‘Arestian egun’ ikuskizunak emanen dio hasiera Iruñeko Udalaren udazkeneko programazioari

Iruñeko Udalaren udazkeneko programazioa –

Iruñeko Udalaren webgunetik.


Zikloko hiru errezitaldiak, urritik abendura, euskaraz izanen dira, Kondestablearen jauregian, 19:30ean, eta sarrera librea izanen da.

Iruñeko Udalaren udazkeneko programazioa

Iruñeko Udala eta Nafarroako Ateneoa berriz ere elkarlanean ari dira udazkeneko kultur programazioa antolatzeko. Hiru errezitaldi eskainiko dira aurten, euskaraz, musika, literatura, bertsolaritza eta ikus-entzunezkoak uztartuta. Hiru jarduerak doakoak izanen dira, eta Kondestablearen jauregiko patioan eta ekitaldi-aretoan eginen dira, 19:30ean, urrian, azaroan eta abenduan.

Zikloaren lehen hitzordua, Arestian egun lana da: poesia, musika, antzerkia eta bertsolaritza uztartzen dituen proiektu berri eta eraldatzailea da, eta xede du Gabriel Arestiren (1933-1975) figura ikusleei helaraztea, poeta eta euskal literaturaren eta euskararen motore izan baitzen. Bere poemen bidez Arestik bizi izan zuen garai gogorra islatzen du errezitaldiak, eta idazlearen inspirazio-iturri izan ziren gaiak nabarmentzen ditu, hala nola euskara, justizia eta gizarte-klaseen banaketa.

Hauek hartuko dute parte astearteko kontzertuan: Andoni Egaña idazle eta bertsolariak, Aitor Furundarena akordeoilari, musikagile eta irakasleak eta Andoni Salamero filologo eta poetak. Egile horietako bakoitzak bere esparrutik berrinterpretatuko du Aresti, Oskorrik eta beste sortzaile batzuek egindako kantak taularatuta, eta Aitor Furundarena akordeoilariak antzinako eta gaur egungo melodiak fusionatuko ditu.

Azaroa eta abendua 
Programaren bigarren hitzordua azaroaren 18an, asteartearekin, izanen da, Elurra ikuskizunarekin: Castillo Suárez poetak eta Sara Zozaya musikariak poesia, musika eta ikus-entzunezkoak uztartuko dituzte. Elurra ikuskizunean nabarmentzen da poemek eta kantuek elurraren albo-ondorio berberak dituztela: batzuetan oztopo dira, baina, horren gainetik, gure gorputzaren atalak sentiarazteko eta denborari neurria hartzeko balio digute.

Abenduaren 16an, asteartearekin, Bizi sintetikoak emanaldiaren txanda izanen da, Leire Vargas idazle eta bertsolariak eta Jaime Nieto (El Columpio Asesino, We are Standard, Joseba Irazoki…) musikariak sortua. Errezitaldian egoera soziopolitikoari helduko diote, herritarrei eragiten dieten gatazketatik hasi eta belaunaldi gazteenen egoera zehatzetaraino. Poesia eta musika elektronikoa 45 minutuz arituko dira hartu-emanean; soinu-sintetizatzaileek, gitarrek eta teklatuek giroa emanen diote aretoari eta paleta emozional zabalaren puntu batetik bestera eramanen gaituzte. Horien gainetik poesia agertuko da, idazlearen ahotsean, emozio-hitzak jarriz.
 

UDAZKENEKO PROGRAMAZIOA EUSKARAZ. KONDESTABLE CIVIVOXA. 19:30

  • Arestian egun

    • Urriak 14 (asteartea)

    • Andoni Egaña, Aitor Furundarena eta Andoni Salamero

  • Elurra

    • Azaroak 18 (asteartea)

    • Castillo Suarez eta Sara Zozaya

  • Bizi sintetikoak

    • Abenduak 16 (asteartea)

    • Leire Vargas eta Jaime Nieto

Iruñeko Udalaren udazkeneko programazioa