Hauen harriko bihotza –

Doinua: Prantxisku zer dakarrek (8 puntuko aldaera)
Ganibetaz ebaki
dio karotida
zuzenki joan dadin
nekropolira.
Noizbait uso zuriak
mokoan oliba
zerabilen unea
jin zait memorira.
Amets oro hilda
urrun joan dira,
orain genozida
handiak jolasteko
Monopolyra.
Lehenik gure etxeak
eraitsi zituzten
ondoren segitzeko
lurrak erauzten
orain hondakin eta
lur irauli pusken
artetik hasi dira
poza odolusten.
Keak ez du uzten
suak erakusten
duena ikusten
baina gu sinesteko
hezi gintuzten.
Helduak izan ziren
joaten aurrenak
orain hilotzak dira
gure haurrenak.
Gorrotoari eutsi
nahi lioke penak
baina bada zalantza
utz litekeen at.
Hartuz hauek denak
badira auhenak
ozen diotenak:
Zer gal lezake dena
galdu duenak?
Odol gosea lema
duen inperio
horri gerraren herra
hutsa dario.
Lehen bizitakoak
hainbat martirio
orain bilakatu du
hau genozidio
eta kalbario
honen ondorio
guziak medio
odolak odolari
deituko dio.
Zure telebistako
bigarren katean
ikusi berri duzun
berri tartean
Gaza ekialdeko
karrika batean
israeldarrek egin
duten atakean,
zure kanapean,
zu bake-bakean,
zauden bitartean,
alaba hil berri zait
beso artean.
Une batez mirarik
jarri gabe gugan
soilik jardun zarete
zuen onuran.
Erantzule zarete
haien horniduran,
haien jarreran eta
azpiegituran.
Penaren tristuran
ondorengo purgan
ez ipini dudan
zuen aurka zergatik
eginen dudan.