Alaia Martin Etxebeste: “Askatzailea da norbere iritziaren mediokritatea edo malgutasuna onartzea”
Egunaren izena ez dakit nola zan; baina seinalagarri, hitzordu bat bazan. Kafesne bat hartzeko Altzibarko plazan. Nahi dut nire orduko gertaera esan, hurrengoan beste bat eskarmenta dezan.
Askatzailea da norbere iritziaren mediokritatea edo malgutasuna onartzea –

Txapela denbora pixkatean eraman ondoren, kendu, eta buruan haren memoria moduko bat sentitzen da fisikoki. Antzeko zerbait gertatzen al da sinbolikoki ere?
Ez dakit. Txapelketa guztietan gertatu zait hainbesteko intentsitatez bizitako zerbaiten ondoren, denboran halako espazioa eta pisua hartu ondoren, sakonera bereko digestiorik ez izatea. Utzitako arrastoaren berrirakurketa luzatu egingo da denboran. Sentsazioak geratu zaizkit izoztuta: egunarena, momentuarena, finalaurrekoena, finalarena. Tarteka, poza sumatzen dut nire kabuz eta, tarteka, oroitarazi egiten didate kanpotik; baina, egia esan, urrun ikusten dut eta benetako arrastoa edo arrasto modua, agian, hemendik urte batzuetara ikusiko dut.
Arrastoa aipatzen duzu, eta titulu batek horixe uzten du historian: arrastoa. Ez zara lehenengo oiartzuar txapelduna, ezta lehenengo txapeldunordea ere. Zergatik du Oiartzunek halako lehiarako joera edo lehiakortasuna?
Badago erronkarako joera bat Oiartzunen. Jaietako ekitaldi preziatuenetako bat auzoen arteko sokatira txapelketa izaten da, adibidez. Ez nuke esango nire nortasuna Oiartzungo ezaugarri horretan zentratzen denik, baina auskalo, akaso horretatik edan dut nik ere. Ez dakit lehiarako grina berezia izan den bertsolarion artean, hori ez nuke esango. Oiartzunen bertsolari asko izan da, hori bai, ziurrenik azpiegitura ongi landu zutelako bere garaian. Gu zaletu ginenean Bertso Astea egiten zen herrian, aste osoko egitarau bete-bete bat (Karmele Mitxelenak erreportaje bat grabatu berri du garai hartaz) izaten zen, baliabideak bazeuden eta hori guztia jaso genuen: egitura bat, erreferentzia sorta bat, irakasle bikain batzuk, argazki edo posibilitate bisual batzuk. Esango nuke, bestalde, arnasgune bat dela euskarari dagokionez eta horrek bidea erraztu digula. Herri zabala da, azalerari dagokionez, eta ibiltzeko eta dispertsatzeko ez da leku txarra. Donostiatik bertan gaude, Oreretatik, Irundik ere bai eta baita Lesakatik ere, eta horrek guztiak ere elikatzen gaitu, eta asko, uste dut ez dela burbuila bat. Azken urteetan, gainera, herrian izugarrizko kultur eskaintza interesgarria eta artikulatua dago, eta zorte handia dugu.

Aipatu duzu Oiartzun arnasgune bat dela eta badakigu goi-nafarrera nahiko markatua daukala. Zuk, ordea, batuan kantatzeko hautua egiten duzu. Horrek logika du Euskal Herriko Txapelketan, erabateko kontsentsua eta ulermena sustatzen den testuinguruan; baina erregistro berean jarduten duzu Gipuzkoakoan, baita Oiartzunen kantatu behar bazenu ere, ezta?
