GBT24ko gaien azterketa bat

GBT24ko gaien azterketa bat –
2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa (GBT24) amaitu berri den honetan, txapelketaren sukaldeko lana amaitu eta sua itzali bai, baina eltzea oraindik bero dagoen honetan, gai-jartzaileok egin dugun lana aztertzera dator artikulu hau[1]. Ane Ezenarro eta biok izan gara gai-jartzaile taldearen koordinatzaileak, beste 13 gai-jartzailerekin osatu dugu gai-jartzaile taldea; 15 lagun, bakoitza bere etxekoa, bakoitzak bere usteak eta sinesmenak, baina denok ala denok ere gizarte bereko kide. Udaberrian, Gipuzkoa Bertsotanen, 151 gai jarri genituen; udazkenean, GBT24an, 250. Guztira 400 gai pasatxo.
Artikulu honetarako GBT24ko 250 gai horiek aztertu dira. Kategoriaka sailkatu dira, eta gai bakoitzaren atzean dauden kategoriak zerrendatu dira. Gai horiek zer diote gai-jartzaile taldeaz? Zer diote 2024ko bertsolaritzaz? Zein gai oholtzaratzea erabaki dugu gai-jartzaile taldean? Zein izan da gai bakoitzari eman diogun trataera? Zein gaitan jarri ditugu bertsolariak posizio beretik kantuan? Zein gaitan jarri ditugu talkan? Zein gairekin egin dugu umorea? Eta zeinekin ez gara ausartu; edo, sikiera, ez dugu egin?
Gaien kopurua handia da, eta ez dago gai horiek sailkatzeko modu bakarra. Azterketa honetarako, azkenean, eta ez zalantza gutxirekin, honako modu honetan sailkatzea erabaki da: ariketaka egin da gaien nolakotasunen multzokatzea, faseka beharrean. Horrek gai-tipologiaka sailkatzea erraztu du, aurreko paragrafoan egin diren galdera horien harira hain zuzen; baina badu bere ifrentzua ere: final zortzirenetako eta finaleko gaiek ez baitute ikusgarritasun bera txapelketan, eta hemen pisu berbera eman zaie.
Sei multzo bereizi dira: zortziko handia, sei puntuko motza eta hamarreko txikia multzo berean sartu ditugu, hirugarren multzoa zortziko txikiko gaiekin osatu da, kopletako eta puntutako ariketak laugarren multzo batean, bakarkakoek beste aparteko atala izan dute, eta, azkenik, puntu-erantzunak.
Multzo bakoitzean bi taula osatu dira: batetik, bertsolarien arteko harremana edo lotura aztertu da, hau da, bikote ote diren, lankideak, lagunak, gurasoak, ezezagunak… haien arteko lotura-harremana zein den; beti ez bada ere, gehien-gehienean gaiaren lehen esaldian kokatzen da bertsolarien harreman hori. Artikuluaren egilearentzat lehen atal hau ez da hain garrantzitsua, ez behintzat bigarren taulak duen garrantziarekin alderatuz gero; baina lehen taula horrek ere adierazten du gai-jartzaile taldeak gizartean ikusten dituen harremanak, eta gai-jartzaile taldearen lanari buruzko iritziak eman izan direnean gai hau ere aipatu izan denez, erradiografia bat egin nahi izan da.
Bigarren taula, eta egilearentzat interesgarriena, gai bakoitzaren atzean dauden kategoriak aztertzea izan da. Aitortu behar da ez dela erraza izan gai bakoitzak atzean dituen kategoriak aztertzea. Esan dezadan orain: ziur naiz beste pertsona batek azterketa hau eginez gero ez dela emaitza bera aterako. Nire begiak gauza batzuk normaltzat joko ditu, eta beste begiren batek kategoriatzat izendatuko duen hori nik ez dut kategoriatzat ikusiko. Saiatu naiz gai-jartzaile taldean aipatu genituen argumentuak gogoratzen, eta gai bakoitzaren atzean dauden kategoriak ahalik eta modurik objektiboenean aztertzen. Gai baten atzean egon daitezkeen gaiak ez dira bertsolariek txapelketan kantatu dituzten bertsoetako ideietara mugatzen, hortik haragokoak dira edo izan daitezke. Bertsolariek kantatu dituztenak baino kategoria edo helduleku gehiago izan ohi ditu gai batek, ezinezkoa delako sei bertsotan helduleku guztiak baliatzea.
Nolabait esateko, azterketa kualitatiboaren eta kuantitatiboaren arteko nahasketa bat egin nahi izan da. Batetik, ariketaka, gai guztiak zerrendatu dira, gai bakoitza lerro bat, eta gaiak irakurtzen eta aztertzen joan ahala zutabeka kategoriak izendatzen joan naiz. Gai batek eskaintzen dituen ideiak, heldulekuak edo kategoriak zutabeetan zerrendatzen joan naiz. Gai guztien kategoriak atera ostean, hainbat bider errepasatu da gaien zerrenda, eta kategoriak gehitzea eta kentzea izan da errepaso horren helburua; bereizitako kategoria batzuk elkartzea, errepikatutako ideiak detektatzea eta abar. Hori da tauletan agertzen dena. Beraz, gaiak kualitatiboki aztertuz atzean dauden kategoriak atera ostean, kategoria horiek kuantitatiboki ematen dizkiguten emaitzak daude: gai bat erabat umorean erabili izana, bestea beti posizio beretik tratatzea, gairen batzuen absentzia, eta besteen etengabeko errepikatzea[2].
Gehiago luzatu gabe, sarrera amaitutzat eman, eta has gaitezen gaiak aztertzen:
8KO HANDIA
Zortziko handian 50 gai jarri dira, eta gai guztiek antzeko formulazioa izan dute. Bi bertsolariak rol berean kokatu dira, hau da, biak dira gurasoak, ikasleak, langileak edo senideak; eta egoera baten aurrean batek iritzi bat du eta besteak beste bat. Beraz, beti rol beretik jarri ditugu, eta talkan. Adibidez: “Adiskideak zarete, eta jubilatuta zaudete biok. Biloba txikiak dauzkazue. Zuk, Andoni, haiek zaintzen pasatzen duzu eguna. Anerrek ez”.
