Aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa 8 herritan jokatuko da

Aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa 8 herritan jokatuko da –

Aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa 8 herritan jokatuko da

2025ekoa Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 48. edizioa izango da. 30 bertsolarik eman dute izena, eta behin sailkapen saioak igarota, 24 izango dira parte hartuko dutenak.

Lehen fasean lau saio izango dira: Auritzen, Mutiloan, Iruritan eta Urantzian (Los Arcos). Saio horietan kantatzen dutenetatik 18k egingo dute aurrera, finalaurrekoetara. Fase horretan hiru saio izango dira (Agoitzen, Leitzan eta Tafallan) eta horietako zortzi bertsolari izango dira finalera sailkatzen direnak.

Guztira, zortzi saio izango ditu txapelketak, beste horrenbeste udalerritan: “Nafarroako Bertsozale Elkarteak bere egitasmoa eta bertsolaritza Nafarroako lurralde osora hedatzeko apustuan urrats berri bat emango du aurtengo txapelketarekin”, adierazi dute antolatzialeek.

Urriak 4, Auritz – Auritzeko Kultur Etxea
Urriak 11, Mutiloa – Arangurengo Kultur Etxea
Urriak 18, Irurita – Gizarte Bilgunea
Urriak 26, Los Arcos – Kultur Etxea
Azaroak 1, Agoitz – Agoitzeko Kultur Etxea
Azaroak 8, Leitza – Leitzako Herri Aretoa
Azaroak 16, Tafalla – Tafallako Kulturgunea
Azaroak 29, Iruñea – Nafarroa Arena

Finala Nafarroa Arenan izango da lehendabiko aldiz, eta antolatzaileen hitzetan “bertsolaritza Nafarroan izaten ari den gorakadaren ondorioz, saltoa egitea erabaki dugu. Gainera, urtez urte txapelketak kalitate hobea eskaintzen du eta geroz eta ikusle gehiago hurbiltzen da. Horregatik emango dugu urrats kualitatibo eta kuantitatibo hau”.

Beti bezala, zortzi finalisten artean puntuaziorik altuena lortzen duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute, eta hortik aterako da txapelduna.

Txapelketan lehen aldiz parte hartuko duen bertsolari bat izango da, Kattin Madariaga; eta noski, oholtza horretan esperientzia luzea daukatenak ere, tartean txapeldun izandako hiru: Julen Zelaieta, Julio Soto eta Saioa Alkaiza.

Aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa 8 herritan jokatuko da