[Kanpotik] Amesgaizto bat

Pilar Kaltzada-(r)en argazkia Pilar Kaltzada 2025-09-03

Amesgaizto bat –

Jendearen aurrean nago, ez dakit nola iritsi naizen bertara. Oholtzaren erdian, pauso bat aurrera egin dut. Neu naiz, baina ez dut nire burua ezagutzen: beste norbait behar du hor goian zertan ari den ez dakien arrotzak. Ez, ni neu naiz, nire azalean sentitzen baitut formarik ez duen publikoaren begirada likatsua. Argiek itsutu egiten naute, baina begi horiek zeharkatu egiten dute argizko harresia, porlanezkoa balitz ere, pitzatu egingo luketela ziur naiz. Isiltasuna erabatekoa da baina ez naiz jabetzen, burua leherrarazten didan barne-zaratotsa besterik ez baitut aditzen. Segundoak minutu bilakatuz doaz: ni kantatzen hasi zain dago publikoa, baina ezin dut, ez dakit zer esan, ez baitaukat ez hitzik ezta hizkuntzarik ere. Nire burua hutsik dago eta eztarria lehortu egin da. Ainuri bat, garraixi handi, erraldoi bat eskaintzeko gai besterik ez naiz.

Amesgaizto bat
Arg: Save The Children

Amesgaizto bat, horixe da bertsolaritzari buruz pentsatzen jartzen naizenean berehala datorkidan hondar-irudia, urteetan behin eta berriro asaldatu egin nauena, obsesio bihurtzeraino. Edonori gerta dakioke jendaurrean edo egoerak hitz egitea eskatzen duenean hitzik gabe geratuko denaren beldur hori, baina ez zen hori izutzen ninduena. Hitzik gabe baino, hizkuntzarik gabe geratzea zen ikara sortzen zidana.

Ez omen da nik uste nuen bezain sentsazio arraroa eta, itxura denez, maiz gertatzen zaie hizkuntza bat ikasi dutenei. Obsesioa zen garaia aspaldi pasatu bada ere, gaur da eguna non bertso saio txikietan baino ez naizen eroso sentitzen, disfrutatzeko moduan. Jendetza elkartzen denetara behin bakarrik joan naiz, BECen jokatu zen Euskal Herriko Txapelketako lehen finalera, hain justu. Zaleek sarrerak erosten dituzte eta lagunekin planak egiten dituzte Barakaldora edo Iruñera joateko eta ni, berriz, etxean geratzen naiz, telebistaren aurrean iltzatuta, plazer masokistaz gozatzen.

Hizkuntza ohiko bidetik jaso duenak —sehaskan, etxean edo eskolan— eskubidea omen du hizkuntza berea dela esan eta sentitzeko, eta nahi duena egin dezake berezkoa zaionarekin: erabili dezake edo ez, zuzen erabili dezake edo hizkuntza mordoiloa hauta dezake, horixe baita jabe izatearen pribilegioa. Ni, ordea, bidezidor batetik iritsi nintzen euskararen mundura, eta euskararen etxean errentan bizi nintzelakoan, urteetan pentsatu izan dut gerta zitekeela goiz batean buzoian aurkitzea etxegabetze-agindua.  

Nire euskalduntasuna askotariko gabezien gainean sortuz joan da denboran zehar, harea bizitan eraiki dut nire etxea, ziurtasunik batere gabe. Euskaltegi batera joan nintzen nire kasa osatutako ikaspen-otzara hustu eta antolatzen lagun ziezadaten. Azkoitiko familiarekin ikasitako berbak nola zuzen josi ez nekien, Zumaiako haurrekin egindako kantak noiz eta nola kantatu bezala. Bernardo Atxagaren olerki liburuetan azpimarratutako hitzak nola ordenatu behar dira maila poetikorik ez duen elkarrizketa batean? Non eta nola erabil daitezke Ruper Ordorika entzunez ikasitako esaldi horiek?

Hizkuntza bat ikasi duenak edo, hobeto esanda, denborarekin berea bihurtu den hizkuntza bat ikasi duela dakienak ulertuko du zertaz ari naizen. Dena galtzeko beldur zentzugabea —bai, bidegabea— baina aldi berean tematia. Bat-batean eta aldez aurretik abisatu gabe, mutu geratzea, hitzik gabe baino, hizkuntzarik gabe. Goiz batean esnatu eta zeure burua ulertzeko gauza ez izatea, euskaraz pentsatzeraino iritsi baitzara, eta, beraz, barruan entzuten duzun hori zeharo arrotza gertatzen zaizu. 

Beldurrak eta konplexuak inkontzientearen lapikoan egosi egiten dira, su eztian.

 

HIRUTASUN SAKRATUA

Bertsolaritza ez da hitzen jolasa, ezta errimen eta neurriaren matematikara mugatutako diziplina analitikoa ere. Bertsolaritza ariketa akigarria da hizkuntzaz jabetu nahi duen edonorentzat, hizkuntzaren beraren mugak behin eta berriz gainditzea eskatzen duelako, pentsamendua kitzikatuz, ideiak harilkatu eta sintesi bizkor eta neurrikoa eskaini ahal izateko. Bertsolariak sufritu egiten du gozatzen duen bezainbeste.

Bertsolaritza ez da scrable partida bat, irabazi edo galdu egiten dena zoriak letra-aukera egokiak eman dizkizulako. Lehen begiratuan, bakarkako jarduna dirudi, nork bere buruarekin adostu beharreko barne-jario amaigabea. Baina bertsolariek elkarrizketa behar dute beren burua elikatzeko, kantukideekin, gai-jartzailearekin eta entzuleekin (baita telebistaren beste aldean ari diren ni bezalakoekin). Testuinguruak baldintzatzen ditu bertsolariaren hautuak eta interpretazioak, eta, era berean, bertsolariak testuinguru horri itzultzen dio modu berri batez aztertua eta adierazia. Bakarka jokatzen bada ere, bertsolaritzak bere hizkuntza komunitatearen memoria kolektiboa eta mundua ulertzeko moduak ditu lehengai; ez da testuingururik gabe existitzen, eta, aldi berean, testuinguruari esker baino ezin da ulertu.

Bertsolaria ez da soilik hitza eta inprobisazioa. Pentsalaria da, kronista da, hizkuntzaren edertasunarekin liluratuta ere, lilurarekin konformatzen ez den kronista da. Hizkuntza tresna bat da, baina erresistentziarako ariketa etengabean dihardu, esangura errima eta neurrira moldatuta, hautatutako formak irentsi ez dezan kanpora atera nahi duen bere egia.

Hizkuntzaren berrikuntzarako laborategia da bertsolaritza. Bere forma aldaezinetan idatzizko diskurtsoan sendotzen da hizkuntza, baina etengabe berrasmatzen ari da ahozkotasunean. Bere funtzioa ez da soilik artistikoa edo estetikoa, hitz egiten ez denaz hitz egiteko eta pentsatzeko moldeak eskaintzen ditu, edo eskain ditzake, esan nahi den hori esateko modu berriak sortuz.

Bertsolaritza pertsona, hitza eta hizkuntza da, aldi berean: Euskal Kulturaren Hirutasun Sakratua. Nola ez da ba amesgaiztoa izango?

Amesgaizto bat  Amesgaizto bat  Amesgaizto bat  Amesgaizto bat