Fase guztietan zortziko handiarekin ekin zaio saioari, beraz, bertso saio guztiak ariketa honekin hasi dira. Final zortzirenetan 21 gai oholtzaratu dira, final laurdenetan 15, finalerdietan bederatzi, eta finalean bost[3]; guztira, 50.
Bertsolariak zein roletan jarri ditugu?[4]
Lankideen paperean jarri ditugu gaien erdietan, herenean bikotea izan dira, eta sei gaitatik batean gurasoak izan dira —izan daitezke bikotea ere, edo ez—. 50 gaietatik lautan lagunak izan dira bertsolariak, bi kasutan senideak, eta gainerako rolak behin agertu dira.
Lanak, lantokiak eta lankideen arteko harremanak pisu handia izan dute, beraz, bertso saioen hasierako ariketan; nahiz eta lanbideen artean ezberdintasun handiak egon. Ez da gauza bera erlezainak izatea, irakasleak izatea eta gidariak izatea; kategoria horiek, ordea, bigarren taulan agertzen dira.
Lanaren ostean familiako kontuek izan dute pisua: bikotea, gurasoak, senideak… eta laguntasunak eta bestelako rolek oso presentzia txikia izan dute zortziko handiko gaietan.
Zortziko handiko gaietan bertsolariei esleitu dizkiegun rolen aipamen txiki hau egin ostean, aztertu ditzagun gai bakoitzean agertu diren elementuak edo kategoriak:
50 gaietatik 16tan egon da gizartearen bilakaerari kantatzeko aukera, hau da, aurreko hamarkadetatik gaur egungorako aldaketa horren zantzuak agertu dira gaian bertan, edo aukera zegoen horretaz kantatzeko; 11 gaitan prekarietateaz edo lan baldintzez kantatu zitekeen; eta, azken horrekiko ildoari jarraituz, beste hainbeste gaitan agertu da ekonomia[5]. 14 gaik atzean izan dute gizakiak erosotasunera jotzeko duen joera hori, eta 12tan gizartearekiko dugun ardura agertu da; bi horiek eskuz esku joan daitezke zenbait gaitan. Horrekin lotuta joan daiteke, baina ez du zertan, 10 gaitan familia harremanak egon dira, 9tan heziketa edo hezkuntza, beste 9tan zaintzaz kantatu zitekeen, eta 9tan lan egiteko modu ezberdinak edo jarrera ezberdintasuna izan da kategorietako bat.
Ez da kontua hemen taulan agertzen dena errepikatzea. Taula sinplifika liteke, laburrago egin, kategoria gutxiago izendatu, eta kategoria bakoitzean gaien kantitate handiagoa sartu; baina saiatu naiz gaiak burura ekartzen zizkidan kategoriak islatzen, nahiz eta gai bakarrean agertzen diren kategoriak besteetara batzeko ahalegina ere egin den. Hor ditu irakurleak taulan bertan, xeheago aztertu nahi baditu.
Ez dugu taularen errepaso xehea egingo, baina lotura batzuk egiteko lizentzia hartu da datozen lerroetan. Aurreko taulan nabarmen agertu da lanak gaietan izan duen presentzia, eta atzeko kategorietan ere nabari da hori: prekarietatea eta lan baldintzak, 11; ekonomia, 11; lan egiteko modu ezberdinak, 9; pribatizazioa, 4; autonomoak, 4; langabezia, 3; lehen sektorea, 2.
Familiak ere garrantzia izan du: familia harremanak, 10; heziketa eta hezkuntza, 9; zaintza[6], 9; gurasotasuna, 6; familia presioa, 4; gurasoek eredu izan beharra, 3; bizilekua, 3; etxeko kontuak 3.
Gizarte aldakorra ere sarritan aipatu da: gizartearen bilakaera, 16; belaunaldiartekotasuna, 6; teknologia, 4. Atal honetan kategoria gehiago ere sar daitezke, eta zabal xamar utziz gero, litekeena da kategoriarik nagusiena izatea. Halere, gaiak banaka irakurriz gero, esaterako, erosotasuna kategoriapean jarri diren zenbait gai esparru honetan kokatu daitezke, baina beste hainbat gai duela zenbait hamarkadatatik datozen erosotasunaz ari dira.
Laguntasunak, aisialdiak eta denbora libreak ere izan dute tartea, txikiagoa bada ere; baita gizartearekiko ardurak eta egiten dugun horrek daukan eraginak ere.
Aipatu den bezala, lanak, gizartearen bilakaerak —hemen azpi-gai asko daude, eta batzuk gehiagotan agertu dira, eta besteak askoz gutxiago—, familiak eta laguntasunak, zein aisialdiak presentzia izan dute. Indibidualizazio bilakaerak, ingurumenaren zaintzak, teknologiak duen eraginak, eredugarri izateko presioak… ere izan dute tartea.
Zortziko handian, ordea, ondorengo atalean —hamarreko txikian eta sei puntuko motzean— gertatzen ez den gauza bat gertatzen da: bertsolariei iritzia ere eman egiten zaie. Sarritan gertatzen da bertsolariak bere printzipioen aurka kantatu beharra. Beraz, ariketa honek gai-jartzaileontzat sortzen duen zailtasuna bada hori: gizartearentzako eta bertsolariarentzako gai esanguratsuak ekarri nahi izaten dira, baina gai batzuekin nork bere printzipioen aurka kantatzea ez da erraza izaten. Horrek berak ekar dezake gairik mamitsuenak zortziko handian ez ateratzea.
