[Azken Beltza] Helmuga: Dimako aireportua

Esti Arozena-(r)en argazkia Esti Arozena 2025-11-10

Dimako aireportua –

Dimako aireportua

1992

Gogoangarria izan zitekeen olinpiadengatik, Bosniako gerragatik, Giraldillaren banderolengatik, Eurodisneyren inaugurazioagatik… Nire kasuan, 17 urte, bertsotan juxtu eta Nafarroako Bertsolari Txapelketan kantatzearekin bizitza erratea agian gehiegi izanen da, baina asteburuak behintzat aunitz aldatu zitzaizkidalako dut gogoan. Gaztetxe, intsumiso, feminista, jai herrikoi, udal, elkarte, herri kirol talde… bertso saioak antolatzeko boluntarioak non-nahi.

Ekainak 6 larunbata

Googleren bilatzailean jarri dut ea zein data zehatzetan zen 1992ko ekaineko lehen larunbata. Ekainaren 6an Eusko Ikaskuntzak Oñatiko unibertsitatean antolatu zuen ekitaldi batean kantatu behar genuen, 11:00etan. Jon Azpillaga (ustez), Ernest Alkhat eta hiruok. Artean gidabaimenik gabe, etxeko batek (estatistikoki aitak edo anaia zaharrenak) eraman gintuen Behobiara. Xabier Silveira eta ni. Gogoan dut, kotxean sartu eta atzeko eserlekuko uhala lotzeko gonbita egin zuela Ernestek. Gibelean gerrikoa?

Oñatin kortesiazko 3 bertso bota eta Dimara joatea zen asmoa. Dimako aireportu zaharrean ospatzen baitzen Aekanpada. Berriz sartu naiz Googlen eta hara! Egunkariaren ekainak 5eko alea PDFan, Aekanpadaren egitarau osoa, eta bertan bertso bazkaria 14:00etan.

Dimako aireportua

Jon eta Ernest agurtuta, bertso bazkari horretara iritsi ahal izateko, Dimako aireportutik Oñatiko unibertsitatera gure bila etorri behar zuten antolaketa lanetan ari ziren bi lesakar gaztek. Hitzartutako ordu eta lekuan geunden, ustez, baina han ez zen inor agertzen. Denbora aitzinera eta komunikazioa ezinezko.

Liburu denda batera joan, jaso berri nuen sobrea ireki eta Euskal Herriko mapa bat erosi genuen, Dimarako bidea behatz potoloa goratuz osatu asmoz.

Ez dakit lehen kotxearekin edo bigarrenarekin, baina heldu ginen urtegi baten ingurura. Legutio. Ur ertzean nahiko asti izan genuen mapa berria kontsultatzeko. Norabide zuzenean jarri eta berriz behatza. Bazkalordua ederki pasata ezagutu genuen izenetik imajinatzen hain zaila zen lekua. Zuzenean oholtzara.

Azkena ez litzateke hain beltza, Oñatiko liburu dendara abiatu ginen unean jatorrizko gure txoferrak gugandik 100 metrora egon zirela jakin izan ez bagenu.

 

Azken oharrak:

Azken beltzena izanen zen, agian, aireportu zaharretik gau luze baten ondorengo goizean Oñatiko alferrikako buelta egin, arratsaldean gu Goizuetara eraman eta iluntzean berriz bueltan Dimara joan ziren haiena. Kilometro adina esker Eduardo eta Igoari.

Bestondoagatik Zestoako bertso afariko oilasko bila joan ez ziren antolatzaile ikustezin haiek ere arriskuan egon dira nire testuko protagonistak izateko.

Ordu aldaketaz ahantzi eta Nafarroako finalera iristen ez zen bertsolariaren bila ibili ginenekoa ere hautagai izan da.

Dimako aireportua