Ixorretako dama –
Aurreko blogean Jon Lopategi aipatu nuen, erreferente handia eta maitea, eta blog honetan beste erreferente handi eta maitagarri bat aipatu nahiko nuke: Kristina Mardaras.
Kristinak 14 urte nituela deitu ninduen lehen aldiz, Ixorretan kantatzeko beste hainbat emakume bertsolarirekin batera, eta ordutik ez dio deitzeari utzi. Omenaldi bat egin behar zitzaiola argi geneukan aspaldi. Beraz..
2024ko udazkenean Kristina Mardarasen omenaldia izan zen Bilboko Euskalduna Jauregian. Bizkaiko hainbat emakume sortzailek ikuskizun berezia eskaini zuten Kristina omentzeko, txapelketan parte hartu zuen lehenbiziko emakumeari aitortza egiteko.
Antzerkia, bertsoak, dantzak, bakarrizketak, irudiak.. Agurraren letra ere propio moldatu genion, baita kantatu eta dantzatu ere:
Kristina,
Ixorretako dama atsegina.
Eskertu nahi dizugu
egindako ahalegina.
Bertsolaritzan,
berdin euskalgintzan.
Omenaldi bat opari
itzultzeko zuk egina.
Bide bat zabaldu zenuen,
beitu noraino ekarri gaituen!
Ez da gutxi egin duzuna
eta horregatik laguna:
Zuretzat
Txaloak, dantzak, lorak, bertsoak..
Nor zaren zu ezagutu
dezala mundu osoak!
Agurra Maria Riverok kantatu zion Kristinari eta Meñakoz dantza taldeko kideek dantzatu.
Azken oparitxo gisa, Miren Amurizak kopla zoragarri hauek eskaini zizkion omenduari:
Eskerrik asko Kristina!