Julen Zelaieta
Julen Zelaieta

2025-08-18

Denboraz

Denboraz –

Denboraz
Arg: pixnio

 

“Berandutarrak gera gu;

ezin ibili orduan.

Ordu erdiko okerrez

ibiltzen gara munduan (ber)

bertsolarien moduan”

 

Hala zioen, duela hogeitamar bat urte Lourdes eta Aitor Alkorta anai-arrebek plazaraturiko  “Berandutarrak” trikiti-piezako lehen ahapaldiak.

Ez dakit orain dela hogeita hamar urte bertsolariak nola ibiliko ote ziren saioetara joateko, baina aditua dut bere garaian, Basarri, Uztapide, Xalbador, Mattin eta konpainia, saioa arratsaldean baldin bazen, goizerako herrian zirela. Imajinatzen dut, bertako jendearekin egon eta herriko kontuak jakitea izanen zela garaiz ibiltzearen helburuetako bat, gero, saioa librean baldin bazen, zer kantatua izateko.

Gaur egun ez dago zertan hain goiz joaterik. Herriko kontuen berri izateko aski da, abiatu antzinetik, tokian tokiko hedabideetako webguneetan sartzea, azken aldian bertan ze pasatu den, ze gai dagoen pil-pilean eta antzinera begira zer dagoen begi-bistan jakiteko. Elizondon, Etxalarren, Donamarian, Saran edo Senperen kantatu behar duenak, aski du erran.eus atarian sartzea. Hernanin edo Goizuetan saioa duenak kronika.eusen topatuko du gertatu denaren informazio guztia eta Laudion edo Urduñan saioa duenak aiaraldea.eusen. Eta bertako informazioarekin aski ez duenak, lasai… beti geldituko zaizkigu Google eta Wikipedia.

Izanen da saioetara denboraz juxtu edo berandu ailegatzen denik. Hedabide honen azken alean, Estitxu Arozenak Nafarroako final bati egiten dio aipu: finala hastear zela, bertsolari bat agertzen ez zela eta pasatako estuasunei zehazki. Hura gaizki ulertu bat izan zen. Artean, finalak igandez jokatzen ziren eta bezperan martxoko ordu aldaketa tokatu zen. Bertsolariari ordua aldatzea ahantzi zitzaion eta hala, igandean, gainerakoak 17:00tan bizi ginenean, hura orainik 16:00tan bizi zen. Orain erloju gehienek automatikoki aldatzen dituzte orduak baina orduan eskuz egin behar izaten zen. Gaur egun ere, mugikorrarekin errez kontaktatzen da jendearekin, baina orduan, ez genuen mugikorrarekiko halako dependentziarik eta deika saiatu arren, bertsolariaren bizi-seinalerik ez zen. Zorionez, agertu zen eta orduko estuasun hura anekdota hutsean gelditu zen.

Erran dudan gisan, gaur egun izanen da saiora antolatzaileak errandako orduan, edo 5 minutu beranduago iritsiko denik, bai eta ordubete lehenago ere bertan izanen denik ere. Nik azken zaku hortan sartuko nuke nere burua.

Bertzela ere lekuetara goizegi ailegatzen naizen horietakoa naiz. Batzuetan, gehiegi. Hegazkinean ibili naizen aldi guti horietan, aireportura hiru ordu lehenago ailegatu izan naiz, gomendioa 2 ordu lehenago joatea izanik ere. Errealeko partiduren batera joan izan naizenean ere, Anoetako ateak ordubete lehenago ireki arren, ez dakit, Zorroagako aparkalekuak betetzeko beldurrez, badaezpada ere 2 ordu lehenago hantxe. Iruñean Nafarroako elkarteko zuzendaritzako bilera 18:00tan dela? Nere lasaitasunerako etxetik 16:00tan abiatu, 17:15tarako Arga Ostatuan naiz, denbora egiteko kafe bat hartzen….eta horrela bizitzako arlo guztietan. Erran dizuet lehen: gehiegi.

Harritzen naizena da, berez, hilaren 10.egunerako entregatu behar izaten dudan artikulu hau, Abuztuaren 10eko 23:55etan idazten ari izana.

Sumatu da, ez? Hurrengoan denboraz hasiko naiz.

Denboraz  Denboraz