Libe Goenaga
Libe Goenaga

2025-09-22

Kilker-jendea

Kilker-jendea –

Kilker-jendea
Arg: pxhere

Demagun bertso-afari batean abesteko deitu dizutela. Adbidez, mmm… jardunaldi ekologisten programa betetzeko. Demagun, entzuleek ordu asko eskaintzen dizkiotela militantziari, eta ekarpena egiteko beharra sentitzen baduzu ere, badakizula ez dutela zugandik ezer ikasiko. Demagun ekarpena umorez egitea bururatzen zaizula. Larre behorren inguruan galdetzean honako bertsoa abestuko duzu:

 

Larre berdean ikusiz gero

Bi pottoka berdin-berdin

Hurbil zaitezte haiengana ta

Pottokopiak dei egin

 

Akaso jendeak barre egingo du. Entzuleari eskaintzen diozuna umorea bakarrik denean, ordea, erridikulo sentsazioa azalera itsatsita biziko zara ziurrenik. Batzuetan asmatuko duzu, beste askotan ez.

Ahotsa duen edonork bezala, bertsotan ari denak ere, bertsoak entzuteko denbora hartu duenari zerbait eskaintzeko ardura izan behar du. Hitz-jokoak, hausnarketak… askotarikoak izan daitezke ekarpenak. Bertsoa komunikatzeko tresna da, baina komunikatu nahi dena argi eduki behar da horretarako. Ekarpen guztiek lanketa behar izateaz gain, guztiek dute albo-kaltea, baina mezuak alde batera utzita, forma komunikatibo guztiak dira baliozko. Bueno, bat ez.

Ez dut soportatzen  “Clemens Brentanok bere tesian esan zuen bezala”ka hitz egiten duen edo abesten duen jendea. Bertsoa ze listoa den demostratzeko erabiltzen duena, alegia.

Agian ez dakidalako nor den aipatu dudana?  Agian, inbidiaz, nik ere nahi nukeelako lan batzuk intepretatzeko gaitasuna izan, baina gehiago distraitzen naizelako Fernando Amezketarra ikusten? Ba agian bai. Edo agian, herriko bertso-afarian ni bezala tonta-aurpegiarekin geratu den jende asko dagoelako.

Txapa honekin esan nahi dudana da, Bertsolari aldizkarian idazteko deia gustura jaso banuen ere, oraindik ez dakidala zein den atal honi egin nahi diodan edo diezaiokedan ekarpena. Ez naizela iritziz betetako pertsona. 30 segunduoro gauzen perspektiba aldatzeko abilezia berezia daukadala. Eta, inurri-jendea baino kilker-jendeagoa naizela. Ea datorrenerako inspirazio gehiago datorkidan.

Kilker-jendea