Hasi da Arabako sailkapen fasea, eta Igoa eta Ugarte nagusitu dira
Hasi da Arabako sailkapen fasea eta Igoa eta Ugarte nagusitu dira –
2026ko Arabako Bertsolari Txapelketan 18 bertsolarik parte hartuko dute, eta izena 35ek eman dutenez urrian eta azaroan zehar bost sailkatze saio jokatuko dira. 13 bertsolari sailkatuko dira, 2024ko txapelketako 5 finalista zuzenean sailkatuta baitaude. Iragan asteburuan Amurrion eta Legution ospatutako saioak izan dira lehenak.
Sailkapen fasean honakoak dira bertsolariek egin behar dituzten lanak:
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
- Bakarkako lana:
– Hasierako puntua emanda, bertso bina zortziko txikian.
– Gaia emanda, bertso bina neurri librean.

Amurrioko Kultur Etxean elkartu ziren bertsolari eta bertsozaleak larunbatean, eta Xabi Igoak eskuratu zuen puntu gehien, zuzenean herrialdeko txapelketara sailkatuz. Gainontzeko bertsolariak beste kideen puntuazioari itxaron beharko diote fasez pasako diren edo ez jakiteko.
- Xabi Igoa: 201,5 puntu
- Sabin Abarrategi: 196 puntu
- Maddi Agirre: 194 puntu
- June Astegieta: 157,5 puntu
- Iosu Ordoñez: 134,5 puntu
- Marta De Pedis: 107 puntu
Oier Azkarraga izan zen Amurrioko aurkezlea. Sailkapen faseko epaimahaia Aitor Jimenezek, Ainhoa Aizpuruak eta Mikel Fernandez de Arroyabek osatzen dute.
Antolakuntzatik saioko zenbait irudi eskegi dituzte sarean.

Legutioko kultur etxean igandean ospatutako saioan, aldiz, Aitor Ugartek irabazi zuen lehen postua, zuzenean txapelketarako sailkatuz.
- Aitor Ugarte: 187 puntu
- Danel Herrarte: 176,5 puntu
- Kerman Lopez de Calle: 156 puntu
- Maia Ortiz de Zarate: 143,5 puntu
- Garai Agirre: 133,5 puntu
- Ainara Balantzategi: 91,5 puntu
Etxahun Otaño izan zen gai-jartzailea, eta epaimahai berbera egon zen bertsolarien lana ebaluatzen. Legutioko irudiak ere sarean daude ikusgai.
Hurrengo saioa azaroaren 7an jokatuko da Ozaetan, Barrundiako udaletxean. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian.

