Xabat Illarregi
Xabat Illarregi

2025-08-06

Norberak espero ez duenean

Norberak espero ez duenean –

Norberak espero ez duenean

Beti esan izan da bertsolaritzaren magia bat-batekotasunean datzala. Bertso idatziak ere bertsolaritzaren oinarri garrantzitsua izan dira beti, baina bertsolaritza inprobisaziorik ezean ez litzateke gaur egun dena, ez litzateke ezer.

Bat-batean sortzeak ez du esan nahi bertsolariak hutsetik sortzen dituenik bertsoak, oinarririk ez duenik. Bertsolari bakoitzak ikasketa prozesu luzea du atzetik. Bertsotan egiten ikasten du, bertsoaren teknika oinarrizkoena barneratzen du eta doinuak eta oinak lantzen ditu. Ez dut esango oinak orri batean idatzi eta Europako hiriburuak bailiran buruz ikasten dituenik baina eginaren eginez eta bilatzearen bitartez, oin zerrenda luzeak dauzka buruan. Gainera, gai ezberdinen inguruan iritzi bat edukitzen edo zerbait esaten asmatzen du istorioak sortzen aritzeaz gain. Hau dena bertsolariak bat-batean bertsotan egiteko behar duen oinarri bat besterik ez da. Honekin ez dut esan nahi bertsoa ez denik inprobisatua edo lan birziklatua denik. Esan nahi dudana da, oinarri batetik abiatzen dela ondoren sortzen duena sortzeko.

Baina zer gertatzen da jendaurrean? Harrigarria da bertso saioetan askotan sentitu izan dudana, izan txapelketan edo izan plazan. Inoiz bururatu gabeko oinak, ideiak, txisteak edo erreferentziak etorri izan zaizkit (nigatik hitz egingo dut badaezpada baina denoi gertatu zaigula uste dut). Ez dakit jendaurrekoak dakarren tentsio eta kontzentrazio extraren ondorio den edo zer den, baina halako magia bat gertatzen da estuen zauden uneetatik ere ateratzen laguntzen dizuna. “Hau nondik atera zait? Nondik etorri zait oin hori?” Ongi atera izanaren sentsazioa baino bereziagoa da horrelakoetan sentitzen dena.

Inork pentsatuko du: “Joe, zeinen onak eta bereziak diren bertsolariak, bai bizkorrak!” Ba, ez. Beste aldera ere askotan gertatzen da. Zer esan ez dakidala askotan geratu naiz, oinik gabe ere bai… isilik ez dakit baina bertso txarrak botata askotan eta askotan. Hor pentsatzen duzuna ondorengoa da: “Hainbeste aldiz erabili errima hori eta oinik ez zait bururatu? Erraza da eta!” Txanpon beraren bi aldeak.

Norberak espero ez duenean