labeguerie.
Euskaltzaleen Biltzarreko presidentea zelarik, hainbat bertso saio antolatu zituen, besteak beste, punta-puntako bertsolari bi horiekin.
Tradizioa guziz irauli baino, Primaderaren liliak kantuaren egileak «errebolta lasaia» garatu zuela adierazi dute bere kantugintza aztertu duten hainbat adituk. Berritzaile izan zela aldarrikatzeko arrazoiak ez dira falta, besteak beste, kantagintza politikoari hats berria eman baitzion uztariztarrak.
«Bere kantuak berritzaileak ziren, bai musikaren aldetik, diskoetan grabatuak zirelako, bai eta mezu abertzalea zutelako», laburbildu du Euskal Kultur Erakundeak Labegueriei eskainitako oharrean.
Xabier Itzainak eta Denis Labordek plazaraturiko azterketa lanak, alde batetık, eta Mintzoak.eus ataria, bestetik, euskal nazioaren ametsa biziarazteko ‘ereserki’ bat baino gehiago – «Gu gara Euzkadiko…» – sortu zituen Mixel Labeguerieren ibilbidean sakontzeko burulagun gisara hartu daitezke.
Xorieri kantuak mende batetik bestera dagoen distantzia «urtu» duen honetan, non eta Madrilgo telebista plato batean, Urtzen ahal da poemaren hitzak oroitaraztea ez da soberan.
Urtzen ahal da elur xuria
Artzamendiko kaskuan.
Elur berria eroriko da
berriz datorren neguan.
Hiltzen ahal da uhain arina
itsas-plaia bazterrean.
Uhain berria beti sortzen da
suntsi denaren atzean.