Gorputza oholtzan jartzea –

Ez nuke txapelketaz idatzi gura, baina zer da harri bat mendiaren erdian. Ez dakit antsietatea, beldurra edo egoa den beste ezertaz hitz egiten uzten ez diguna. Buklean errepikatzen zaizkit irudiak, publiko begi-handiarenak, aurreko kideen eskuenak dar-dar. Ez da zoratzen nabilela (espero). Besterik gabe, gorputza ajatu egiten da, edonon dela ere. Ezin da inondik igaro azalak tokiaren forma hartu gabe.
Hamabi urte inguru ditugunetik daramagu gure gorputza jendaurrean jartzen. Gaiak airean hartu eta bueltan jaurtitzeko saiakera egiten. Mikrofonoa eusteko erarik guayena zein den ikasten. Saio aurreko propoleo tragoak eta arnasketa ariketak perfekzionatzen. Honezkero, normalizatu ditugu jardunak utzi ohi dituen markak: intseguritateak, bajoiak, autoestima txuteak… Normalizatu ditugu gure ahotsak hor, bozgoragailu erraldoietara jauzi egiten. Hitzak puzten, oharkabean joan zaizkigunak barne.
Askotan itzultzen naiz, gutxien espero dudanetan, lehen oholtzako sentsaziora. Nire hankek bidea desikasi balute bezala. Kantatu ondorenean handiegia egiten zait irudia, berrehun pertsona ingururena esango dudanari zain (berrehun, edo berrogeita hamar, edo bat bakarra ere). Saio osteko kañan pentsatu ohi dut, gutxi gorabehera, hauek direla publikotik ezagutzen nituen pertsonak: lagunak, gurasoak, saioko kideak, bertso-eskolakoak eta txapelketarekin ni bezain absorbituta dagoen jendea. Beste denak, ezezagun totalak.
Ez dut sekula jakingo zein irudi sortu duten niri buruz. Kamiseta eta azazkal kolorea ondo hautatuta etorri naiz, baina ez dut aukeratu kantatu beharko dudan gaia. Ilea ondo orraztu dut eta gero orraztu izango ez banu bezala jarri, baina ezin dut aukeratu ondokoak esango didana. Gorputza, hitzak eta keinuak, kontrolpetik kanpo daude beti. Izan bizitzan zein oholtzan. Publikoak ikus gaitzake hegaz bezainbeste erortzen. Biluztasun handienean igotzen gara tabladura.
Eskerrak badauden outfit-a aukeratzen eta oholtzatik irri egiten laguntzen gaituena, izan atzekoen zein aurrekoen artean. Gorputz handiago bat sortuko bagenu bezala. Ubeltzen zailagoa dena.

