Egoitz Zelaia
Egoitz Zelaia

2025-11-03

Tamala / Tamala

Tamala –

 
 
Usu entzun izan diot
Frida Kahloren Mexiko
Chavelaren bozik gabe
ez lukeela mereziko.
Cuauhtemoceko kaletan
nork ez zuen gaitzetsiko
baina bihurtu zitzaion 
mezkala analgesiko,
beraz, urteak pasata
nola ez du sinetsiko 
itxaropenak tristura
ez dionik irentsiko.
 
 
 
Aipatu izan dit Juana
“Barragana”ren figura,
edo Antonia Nava de
Catalanen abentura,
nola Manuela Medinak
sortzen dion harridura…
Haiekin alderatzen du
hark bizi duen mentura.
Zein aldaketa dagoen, 
guztiz jabetu da hura,
xerkatzen zuen mundutik
aurkitu duen mundura.
 
 
 
Mayez eta Nahuez ari
izan garenez mamitsu
adierazi izan dit 
harentzat zein garrantzitsu
den kulturez aritzea 
eta hizkuntzez berdintsu.
Hiru mezkal eta gero
behin erran zidan eztitsu:
“ez duzu usteko baina
mexikarra dirudizu…
Nor zaren ba al dakizu 
non zauden ez badakizu?”. 
 
 
 
Tlacoyo batzuk jan eta 
mahaia oraino biltzeke,
une honetan eltzeko
kafea hartzen geundeke;
ez eztabaida, ez kexa,
ez presa eta ez neke,
tamal-en usainak hitzei
gaina hartuko lieke.
Une batez nostalgiaz
mintzatuko litzateke…
“isildutako guziek
hitz egin balezakete…”.
 
 
 
Ahuleziak gordetzen
ditu maiz indarguneak.
Txokolate, piloncillo
eta txile perfumeak,
kanelarekin batera,
estalitako guneak 
errazki bihurtzen dira
batzuen arnasguneak.
“Ederki asko aurkitu
ditzake emakumeak 
zoritxarreko bizian
zorioneko uneak”.
 
 
 
Usu pentsatu izan du,
bizi dugun gizartean,
aldaketaren muina
dugula eskuartean.
Dio ez dela izaten
kexatzeko aldartean…
Halako adibiderik 
duenez senitartean
poza du haren izenik
ez dagoen bitartean
desagerrarazitako 
emakumeen artean.
 
Tamala