HAMARREKO TXIKIA ETA SEI PUNTUKO MOTZA
Hamarreko txikian eta sei puntuko motzean 43 gai jarri dira: final zortzirenetan 21, final laurdenetan 15, finalerdietan hiru (ganbarako ariketa izan da), eta finalean lau. Ariketa hauek saioko bigarren, hirugarren edo laugarren ariketak izan dira, eta bertsolariak rol eta posizio beretik jarri dira gehienean, eta normalean egoera ematen zaie, kokalekua, baina ez zaie iritzia edo pentsatzen dutena zehazten. Halere, aurtengo txapelketan egon da salbuespen bat, final laurdenetako gaien formulazioa ezohikoa izan baita. Ez dira talkan jarri bertsolariak, baina binaka, bakoitzari pertsonaia bat eman zaio: “Guraso izan berria eta jubilatu berria; supermerkatuko bezeroa eta elikagai bankuko boluntarioa…” ez dago talka zuzenik, baina ez dira rol beretik ari. Analisia egiteko garaian bereiz hartzea ere aztertu da, baina, azkenean, guztiak batera lantzea erabaki da.
Atal honetako gaien adibide pare bat: 1) “Errepideko obretan egiten duzue lan; askotan, asteburuetan eta jendearen opor-garaian. Autobide bazterrean zaudete, furgoneta barruan. Igandea da, eta obra adierazten duten lehen seinaleak jartzen hasi behar duzue”, eta 2) “Bi politikari zarete. Zuen alderdiaren aurka egiteko, zuei buruzko gezurrak argitaratu dituzte hainbat hedabidek”.
Lehenik eta behin aztertu dezagun zein roletan jarri ditugun bertsolariak[7]:
LANKIDEA 18
LAGUNAK 7
HAURRAK 1
EZAGUNAK 5
TABERNARIA ETA TAXISTA 1
IRAKASLEA ETA GURASOA 1
SINDIKALISTA ETA LANGILEA 1
POLITIKARIA ETA ALORREKO
LANGILEA 1
HERRITARRA ETA ABOKATUA 1
LANGILEA ETA BEZEROA 4
BETERANOA ETA
HASIBERRIA 3
EZEZAGUNAK 3
IKASLEAK 2
BIKOTEA 1
PISUKIDEAK 1
GURASOAK 1
Berriro ere lana izan da rolik errepikatuena: 18 aldiz jarri ditugu lankideak, beste lautan langilea eta bezeroak, eta ezagunen 5 kasuetan ere lan esparruan kokatu ditugu, eta beteranoa eta hasiberria ere kasu batzuetan izan da laneko esparruko gaia; beraz, 43 kasuetatik 29tan lan esparruan kokatu ditugu bertsolariak [8]. Ondoren, askoz presentzia txikiagoarekin 7 gaitan lagunak izan dira bertsolariak, beste hirutan ezezagunak, beste bitan ikasleak eta bikote, pisukide eta guraso rolean behin jarri ditugu.
Jarraian, azter ditzagun gaiengan dauden kategoriak. Horrekin hasi aurretik, ordea, aipatu behar da finalerdietako sei puntuko motzeko ganbarako gaietako kategoriak ez direla gehitu, gaien nolakotasuna besteekiko oso ezberdina izan delako[9], beraz, 40 gairen kategoriak aztertu dira:
43 gaietatik ia 30etan lanari buruzko rolak esleitu zaizkiela esan berri da, bada, kategorietan ere hori islatu da: 40 gaietatik 12tan prekarietateari heltzeko aukera izan dute bertsolariek; horrekin lotuta, 8 kasutan hasiberrien rolean jarri ditugu, ez beti lan esparruan, baina bai batzuetan; 12tan lan baldintzei buruz kanta zezaketen; 12tan baliabide publikoak zertan erabiltzen diren; eta 6tan etekin ekonomikoa ateratzeko aukera. Ekonomia eta lan mundua oso presente egon da, beraz, paretik kantatzeko eskatu zaienean.
Zaintza 7 kasutan agertu da edo ager zitekeen, 5 kasutan euskararen gaia, lautan jubilazioa, autozaintza, gurasotasuna, irakaskuntza eta emaitzen gizartea.
Azterketa xeherik egin gabe, baina nabari da zenbait kategoriak presentzia handiagoa dutela gaiak formulatzeko atal honetan: baliabide publikoak zertan erabiltzen diren 12 aldiz agertu da, euskara 5 aldiz —zortziko handian behin—, etorkinak hiru aldiz —zortziko handian behin—; aniztasun funtzionala bi aldiz; segurtasun indarrak bi aldiz. Zortziko handiko formulazioan, hau da talkan proposatu ez diren gai batzuk posizio beretik kantatzeko garaian agertu dira.
8KO TXIKIA
Zortziko txikian 49 gai jarri ditugu: 21 izan dira final zortzirenetan, 15 final laurdenetan, finalerdietan 9 eta finalean lau. Saioko bigarren edo laugarren ariketa izan dira, eta finalerdietan izan da berezitasun bat: zortziko txikiko gaiak rolak izan dira.
Ez gai guztietan, baina salbuespenen bat kenduta, zortziko txikian ofizioa osatu duten bi bertsolariak edo rol ezberdinetan jarri ditugu, edo talkako egoera baten aurrean kokatu ditugu. Pare bat adibide: 1) “Zineman bata bestearen ondoan dauden bi ezezagun zarete. Antton bat-batean, Aneren eskua nabaritu duzu zure palomiten edo krispeten ontzian sartzen”; 2) “Maider Aitorren musika irakaslea izan zinen urteetan. Talde bat egin duela eta lehen kontzertura gonbidatu zaitu. Oso txarrak iruditu zaizkizu. Kontzertua amaitu da, eta Aitor ilusioz dator zugana”.
Hona hemen bi bertsolarien arteko harremana laburbiltzen duen taula:
Zortziko txikiko ia bi gaitatik baten kasuan lantokian kokatu ditugu bertsolariak, gehienetan langilearen era bezeroaren rolean. Hori nabarmenena finalerdietako rolen ariketa horretan izan da, izan ere, 9 gaietatik 8tan bietako bat langilea izan da, eta 6tan langile-bezero harremana egon da, eta bi kasutan ofizio ezberdineko bi langile izan dira[10]. Lan kontuekin jarraituz, beste lau gaitan lankideak izan dira bertsolariak.
