June Aiestaran
June Aiestaran

2025-08-12

Galdu ala joaten utzi

Galdu ala joaten utzi –

Galdu ala joaten utzi
Arg: Beyza Kaplan

Estaziora heltzearekin batera eman didate trenaren ateek abisua: pi-pi-pi! Bagoaz; pi-pi-pi! Igo, azkar!; pi-pi-pi! Azken abisua; pi-pi-pi!… Hirugarren pi-pi-pi-an ohartu naiz barruan nengokeela pausoa azkartu banu, baina ez naiz ausartu.

Lotsa ematen dit trenera sartzeko jendaurrean korrika egiteak; lotsa ematen dit jendaurrean korrika egin, trenera sartzea lortu eta pausoa gelditzearekin batera zein aurpegi jarri ez jakiteak; are lotsa handiagoa ematen dit treneraino jendaurrean korrika egin eta ateak nire mutur parean ixteak, pi-pi-pi! Beranduegi! esan ondoren. Horregatik, erdi berandu noala baldin badakit, nahiago izaten dut trenari joaten utzi eta inportako ez balit bezala jokatu. Trenaren atzetik korrikarik egiten ez baduzu, ez dirudielako ezer galdu duzunik; zu gabe joaten utzi diozu, besterik ez.

Bertsotan ere antzeko zerbait gertatzen delakoan nago. Edozein txapelketaren, sariketaren edo irabazi ala galdu litekeen dena delakoaren aurretik gure helburuez edo lortu nahi genukeenaz galde egiten badigute, segundo erdi bat hartzen dugu lehenik, barren-barrenetik burura etorri zaigun nahi horri ahorako bidean hesi sendo bat jarri eta zer esango dugun pentsatzeko. “Ez dut helburu jakinik”. “Jolastu eta gozatu egin nahiko nuke”. Horrelako zerbait esaten dugu azkenean.

Esatera ausartuko nintzateke lotsa ematen digula gure helburuak ahoz gora onartzeak, lortu ahal ez izatearen beldurrez. Bai baitirudi lortu nahi genukeena ez lortu izana dela galtzearen definizioa; helburutzat ez geneukana ez lortu izana, ordea, ez.

Horregatik, nahiago izaten dugu helburu jakinik ez dugula esatea, ezer galtzearen beldurrez. Galtzeak berak baino gehiago, jendaurrean galtzeak ematen baitigu beldurra; jendea begira dugula karamelura eskua luzatu eta esku hutsik geratzeak ematen lotsa; jendearen pena aurpegi eta gupida hitzek, amorrua.

Koadernotik estazioko panelera mudatu dut begirada. Badator hurrengo trena.

Galdu ala joaten utzi