Bertso jarriak: Bexamela
Bexamela –
Maider Ugarte, Irunero atarian.
Doinua: Orioko balearena
Proposamen bat dakart
beldur denak laga
Piztuko duzu laster
pozez begirada
eta ahoa betez
alaituko zara
bai bai, asmatu duzu
errezeta bat da
Gogoan ondo hartu
hau da beharrezkoa
irin, gurin, esnea
hori jatekoa
gatza pixka bat eta
ez ahaztu ondokoa
egurrezko sardexka
eta lapikoa
Pentsatzen hasi zara
ez da, ez, pastela
Ohar pare bat doaz
txarra da bestela
Eskuak garbitzeko
har ezazu jela
Ozen kanta ezazu
ai ai, bexamela!
Hartu zazu gurina
ez utzi aparte
lapikoan eragin
zazu maite maite
uztazu su baxuan
dena urtu arte
etzazu utzi erretzen
txarra bailitzake
Irina bota baina
ez dena kakaztu
kontuz ibili zaitez
suak ez narrastu
sardexka baliatuz
zeroak marraztu
ore bat lortu arte
dena ondo nahastu
Esnearen txanda da
erantsi zazu arin
jarri behar adina
oso edo arin
gatza pixka bat gehitu
kasu! erre ez dadin
gutxi falta da eta
eragin eragin!
Bexamela izan ohi da
maitea umetatik
askotan jan ohi dugu
hori ondo dakit
Ardo botila ireki
ta topa zugatik
On egin diezazula
ta ez horregatik!
