Martxan da Iruñeko VI. Bertsopaper Lehiaketa
Azaroaren 28an, ostiralarekin,amaituko da Iruñeko VI. Bertsopaper Lehiaketara lanak aurkezteko epea. Egile nafarrek eta Foru Erkidegoan bizi den edozein ez-nafarrek parte hartzen ahal dute. Ezinen dute parte hartu lehiaketaren aurreko bi edizioetan C kategorian –helduendako kategoria– lehen saria jaso dutenek.
Martxan da Iruñeko VI Bertsopaper Lehiaketa –
Lehiaketan hiru kategoria daude, aurkezten direnen adinaren arabera. A kategoria 2012. urtean edo ondoren jaiotakoak barne hartzen ditu, eta gutxienez bi bertso, eta gehienez ere lau dituzten lanak aurkeztu beharko dituzte. B kategorian –2008tik 2011ra (biak barne) jaiotakoendako–, gutxienez 4 eta gehienez 8 bertso dituzten lanak aurkeztuko dira. Azkenik, C kategorian, 2007an edo lehenago jaiotakoek parte hartzen ahalko dute, eta aurkeztuko diren lanek gutxienez 12 bertso eta gehienez 16 edukiko dituzte eta osotasun moduko bat izan beharko dute.
A eta B kategorietan gehienez hiru lan aurkezten ahalko dituzte egileek. C kategorian lan bakarra aurkezten ahalko da. Aurkeztutako lanek gai eta neurri librea izanen dute, eta euskaraz idatziak izan behar dute, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Gainera, bertsoen doinua zehaztu beharko da. Lanek oinarrizko kalitate-irizpideak bete beharko dituzte. Parte-hartzaileek beren lanak eta datuak www.pamplonaescultura.es/eu/ webgunean aurkeztu beharko dituzte, horretarako gaitutako inprimakia beteta.
Hiru sari kategoria bakoitzeko
A kategorian 150, 100 eta 50 euro, hurrenez hurren, balio duen kultura-bonu bat aurkeztutako hiru lan onenendako. B kategorian, sariak dirutan izanen dira, eta lehenengo, bigarren eta hirugarren lan onenek 350, 200 eta 150 euro jasoko dituzte. C kategorian, lehen saria 1.500 euro izanen da; bigarren saria, 1.000 euro, eta hirugarren saria, 500 euro. Bertsolaritzan adituak diren hiru lagunek osatuko dute sariak erabakitzen dituen epaimahaia eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak izendatuko ditu. Aurtengo edizioko epaimahaikideak Cesar Etxeberria, Nerea Bruño eta Jon Diaz de Mendibil dira. Sari-banaketa datorren urteko otsailean eginen da, Bertsoaroa udal-programarekin batera.
C kategorian lehen saria lortzen duenak baimena emanen die Iruñeko Udalari eta Nafarroako Bertsozaleen Elkarteari emanaldi edo ikuskizun berri bat ekoizteko, lehiaketa ebatzi eta urtebeteko epean, sariarekin batera emandako diru-ordainaz bestekorik jaso gabe. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak lehen argitalpena edo ekoizpena egiteko eskubidea haiendako gordeko dute, baina hortik aurrera, oinarrietan ezarritakoarekin bat, saritutako lanak ustiatzeko eskubideak egile bakoitzarenak izanen dira.
Oinarriak osorik kontsultatzen ahal dira honako webgune hauetan: www.pamplonaescultura.es/eu/ eta www.bertsozale.eus/eu/nafarroa. Iazko edizioan 27 egilek 28 lan aurkeztu zituzten guztira, hiru modalitateetan. Kategoria bakoitzeko lehenengo sarien irabazleak Enaitz Zestau Telletxea (A kategorian), Kattalin Madariaga Apaolaza (B kategorian) eta Eneko Lazkoz Martinez (C kategorian) izan ziren.