Argazkiari
Eskolarteko gazteak eta Uztapide marko berean
Iraitz Mateo
2025-11-14
Argazkiari –

Memoria tranpatia omen da, irudiek maiz lagundu dezakete, baina belaunaldiz belaunaldi igarotzen diren argazkietako historia eta istorioak denborarekin lausotzen dira. 2024an, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa eta Almen bertso eskolen 50. urteurrena tarteko, berriro ere ezaguna egin den argazki klasiko bat bada, lehen bertso eskoletako ikasleak Manuel Olaizolarekin, Uztapiderekin, agertzen direna.
Argazkian Uztapide eserita ageri da, alkandora zuria jantzita, txapela buruan eta eskuan makulua duela. Bere inguruan garaian hamabost bat urte izango zituzten, eta Eskolarteko finalean kantatu berri zuten gaztetxoak. Tartean ziren Jon Eizmendi, Felix Iñurrategi, Jon eta Aitor Sarasua, Joxe Mari Mujika Anatx, Xabier Euzkitze, Arantzazu Loidi, lñaki Izarzelaia eta Danel Goikolea. 1983ko maiatzaren 14ko data du argazkiak.
Ez da erraza 42 urte atzera egitea, zuri-beltzeko argazki horri kolore bila hastea, baina ahalegina egiteko eskatu diegu argazkiko zenbait protagonistari. Arantzazu Loidik, Xabier Euzkitzek eta Jon Iñaki Izarzelaiak ganbarak arakatu eta gogoratzen zutena kontatu digute; norberaren memorian geratutakoa, eta akaso, denborarekin asmatutakoa.
“Eguna bera bereziki ez dut gogoratzen. Gogoratzen dut guretzat, edo niretzat pertsonalki behintzat, inpaktu bat izan zela Uztapide ezagutzea. Argazkietatik bakarrik ezagutzen genuen orduan”, azaltzen du Loidik. Eskolarteko Txapelketako saria izaten zen garai hartan egunpasa eginez bertsolari bati bisita egitea, eta aurretik 81ean era 82an Mattin eta Balendin Enbeita ezagutu ostean, Uztapideren txanda iritsi zen.
Euzkitzek ere “gauza handirik” ez duela oroitzen aitortzen du, baina Eskolarteko testuinguruaz akordatzen da: “Orduan parte hartzaile kopurua oso-oso murritza zen, gaur egungoarekin ez dago inola ere konparatzerik. Nik uste autobus batean sartu ginela parte hartzaileak, eta gainera, bat-batekoak eta idatzizkoak joaten ginen, autobus batean edo bitan gehienez ere”.
“Nahiko oroimen lausoa daukat. Uste dut maiatzean izango zela, 83an”, esan du Izarzelaiak, eta memoriak ez dio huts egin halaxe izan baitzen, maiatzaren 14an, hain zuzen. Eta, pixkanaka, argazkiaren atzeko geruzak azaltzen hasi da: “Akorduan daukat autobuskada bat edo bi joan ginela, eta bere etxera hurbildu ginela, etxera edo momentu horretan bera zegoen tokira behintzat. Eraikuntza berri xamar bat zen, eta gogoratzen naiz nahiko gizon isila zela momentu horretan. Nik uste, gaixoaldiaren eraginez izango zela. Eserlekuan geldirik zegoen, eta argazki hori bere bueltan atera genuela gogoratzen naiz”.
Euzkitzek ere Uztapideren gaixoaldia gogoratzen du, baina, batez ere, zer-nolako ilusioa egin zien bertso plazan hasi berriak ziren gazte haiei, halako bertsolari bati bizpahiru bertso kantatzeak: “Oiartzuna eraman gintuzten eta Uztapide ordurako jada elbarrituta zegoen. Eta hitz egin ere askorik ez zigun egin, nik oroitzen dudala behintzat. Baina bertsolari mitiko bat zen, eta guretzat haren aurrean pare bat bertso kantatzea bera ere ohore bat zen. Uztapideri, hil aurretik, gure bertsoak entzunarazi genizkion eta hori guretzat ohore bat zen”. Urte hartako ekainaren 8an hil zen.
Loidiren memoriak xehetasun jakinak baino gehiago gordetzen ditu sentsazioak: “Gogoratzen dudana da egunpasa polit bat izan zela, beti izaten zen eta urte hartan ere hala izan zen. Bisita hori eta gero normalean parke batera eramaten gintuzten eta bertan bazkaltzen genuen. Egunpasa polit bat izaten zen. Guretzat aitona bat bisitatzera joatea bezala zen, eta batez ere oroitzapena argazki horren bidez geratu da”.