Bai. Horren atzean badago, batetik, erabaki kontziente bat eta baita erosotasun puntu bat ere bestetik. Gu bertsotan hasi ginenean, Arkaitz Goikoetxearekin, hark iradoki egin zigun joera hura zela aproposena, ez dut uste eskatu egin zigunik batuan kanta genezan; baina hark ematen zizkigun ereduak eta moduak batuan zeuden, eta hitz egin genuen inoiz hautu horiei buruz. Uste dut, Euskal Herri osoarentzat ari bagara, edonorentzat ulergarria izan behar duela hizkerak. Gogoan dut nerabe ginela Mizel Mateorekin kantatu izana Euskal Herriko Eskolarteko txapelketan; biok ahalegin bateratzaile bat egin ez bagenu, hor elkarrizketa oso zaila zatekeen orduan. Horrez gain, etxetik ere hibrido bat jaso genuela esango nuke. Aita erdal hiztuna dugu, gaztelaniz egiten zuena eta euskaraz ikasten ahalegintzen zena; ama euskalduna, baina bere euskara maila aski egokia, aski jatorra eta aski ona ez zenaren sentipena zuena, askok bezala. Lastima da gure amona zenaren, amaren ama zenaren, hitz gehiago bildu ez izana, gozamena zen bera entzutea… Oiartzueraz Oiartzungo lagunekin hitz egiten dut. Ikusten diot aberastasuna norberak bere euskalkian kantatzeari eta gozatzen dut, gainera, besteak entzuten; baina nire apustua beste norabide honetan izan da edo gertatu da.
“Bertsoa askatzeko eta, batez ere, eragiteko tresna bat da”
Bestalde, nire burua beste atmosfera batean kokatzeko modua da euskara batua niretzat; gogoetarako distantzia eskaintzen dit. Ez da gauza bera gauzak esatea ala gauzak kantatzea; eguneroko hitzak erabili beharrean, beste batzuk bilatzea eskatzen dit bertsoak. Batuak beste kolore bat ematen laguntzen dit, beste geruza batetik aritzen. Edonola, euskalkira maizago jo izan dut zortziko txikian. Egunerokoa kontatzeko, umorera jotzeko erreferentzia linguistiko gehiago behar ditugu, badauzkagu zenbait marrazki bizidun eredugarri izan zirenak bere garaian eta umorea erabili zutenak oso era finean, eta zorte eta diru pixka batekin, sortuko dira berriak etorkizunean! Norabide horretan, adibide zoragarria iruditzen zait Miren Amurizaren Pleibak liburua. Hizkuntza bihurritzen du beste paisaia batetik hitz egiteko, beste intentzio batekin, propio egindako nahasketa batekin… Amurizarena izugarrizko ekarpena iruditzen zait; eta etorkizunean ere asko estimatuko den liburua izango dela uste dut.

Txapela jantzi ostean mezu esplizitua bota zenuen: elkarrentzat gertuago egoteari buruz. Nik testuari buruz ez, doinuari buruz galdetu nahi nizun. El tiempo está después abestia hautatu zenuen amaierako agurra kantatzeko. Argentinatik zure bertsogintzara ekarri zenuen oparietako bat izan zen doinu hura. Zer gehiago ekarri zenuen edo zer utzi zenuen han?
Unibertsitate garaian, argi izan nuen Bilbora joan nahi nuela. 18 urterekin hiri batera joatea bizipen pilaketa eta bilaketa zoragarria da bere horretan, eta Argentinan aldi batez bizitzea sentipen hori muturrera eramateko aukera izan zen. Argentinak gutxiagorekin bizitzen erakutsi zidan. Partekatutako gela txiki batean bizi nintzen, hiru apal eta hozkailuko balda baten erdia neuzkan, hogei lagunek elkarbanatzen genuen sua. Nik banekarren pilatzeko berezko joera, eta han soildu izanaren sentipena daukat. Distantziak indarra ere eman zidan. Uste nuena baino beldur gutxiago neuzkala konturatu nintzen. Bizitzaren posibilitateez pentsatzeko aukera eman zidan.
