Memoriaren olana

Memoriaren olana –

Patxi Iriart, BERRIAn.


Memoriaren olana
Arg: Joanes Etxebarria (Ipar Euskal Herriko Hitza)

Patxi Iriart (Hiriburu, Lapurdi, 1988). Zientzia Ekonomikoetan lizentziaduna da. Euskal Herriko Laborantza Ganberan ari da lanean 2014. urteaz geroztik. 11 urte zituela, Baionako bertso eskolan hasi zen Karlos Aizpurua irakaslearen gidaritzapean. Bere lehen plaza bertso eskolako lagunekin egin zuen Baionan. Azken urteetan Itsasuko bertso eskolako kide da.

Txapelketei dagokienez, eskolartekoetan parte hartu du hainbat urtetan, eta 2004an Xibero, Lapurdi eta Baxenabarreko Gazteen Xapelgoa irabazi zuen. Xilaban ere hainbat alditan parte hartu du, eta 2021ean finalean kantatu zuen. 2022an Bertsolari Txapelketa Nagusian aritu zen aurrenekoz.

 

Doinua: Orainaldiko idazlan batek

 

 

Hirurogeita hamabostean Franco jenerala

Borrokaturik jarri zieten gerla tribunala

Zuzenaren kontra bala

Garbitu zituzten hala

Jon eta Angel, Jose, Ramon ta Humberto bezala

 

 

Guretzat Txiki ta Otaegi bada historia

Entzun dut beren motiboetan ez zela ongia

Gogora-ren teoria

Egiaren hilobia

Orai garbitu nahi al dute gure memoria?

 

 

Frankismoaren kontra borrokan emanik bizia

Nora joan da errespetua, nora dezentzia?

Utzitako herentzia

Ez da ez delinkuentzia

Nola ez dira izanen gure erreferentzia?

 

 

Orduan bizi baziren Franco ta faxisten peko

Gaurko solasak bizikidetza eta bakez lepo

Debekua oroitzeko

Trantsizioa zer zepo

Demokraziak badu oraindik bide egiteko

 

 

Kondaira bera emanen dute bihar eta etzi

Beharko dugu gure egian itsuki sinetsi

Nahiko gaituzte hertsi

Baina ezin dugu etsi

Diferenteak baikara ezin gaituzte irentsi

 

 

Otaegi ta Txikik merezi dute narratiba

Beren izenak jalgi ditzagun zulotik argira

Olana berriz mendira

Olana plaza erdira

Zuzena hori delako eta gureak baitira

 

Memoriaren olana