Belaunaldien trentza
Belaunaldi ezberdinetako bertsolariak elkartzea izaten zen bisitaren helburuetako bat, plazaz plaza ibilitako eta gaztetxoentzat “mito” zirenak hezur-haragizko bihurtzea, nahiz eta batzuetan adin tartea handia izan. Izarzelaiak, esaterako, Uztapide jada plazatik kanpo ezagutu izanaren oroitzapena du: “Nik, adibidez, Uztapide ez nuen inoiz kantuan ikusi. Liburuetan irakurritako zenbait pasarte eta zenbait bertso banekizkien. Familiakoek aipatutako erreferentziak ere banituen, Uztapide eta Basarri bikotearenak… Baina hamasei urteko neska-mutilentzat nahiko urruti zegoela esango nuke, egia esan”.
Loidik bisita horiengatik eta herriko bertso eskola zein saioengatik izan ez balitz, belaunaldi hori ez zuela ezagutuko onartzen du: “Nik oso gogoan dut zortzi edo bederatzi urterekin bertso eskolan hasi ginenean, urtero Aretxabaletan bertso saio bat antolatzen zela. Gu bertso saio horretako teloneroak ginen, buruz ikasitako bertsoak kantatzen genituen. Gogoan daukat nola Xalbador etorri zen behin. Guretzat Xalbador mito bat zen, baita Mattin, Uztapide eta beste horrenbeste ere… Eta aurrez aurre ezagutu izana pribilegio bat izan da, ohore bat. Eskolartekoaren ondoren, ibilaldi horietara eraman ez bagintuzte belaunaldi hori ez genuen ezagutuko”. Eskolarteko Txapelketan trebatu ondoren, plazara jauzia eman zutela azaltzen du, eta jada kantuan ezagutu zutela hurrengo belaunaldia: “Imanol Lazkano, Lazkao Txiki, Azpillaga, Gorrotxategi, Lopategi, Amuriza… Eskolartekoa eta gero horiekin kantatzeko aukera izan genuen, bertsolari handi zirenekin, benetan mito ziren horiekin denekin”.
Euzkitzek ere gogoan du aipagai dugun argazkiko bisitaz gain, beste behin Uztapiderekin egon izana: “Elosu auzoan zen. Zenbait baserri Azkoitikoak ditu eta beste asko Bergarakoak. Auzoa bera Bergarakoa dela esango nuke. Jesus Alberdi Egileor bertsolariari omenaldi bat egin zitzaion, Sarasua eta ni gazte-gazte ginela. Hamabost bat urte izango genituen. Uztapide ez zegoen kantatzeko moduan, baina egun hartan behintzat han zen, eta guk bertso batzuk kantatu genituen, eta hala esan omen zuen: “Baziok etorkizuna”.
Gaztez inguratutako argazkiak ere horixe adierazten du, garaian bazela etorkizuna eta, orainari zein iraganari lotuta, transmisioaren trentzan korapilatzen ari zirela orduko bertsolari gazte haiek. Etorkizunari tiraka, 2024ko Gipuzkoako Txapelketan oraina ere badela erakutsi da.
Markotik kanpo
“Argazki hori aurtengo Gipuzkoako Txapelketan egin da famatu, baina eskolarteko txapelketei buruz hitz egin den bakoitzean atera izan da, gerora utzi izan dugunak ere agertzen garelako, eta jende ezaguna: sarasuatarrak, Felix Iñurrategi, Euzkitze… Horregatik da hain ezaguna”, argitzen du Loidik. Iragana, oraina eta etorkizuna lotzeko iruditegi horretan, Unai Gaztelumendik moldatutako irudia “oso egokia” dela uste du Loidik, eta batez ere argazkia eguneratzeko eta gaur egunean kokatzeko egindako lana txalotu du.
Hala ere, argazkiaz galdetuta hiru protagonistek adierazi dute kezka bat: “Argazkia famatu egin da, baina ez da aipatzen argazkiaren egilea zein den”. Eta hirurek dute buruan pertsona bera: Juan Garzia Garmendia.
Argazki kameraren oroitzapena ere badute. “Juan Garziak ateratako argazkia da hori, ia seguru. Formatu ertain edo handiko kamera bitxi bat zuen, eta harekin ateratakoa da, noski”, kontatzen du Euzkitzek. “Esango nuke argazki hori Juan Garziak ateratakoa dela, gogoratzen naiz kamerarekin”, Izarzelaiak.
“Nik apustu egingo nuke Juan Garzia Garmendiarena dela argazkia, baina ez da aipatzen. Eta askotan harritu nau ez aipatzeak. Apustu egingo nuke ez dela nire irudimena, apustu egingo nuke, gainera, argazki kamera handi-handi batekin ateratako argazkia dela. Nik orduan ez nuen ezagutzen Juan, baina gero irakasle izan dut, eta polita bezain beharrezkoa iruditzen zait kameraren atzean dagoenaren aitortza”, xehatu du Loidik.
Argazkiak igarotzen baitira letra larriz idatziriko historiara, akaso aurrera egin duten protagonistak, nahiz eta argazki horrek ibilbide ezberdinak mahaigaineratzen dituen. Baina argazkiak egoteko, kameraren atzealdekoek ere egon behar dute. Hala zen selfien kultura heldu artean, behintzat.