Garai hartan militatu egiten nuen. Baneukan nolabaiteko ikuspegi feminista; baina oraindik txikia, intuitiboa, ideologikoa baino gehiago. Ordukoak, garai gogorrak ziren militantziarentzat eta Euskal Herriari oso lotuta sentitzen nintzen; baina, aldi berean, han bizi ostean edozein lekutan bizi nintekeenaren sentsazioa izan nuen. Agian hemen inoiz sentitu naizena baino erosoago sentitu nintzen han, bizitzako eremu askotan. Lan aukerak sortu zitzaizkidan, han geratzeko eskaintzak, baina jabetu nintzen han geratzekotan erdaraz bizi beharko nuela. Nire hizkuntza atzean utz nezakeen neure buruari galdetu nionean ohartu nintzen uste baino pisu handiagoa zeukala nigan hizkuntzak, uste baino garrantzitsuagoak zirela niretzat sustraiak.
Une honetan, egiari zor, ez ditut ikusten bizitzan hainbeste posibilitate, baina orduko nire bizitza bukaera anitzeko ipuin bat izan zitekeela sentitzen nuen. Aukeratzen joan ahala, heldu ahala, bidea geroz eta gehiago estutzen dugula iruditzen zait.
Izatez, duela gutxi, Puf liburua aitzaki egindako bertso saio musikatu batean sumatu zintudan zeure buruari barrez; esanez jaio zinen lekutik 40 metrora bizitzen bukatu duzula…
Bai, posibilitate infinitu horietatik bat aukeratu behar eta sinbolikoki nire sustraietatik gertuen dagoena hautatu dut… Bada amore emate txiki bat eta bada erabaki kontziente bat, bi gauzak. Euskaraz lan egitearen alde apustu egin nuen, sortzaile izatearen alde. Nahiz eta beti nire begirada 10 kilometro aurrera joan-zalea den, ekosistema gertu izatea gustatzen zaidala ohartu naiz: maite ditudan pertsonak, indartzen nauten lagunak, sareak, naturarekiko kontaktua eta kulturarekin igurtzia. Haurrentzat bizigarria iruditzen zaidan espazio bat daukat hemen. Oso urrun joan nahi izaten dut senez, baina bertan egoten ere ikasi nahi izan dut.
“Momentuan konfiantza jartzeak emaitza onak ematen dituela sinesten dut”
Gidoigile ibili zinen bolada batean. Zer sentitzen da norbere hitzak direnean sorkuntza baten oinarri, baina beste norbaitek gorpuzten dituenean?
Askatasun handia ematen dit sorkuntza mota horrek. Digestiorako denbora ematen duten sorkuntzak dira. Bertsoak sortzen diren unean gu hor gaude eta sumatzen ditugu isiltasunak, txalo epelak, txalo beroak, saio osteko “zorionak”, eta saio kaxkarra egin duzula ez esatearren ezikusiarena egingo dizuten ezagunak. Bestelako sorkuntzak: kantuak, irrati lanak, gidoiak… Sortu eta utzi egiten dituzu. Sormen lan horiek distantzia gehiago eskaintzen dute, eta batzuetan ausardia gehiagotik egin daitezke. Zerbait mimoz sortu, maitasunez landu, askatu, beste pertsona baten eskutan utzi, eta haren ekarpen batekin hobetua itzultzen ikustea ederra da.
GALDERA LABURRAK
- Zine zuzendari bat: Mia Hansen-Løve
- Pelikula bat: Cinco lobitos
- Eszena bat: Aislados filmeko itsasertzeko elkarrizketa.
- Irakurriko duzun hurrengo liburua: Kontra, Ane Zubeldia Magriñárena
- Perspektiba aldarazi zizun liburu bat: Sin noticias de Gurb edo Beltzuria
Eta, bertsotan, aldarazi al dizute inoiz perspektiba?