Beraz, beste behin, lan mundua izan da kokaleku nagusia. Ondoren, 8 kasutan izan dira lagunak, 7tan ezezagunak, 6tan familiako belaunaldiak elkargurutzatu dira, hiru bikote izan dira, bi bizilagun eta bi ikaskide.
Jarraian, ikus ditzagun gaien atzean egon diren kategoriak. Halere, kategoriak ateratzeko garaian finalerdietako zortziko txikiak ez dira multzoan sartu, rol soilak emanda, atzeko gaiak edo kategoriak lausoagoak baitziren; edo bertsolariak gehiago sortu behar baitzuen. Beraz, 40 gairekin osatu da ondorengo taula:
Zortziko txikiko idatzi gabeko arauak dio gaiek umorerako bidea eman behar dutela, eta horregatik izango da, ezohiko egoerak, eta bataren erabakiak edo jarrerak bestearengan duen eragina izan dira gai gehienen atzean agertu diren kategoriak.
Gaien erdietan baino gehiagotan bertsolari baten jarrerak bestearengan eragina izan du, 40 gaietatik 25etan. Gaien erdietan ohikoa ez den eta bitxia gertatzen den egoera ezarri zaie bertsolariei. Beste 13tan baten jarrera aprobetxategiarena izan da, eta beste 13tan bietako bati txukunaren rola esleitu zaio eta besteari desastrearena. Kulturaren kategoria presente egon da zortziko txikiko bost gaietatik batean, 7tan familia kontuak egon dira atzean, eta beste 7tan etxeko kontuak, izan gremioa, izan bizilagunak. 6 kasutan antzeko roletan baina jarrera ezberdinak esleituta kantatu behar izan dute. Kategoria askoz gehiago daude taulan, hemen errepikatu ez direnak, irakurleak xehe aztertu nahiko balitu, taulan daude ikusgai.
Atzean egon diren gaiak edo kokalekuak askotarikoak izanagatik, umorerako gakoa, esan bezala, beti antzekoa izan da, ezustea edo espero gabeko egoera batean kokatzea; gehienetan lan eremuan, baina baita etxeko kontuetan edo bestelako egoeretan ere. Orain arte aztertutako beste ariketekin alderatuz, kulturaren presentzia handiagoa dela ikusten da. Zortziko handian apenas agertu dira kulturari buruzko gaiak, hamarreko txikian eta sei puntuko motzean gehiago, sortzaileen rolean-eta kantatu dutelako behin baino gehiagotan, baina zortziko txikian bost gaietatik baten kasuan kulturaren inguruan kokatu dira bertsolariak.
KOPLETAN ETA PUNTUTAN
Kopletako ariketak eta puntutako ariketak badituzte zenbait antzekotasun zortziko txikiko gaiekin, baina, aldi berean, gai-jartzaile taldean bereizi egiten dira bi ariketa horiek, zortziko txikitik.
Hiru ariketek izaten duten antzekotasun nagusia da umorera bideratutako gaiak direla. Ezberdintasuna, berriz, honakoa izan ohi da: zortziko txikian talkan jartzen ditugun bezala, kopletan eta puntutan egoera baten aurrean kokatzen ditugu, abiapuntu bat ematen zaie bertsolariei, baina ez zaie rol edo intentzio ezberdina markatzen. Nola kopletan, hala puntutan, bertsolariek tarte txikia daukate esan nahi duten hori esateko, eta, beraz, abiapuntu beretik jartzen ditugu, bertsoaldia elkarri lagunduz osa dezaten; eta ez zortziko txikian bezala, talkan jarriz, bata besteari erantzunez.
Hona hemen bakoitzeko adibide bana. Kopletako gai bat: “Berbena talde bateko musikariak zarete. Bukatzeko ordua iritsi da, baina ‘beste bat’ eta ‘beste bat’ ez dira isiltzen”; eta puntutan egiteko gaietako bat: “Lehengusuak zarete. Txikitan jolasean ibiltzen zineten aitona-amonen ganbara txukuntzen ari zarete”.
Final zortzirenetan kopletan kantatu behar izan dute bertsolariek, 21 gai sortu dira; eta finalerdietan puntutan aritu dira, eta horretarako 9 gai prestatu behar izan ditugu. 30 gai beraz, eta esanda bezala, guztiak umorerako zirrikitua izan dutenak, eta abiapuntu beretik. Final zortzirenetako kopletako ariketa saioko azken ariketa izan da[11]; finalerdietako puntutako ariketa, berriz, azken-aurrekoa izan da.
Hona hemen bertsolariek izan duten harremana:
Kasuen herenetan lagunak izan dira, beste herenetan lankideak, lau kasutan ahaideak, bi kasutan bikoteak, behin ezezagunak eta beste behin bizilagunak.
Berriro ere lan mundua izan da gehien errepikatu den kokalekua, kasu honetan laguntasunarekin berdinduta. Lankideen kasuan, berezitasun bat ere bada: 11 gai jarri dira, eta horietatik lautan gaueko lanak izan dira.
Azter dezagun jarraian ariketa hauetan zein kategoria nabarmendu diren:
30 gai horietatik herenean bertsolariak edo abilak ez diren zerbaitetan jarri ditugu, edo abilak ez direnei begira; behintzat, kantatu beharrekoa horretan zetzan. 8 kasutan, zenbait kasu abilak ez izatearekin lotutakoak, deskribapena eskatu zaie bertsolariei, ikusten dutena deskribatzea, besteez kantatzea. 7 kasutan kontsumo ohiturak; erosketak edo opariak izan dira kantagaiak; 6tan kultura agertu da, berriz ere bost gaitik batean. Eta kopuru txikiagoan, hiru gaitan atera da parranda, beste hirutan haurtzaroa edo jolas egitea, eta beste hirutan bezeroak. Hortik aurrera agertu diren kategoriak behin edo bitan agertu dira, eta askotariko gaiak izan dira.
BAKARKA
Bakarkako 40 gai jarri ditugu. Horietatik 14 final zortzirenetan, bost final laurdenetan, 18 finalerdietan eta hiru finalean. Halere, guztiak ez dira elkarrekin konparagarriak. Final zortzirenetako eta final laurdenetako gaiak irekiak izan dira, baita finaleko zortzi bertsolariei jarritako ganbarako bi gaiak ere. Hona hemen pare bat adibide: 1) “Jendearen harridurarako, zu jarri zaituzte zuzendari”, 2) “Beste begirada batekin begiratu diozu gaur”. Gai horiek elementu bat edo helduleku bat eskaini diete bertsolariei, baina ez da atzeko gairik egon, bertsolariak askatasun nahikotxo izan du nahi duen gaiari kantatu ahal izateko.
Hori horrela izanik eta artikulu honetan ariketa bakoitzeko bi taula osatzen ditugunez, lehen taulan, bertsolariek zein roletatik kantatu duten adierazten duen taulan, finalerdietako hemezortzi gaiak, eta finalean zortzi bertsolariei jarritako bi gaiak aztertu dira; hau da, ez dira aintzat hartu final zortzirenetako eta final laurdenetako gaiak. Aztertu diren gaien adibide bat: “Arropa-denda handi bateko langilea zara. Hamargarren aldiz tolestu duzu kamiseta-errenkada bera”.
Bakarkakoa osatzeko garaian bertsolariek izan dituzten rolak:
Bakarkakoetan ere lan munduan jarri ditugu bertsolariak kasuen erdietan, baina lan horiek ez dute zerikusirik izan elkarren artean, edo apenas izan dute[12]. Gizarte mugimenduko kideak eta politikariak ere agertu dira.
Eta ahaleginak eta bi egin arren, bakarkako gaietan dauden kategoriak ateratzeko ere ezin izan ditut final zortzirenetako eta laurdenetako kategoriak atera, gai zabalak izaki. Beraz, finalerdietako 18 gaiak eta buruz buruko gaia hartu dira aztertzeko, 19 guztira:
Bakarkakoetan indibidualizazioa gaien erdietan baino gehiagotan agertu da kategoria gisa, 11 kasutan; gizartearen bilakaera edo aldaketa 9tan, zaintza 7 gaitan, elitearen eta gizartearen arteko talka 7tan, ezberdina den pertsonari edo gizarteak gutxiagotutako begirada egiten dietenei buruzko gaiak 7 gaitan agertu dira, kontsumismoa 6tan eta prekarietatea 5 aldiz. Hortik aurrera ere gaietan beste hainbat kategoria egon dira, maiztasun txikiagoz atera direnak: arrazakeria, aniztasun funtzionala, euskal nazio identitatea, lan feminizatuak, polizia indarkeria, gizarte mugimenduen eta politikaren arteko harremana edo talka eta estresa, esaterako.
PUNTU-ERANTZUNAK
Ondorioetara iritsi aurretik, puntu-erantzunen atala dator jarraian. Aipatu egingo dira eta ez aztertu, izan ere, puntu-erantzunetan gaia zehatz ematen da Gipuzkoako azken txapelketetan. Puntu-erantzunak final laurdenetan izan dira, eta finalean. Final laurdenetan 30 puntu sorta prestatu behar izan ditugu, eta finalean 8, guztira 38. Bi faseetan saioen erdian kokatu da ariketa hau, hirugarren ariketa izan da.
Puntu-erantzunen ariketan bertsolariak tarte txikia izaten du esan nahi duen hori esateko, bai denboraz, baita espazioz ere: errima gai-jartzaileak ematen dio, bertsoa gai-jartzaileak hasten du, segundo oso gutxi daude, eta zortziko txikiko neurrian, hamahiru silabako beste hiru puntu osatu behar ditu. Beraz, bertsolariari gaia edo kategoria emanagatik ere, bertsolariak tarte oso txikia dauka esan nahi duen hori esateko, adierazi nahi duena entzuleari ulertarazteko. Horri gehitu behar zaio, gaia konkretua izanagatik ere, puntua abstraktu xamarra izan daitekeela, edo alderantziz. Hona hemen puntu-erantzunetako pare bat adibide:
1) Etxebizitza.
- Bizilekua beti/ ezin aukeratu
- Legeak esaten du/ eskubide dela
- Bi etxe dauzkan asko/ da gure artean
2) Txaponak.
- Umetan poltsikoan birekin gustura.
- Kafe bat ordaintzeko kreditu-txartela.
- Jada ez dugu txin-txin diruaren hotsa.
Beraz, ariketa honetan gaiak sailkatzeak informazio gutxi ematen du.
Hori dela eta, hona hemen 38 gaiak zerrendatuta, baina artikulu honetan ez da horri buruzko azterketarik egin:
ONDORIOAK
-
- BERTSOLARIEN ROLAK
Artikulu honek helburua ez da ondorio sakonak ateratzea, baizik eta atera diren kategorien inguruan irakurleak eta nahi duen orok bere irakurketa egitea. Artikuluaren hasieran ere aipatu da: gauza bat da, berez, gai batek atzean dituen kategoriak, eta beste kontu bat da gai hori nola aurkezten den, gaia irekita edo itxiago proposatzen ote zaion bertsolariari, elementuak txertatzen ote diren gaian edo soil uzten den… gai-jartzaileok jakitun gara bi gauza oso ezberdin direla, batetik, gaiak bere baitan izan ditzakeen kategoriak, eta gaia bera aurkezteko eta jartzeko izan dugun modua. Beraz, nahiz eta kategoria bakoitza zein ariketatan eta zein maiztasunekin landu zitekeen zenbaki bidez adierazi, horrek ez du esan nahi bertsolariari erraz utzi zaionik kategoria horri buruz esan nahi duena esatea.
Behin hori birgogoratu ostean, lehenik eta behin bertsolariek ofizioetan izan dituzten harremanen laburpen taula aurkeztuko dugu:
Bertsolarien arteko harremana 172 gaitan aztertu da, eta gaien %40k lanarekin izan du zerikusia; %27tan lankideak izan dira, eta %13tan langilearen eta bezeroaren arteko elkarrizketa eskatu zaie. Azken horiek, talkako gaietan baino ez dira jarri, hau da, hamarreko txikian eta seiko motzean.
Ondoren, familiarteko harremanak izan dira nagusi: gaien laurdenetan. Kasuen erdietan bikotea izan dira, eta ondoren izan dira gurasoak (izan daitezke bikote edo ez), senideak eta belaunaldiarteko senideak. Bikoteak, batez ere, zortziko handian jarri dira, hau da, egoera beraren aurrean jarrera edo pentsamendu ezberdina dutenen arteko argudioak eskatu direnean. Gisa berean, gurasoei buruzko gai guztiak ere ariketa horretan jarri dira.
Hirugarren harreman errepikatuena lagunen artekoa izan da, gaien %11n, eta, gaiak sakon aztertzen hasiz gero, ezagunen gairen batzuk, gazteenak eta abar ere sartu litezke hemen, baina harreman horiez askotariko irakurketak egin daitezkeenez, bereizita adieraztea erabaki da.
Laneko, familiako eta lagunarteko harremanez aparteko harreman gutxi agertu dira. Interesgarria izan daiteke lagunarteko harreman horiek eta apartekoak hobeto aztertzea, eta etorkizuneko txapelketetarako egon daitezkeen rol edo harreman horiez irakurketa xeheagoa egitea, eta aztertzea harreman mota gehiago egon ote daitezkeen eta horrek gaien formulazioa eta bertsolariek gaiari heltzeko duten aukera zabaldu ote litekeen.
- KATEGORIAK
Jarraian, azter ditzagun gaien atzeko kategoriak. Ariketa hau egiteko bereizi egin dira: batetik, zortziko handia, sei puntuko motza eta hamarreko txikia, eta bakarkakoak; eta, bestetik, berriz, zortziko txikiko, eta kopletako eta puntutako gaiak.
Biekin osatutako taulak eranskinetan daude.
-
- 8H – 6PM – 10T – BAKARKA
Zortziko handiko, sei puntuko motzeko, hamarreko txikiko eta bakarkako gaien artean 112 gai aztertu dira. Gaien atzean dauden kategorien artean gehien errepikatu denetariko bat prekarietatearena eta lan-baldintzena izan da, 35 gaitan, eta horrekin lotutako beste kategoria batzuk ere atera dira zenbaitetan: baliabide publikoak 12 aldiz, etekin ekonomikoa ateratzeko aukera 12 aldiz, ekonomia 11 aldiz eta indibidualizazioa ere 11 aldiz. Beraz, gaur egungo gizarteko egoera ekonomikoa, zenbait sektoreren zaurgarritasuna eta ekonomikoki gizarteak aspalditik hartuta daukan norabidea sarri izan da kanturako kategoria.
Horrekin oso estuki lotuta doa gizartearen bilakaera, 25 gaitan atera da; halere, bilakaera hau ez da ekonomikoa bakarrik. Horrekin lotuta aztertu daitezke erosotasunari buruzko zortziko handiko zenbait gai ere, 14 izan dira erosotasunari buruzkoak eta beste 12 gizartearekiko ardura dutenak; bi kategoria horiek beti ez, baina sarritan gai berean aurkitu dira. Gizartearen bilakaera beste kategoria askorekin gurutzatu da, hala nola heziketarekin, zaintzarekin, hedabideekin eta teknologiarekin, bizitzaren garestitzearekin, zein ekologiarekin.
Zaintza 23 aldiz agertu da, aurreko paragrafoko zenbait gairekin harremanetan: emaitzen gizartearekin eta estresarekin, baliabide publikoen gaiarekin, nerabeekin eta haurrekin, gurasotasunarekin, zein teknologiekin.
Gizartearen bilakaera horretan, gizarte presioa eta erakutsi beharra 11 aldiz agertu dira, prestigio soziala eta emaitzen gizartea 8 aldiz.
Familiaz ere dezentetan kantatu behar izan dute bertsolariek, 10 aldiz familia harremanak landu dira eta beti zortziko handian, gurasotasuna beste 10etan, eta familiarekin lotuta beste hainbat kategoria ere badaude maiztasun txikiagoz atera direnak: belaunaldiartekotasuna, familia presioa, gurasoek eredu izan beharra, etab.
Horiek maiz aipatu diren gaien inguruan esan beharrekoak[13]. Jarraian, aztertu da kategoria bakoitza zein ariketetan jarri zaien bertsolariei. Hau da, zortziko handian talka egoeran kantatu behar izan dute bertsolariek txapelketa guztian zehar, gainerakoetan posizio beretik edo bakarka aritu dira. Egon al da ezberdintasunik batean eta bestean jarri diren kategorien artean?
Erosotasuna 14 aldiz atera da, eta denak zortziko handian izan dira. Hori lotuta doa sarritan gizartearekiko ardurarekin, bertsolari batak erosotasunari kantatu behar izan diolako, besteak, berriz, gizartearekiko arduratsu jokatu beharrari. Horrelako gai dezente egon dira zortziko handian, eta gainerako ariketetan ez dira kategoria horiek errepikatu. Horrekin lotuta egongo da ziurrenik bidaiatzea kategoria. Zortziko handian atera da, ekologia ere bai nagusiki, eta teknologiari buruzkoak ere bai.
Familiari lotutako gai gehienak ere zortziko handian jarri dira, baita nerabeei buruzkoak eta belaunaldiartekotasunari buruzkoak ere. Gastu zehatz bat egin edo ez gaiak ere talkakoan jarri dira. Modu berean zortziko handian bakarrik atera dira: bakardadea, gurasoek eredu izan beharra, teknologia, bizilekua…
Gai horiek guztiak egunerokoan hartzen ditugun erabakien ingurukoak ere badira, hein batean. Bertsolarien eta bertsozaleen egunerokoarekin lotutako gaiak izan daitezke, eta badirudi gai-jartzaile taldeak egoki ikusi dituela talkarako; beharbada, erosoak izan daitezke posizio batetik zein bestetik kantatzeko.
Kontrara, badaude beste gai batzuk, apenas jarri direnak zortziko handian, eta, aldiz, bai pareko posizioetako ofizioetan, zein bakarka jarri direnak: baliabide publikoak zertan erabiltzen diren, etorkinen gaia, hizkuntzarekin lotutakoak, autozaintzari buruzkoak, segurtasun indarrei buruzkoak, zein eliteari eta gizarte xeheari buruzko gogoetak. Kategoria horietan bi bertsolariak norabide berean jarri dira kantuan, ez zaie esan batek posizio bat defendatu behar duela eta besteak bestea. Bertsoaren komunitateko jendearentzat ere ziurrenik gai delikatuagoak izango dira, eta gai-jartzaile taldeak kontuan izan du[14].
-
- 8T – KOPLAK – PUNTUTAN
Umorean kategoriak ateratzeko garaian 70 gai aztertu dira. Gehien errepikatu dena zortziko txikian, posizio ezberdinetatik baten jarrerak besteari zuzenean eragitea izan da, 25 gai izan baitira modu horretakoak; eta 13 alditan izan da bietako bat besteaz aprobetxatu izana.
Jarraian, abila ez izatearen edo ondo ez moldatzearen inguruan kantatu behar izan dute bertsolariek, 23 gaitan; eta sarri bilatu da espero ez den edo ohikoa ez den egoera bat, 22 alditan.
Gai zehatzetara joanez edo testuingurua kontuan hartzen badugu, kultura maiz atera da umoreko gaietan, 14 aldiz. Gaiak ezberdinak dira haien artean: antzekiko gela hankaz gora uztearena, berbera taldeari entzuleak “beste bat”ka aritzearena, zein musikako ikasle izandakoaren kontzertua entzun eta gustatu ez zaion irakaslearena. Xeheago aztertzekoa izan daiteke, halere, kulturari zein trataera ematen zaion gaietan.
Familia gatazkak 7 aldiz agertu da, baita etxeko kontuak eta gremioen lana ere, erosketak/opariak bezalaxe. Etxeko kontuek umorean lekua izaten dute, orokorrean. Eguneroko txikikeriak izan daitezkeenak, maniak eta ohitura kontrajarriak.
Parranda kontuak ere 7 aldiz jarri dira, jan kontuak 6 aldiz, eta taberna ere bai. Guztiak elkarrekin lotuta daude maiz, baina festa giroa sarri izan ohi da umorerako bide gai-jartzaileentzat.
AZKEN HITZAK
Behin ondorio gutxi batzuk atera ostean, zerbait gehiago esan beharra sentitzen dut. Lehena, artikulu honi hasieran egin dizkiodan galdera guztiak ez dira erantzun; nahiz eta baietz uste nuen. Uste nuena baino pista gutxiago ematen ditu, edo ez du guztia argitzen behintzat.
Bestetik, ikusten ari naiz egunerokoan gizartean presentzia duten gai batzuk gutxitan oholtzaratu ditugula. Zaintza kategoria gai askoren atzean egon da, lan feminizatuen gai pare bat jarri ditugu, tratu txarren gairen bat ere bai, baina, orokorrean, feminismoari eta, batez ere LGTBIari dagozkion kategoriak falta izan dira; edo, behintzat nik ateratako kategorien zenbatekoak hori dio[15].
Gai-jartzaile taldean behin baino gehiagotan zalantza batekin aurkitu gara: bertsolariak beraienak ez diren generoetan jarri behar al ditugu kantuan? Memoria ariketa txiki bat eginda, eta sarean arakatu gabe, jarraian bi adibide esan nahi dudana hobeto ulertzeko: 1. 2019ko Gipuzkoa Bertsotanen ganbarako lana binaka egin behar izan zuten, hamarreko txikian. Oroitzen dut nola nik aurkeztu nuen saio batean sei bertsolariak gizonezkoak ziren, eta honela zioen ganbarako gaiak: emakumez osatutako musika talde bateko kideak zarete. Musika jaialdi batetik deitu dizuete, esanaz kartela osatzeko emakume talde bat behar zutela eta zuekin gogoratu direla. 2. 2022ko Txapelketa Nagusiko beste gai bat ere etorri zait segituan burura: Talde bereko emakume kirolariak zarete. Babesle ekonomikoen presioagatik, zuen taldeak janzkera aldatzea erabaki du. Eneko, onartzeko prest zara. Patxik aldiz ez du begi onez ikusten.
Kasu horietan bertsolariek duten generoa izanda ere, biak emakumezkoen paperetik jarri genituen kantuan. Bada, aurtengo txapelketan hori ekidin egin da. Hautu kontziente bat izan da; ez da arau bat izan, baina aipatu den trazako gairen bat proposatu izan denean, zalantzak sortu dira. Igaro berri den txapelketan zalantza horien aurrean ez dugu urratsik eman. Ez dakit erabaki zuzena izan den, edo ez. Lehen ere egin dira honi buruzko gogoetak, eta uste dut datozen txapelketetarako erabaki hori ez duela gai-jartzaile taldeak bakarrik hartu behar. Ez dut uste horregatik bakarrik izan denik gaietan feminismoaren antzeko kategoria gutxi ageri izana, baina ziur nago horrek ere eragina izan duela.
Bestalde, oso deigarria zait lanari eta egoera ekonomikoari buruzko zenbat gai jarri ditugun. Gai kopuru handia, gai askok izan dituzte ekonomiarekin lotutako zenbait kategoria, baina horrek ez du esan nahi horri buruz kantatu nahi duen bertsolariak nahi duena esan ahal izan duenik, edo diskurtso guztiei lekua egiteko aukera utzi dugunik. Ikerketa honek ez ditu bertsolariak bere roletik kanturako izan zitzakeen begiradak kontuan hartu. Kategoriak aipatu dira, baina bertsolariak zehazki zein pertsonaiatik kantatu behar izan du? Zein norabide jarri diogu? Beraz, horixe argitzeko beharra ikusi dut: gai bat sarri atera izanak ez du esan nahi gai horri buruz esan daitekeen guztia esateko aukera utzi dugunik.
Txapelketak ezaugarri bat dauka: gaiak jartzen ditugu, baina ez dakigu zein bertsolariri tokatuko zaion gai bakoitza. Izan daiteke ingeniaria irakasle paperean jartzea, edo 18 urtekoak adinekoaren paperetik kantatu beharra. Eta hor, nahi edo ez, gai-jartzaile taldeak betiko ildoari jarraitzeko tentazioa izaten du. Aurreko txapelketetako gai estiloa errepikatzea da errazena. Taldean saiatu gara betikoan ez erortzen, baina zalantzak sortzen direnean ez da erraza urratsa ematea. Lanbideen analisi zehatza eginez gero, irakasleak ez dira lanbide aipatuena izatetik aparte izango, aldiz, beste lanbide batzuk ez ditugu inoiz oholtzaratzen, gai horri buruzko ezagutza txikiagoa delakoan. Horrek dakar irakaslea ez dena behartuta egotea irakasle izateko fikziozko ariketa egitera; eta, aldiz, egiazki irakasle denak, adibidez, ondare historikoari buruzko gogoetarik apenas egin izana; beti gai berdintsuak izatea txapelketetan jartzen ditugunak.
Artikulu honek, beraz, argazki bat atera dio txapelketari, bakarra eta begirada jakin batekin, nire begiradarekin[16]. Horrek ekarpen jakinen bat egingo duela pentsatzen dut, baina askoz informazio gehiago dago oraindik jakiteke. Interesgarria izango da antzeko beste artikuluen bidez, gaien nolakotasunari buruzko azterketak egitea, horrek gogoetarako oinarria emango digulako, eta ea hurrengo txapelketetarako balio izaten duen.
[1] Dei diezaiodan artikulu, eta ez ikerketa, serioski eta ahalik eta modurik objektiboenean egiten saiatu naizen arren, egin nahi nuena ondo egin ahal izateko denbora gehiago eskaini beharko bainiokeen. Halere, txapelketa eta gai-jartzaileon lana aztertu nahi duten beste zenbaitentzat oinarri bat ezartzeko balio lezakeela uste dut.
[2] Bestalde, eta lana amaitu ostean ohartu naiz, baina artikulua aurkezteko data gainean nuenez ez dit astirik eman: kategoriak ariketaka joan naiz izendatzen, gaiak irakurri ahala, eta errepasoak horren arabera egin dira, ariketa bereko gaien artean loturak bilatuz. Kontua izan da, ondorioetan, ariketa bateko eta besteko kategoriak gurutzatzen hasi naizenean ohartu naiz alderaketa hori ez dudala egin ariketen artean, eta, beraz, zortziko handian hainbat gairen atzean atera den kategoria ez dela atera besteetan, eta litekeena da zenbait gaik egiazki kategoria hori ere izatea. Kategoriak zerrendan ikustean elkarren arteko harremana nabari da kasu askotan. Irakurlearen zeregintzat utzi behar, beraz, kategorien artean loturak egitea.
[3] Finaleko berritasuna izan da lehen ariketa. Bertsolariei ez zaie zehaztu zein neurritan hasi behar zuten, baina gai horiek txapelketa osoko zortziko handien formulazioa izan dutenez, atal honetan sartu dira.
[4] Argitzea komeni da bi roletan batera egon daitezkeela bertsolariak: “Nerabe baten gurasoak zarete” esaten bazaie, gurasoak eta bikotea dira.
[5] Gai berean kategoria bat baino gehiago dagoenez, irakurleak ez beza ulertu prekarietatea kategoriatzat duten gaiak eta ekonomiakoak ezberdinak direnik; kasu batzuetan izango dira, baina ez beti.
[6] Beti ez da familiarekin lotzen, baina bai zenbaitetan.
[7] Aipatu dut final laurdenetako hamarreko txikiko gaiak ez direla ohikoak izan, ez dira adiskideak edo lankideak izan, harremana bihurriagoa izan da, eta, beraz, taulan xehetasun hori jaso da. Kasu batzuetan langilea eta bezeroa sinplifikatu da, edo beteranoa eta hasiberria, baina ezagunen kasuan, xeheago adierazi da.
[8] 43 gai izan dira, eta taulan 45 rol agertzen dira, horrek adierazten du bi gaitan bi rol esleitu zaizkiela.
[9] Gai-jartzaile taldeak bakarkako gaien antzeko ariketa egin nahi izan du. Lotura bat eman zaie bertsolariei, eta ondoren emozio edo egoera abstraktu bat; beraz, nolabait esatearren, kategoriez janztea eskatu zaie bertsolariei. Horregatik ez dira hemen aztertu.
[10] Dentista eta goxoki saltzailea esaterako.
[11] Aurtengo txapelketako berrikuntzetako bat izan da hori, bakarkakoarekin amaitu beharrean, kopletako ariketarekin amaitu dira final zortzirenetako saioak.
[12] Sektore feminizatuetako langileak, ikerlaria, kale garbitzailea…
[13] Irakurleak taulan dauzka gaietan atera diren beste dozenaka kategoria, irakurketa gehiago ere egin baitaitezke. Hemen nagusienak izan direnak baino ez dira aipatu, baina jakitun gara lotura gehiago ere egin daitezkeela.
[14] Gai honek askorako eman dezake, eta interesgarria izango litzateke norbaitek gehiago sakonduko balu.
[15] Izan daiteke gaien atzeko kategoria batzuk nik ikusi ez izana, baina ez da izan hori bakarrik.
[16] Ziur zuetako batzuk nire begirada definitzeko gai izango zaretela, baina nik ez dakit zein den nire begirada.