Maialen Lujanbiok bi bertsoalditan zabaldu zizkidan begiak. Lehenengoz, 2001eko Txapelketa Nagusiko buruz burukoan. Bertsogintzara engantxatu ginen Belodromoko final hartan. Postal bat asmatu zuen bertso baten barruan eta horrelakorik plantea zitekeenik susmatu ere ez nuen egiten. 2013ko Txapelketan, berriz ere, antzerako zerbait sentitu nuen “Norbere mundu intimo” kantatzen hasi zenean. Harremanei buruz bertsotan ere problematizatu zitekeela sentitu nuen eta unibertso bat ireki zidan, hau da, zigun. Nerea Ibarzabalekin ere izaten dut sentsazio hori.

Gipuzkoako Txapelketako ganbarako gaian torturari buruz kantatzea erabaki zenuen.
Bertso batzuek kantatu eta denbora batera esker on uholdea sortzen dute. Badakit hala izan dela kasu honetan eskerrak publikoki argitaratu direlako, baina suposatzen dut pribatuan gehiago iritsi zitzaizula.
Bai. Esker ona jaso dut askorengandik eta bertsoak zentzua hartzen du komunitate batentzat kanal bat denean, edo norberaren sentipenentzat, kolektibo batentzat funtzioa daukanean edo estalita dauden gauzak ateratzen direnean.
Zenbaitentzat gai anakronikoa izan daiteke, baina errealitatea da torturak gertatu egin zirela; min hura ez dela erreparatu eta min hari ez zaiola erreparatu. Jende askorekin hitz egin dut torturari buruz, eta gogoetatzeko ere balio izan dit zertan ari ginen gure gaztaroan, bertsotan hasi ginen garaian. Askotan kritikatu izan dugu presoekiko ahaztura edo kaleko muskuluaren edo borondatearen gainbehera, baina torturatuez ez dugu hainbeste hitz egin; ez dira lehen lerroan egon.
“Kantatzeari beldur gutxiago izaten diot esateari baino”
Neuk ere ez nuen espero finalean bide hori hartzerik. Gaia entzun orduko bide asko har zitezkeela sumatu nuen, baina huraxe etorri zitzaidan indar handienez. Mikrofonoren aurrean nengoela sentipena izan nuen kantatzen ari nintzenak zenbait pertsona asko mugi zitzakeela, baina ordurako ur handitan sartuta nengoen… Ahaztuxe izan dugu hau guztia, baina gure gaztaroa edo belaunaldia markatu zuen torturatua izateko beldurrak. Uste dut gure belaunaldiko gehienak daukagula ezagunen bat torturatu dutena edo beldur hori oso presente izan duena. Torturak zuzenean eragin zien torturatuak izan zirenei. Askori bizitza puskatu zion eta gaur egunean lanketan segitzen dute; baina ez zien haiei bakarrik eragin. Jende askori militatzeko beldurra inokulatu zitzaion praktika horren bitartez, eta pentsatzen zutena esateko beldurra hedatu zuen, noski. Bertsotan ere zuzeneko eragina zuen: ekitaldiaren publikotasuna, grabaketa baten zabalkundea… ondorio serioak izan zitzakeen bertso bat kantatzeak eta horrek guztiak eragina zuen sorkuntza prozesuan. Zenbait gauza ezin ziren esan. Beste batzuk ezin ziren zalantzan jarri. Ez da kasualitatea metaforetara jo izana bolada batzuetan.

Paradoxikoa da, izan ere zuk, itxuraz behintzat, badirudi ezer kantatzeko beldurrik ez duzula sentitzen; baina sentitu duzu…
Bai, bai. Eta gogoratzen dut zenbait ekitaldiren aurretik loa ere galtzen nuela. Onartzen dut beldur sakonagoa sentitu izan dudala beste lagun batzuengatik niregatik baino; baina niri ere kantatuko nuenaren gaineko gogoeta gehigarria eragin izan dit, askori bezala, pentsatzen dut. Gainerako gaietan, esango nuke, oro har, bizitzan kantatzeari beldur gutxiago izan diodala esateari baino.
Bertsoa, askatzeko eta eragiteko tresna bat da. Eguneroko bizitzan gauzak esatea ez da erraza, baina bertsoak ematen du beste geruza bat, maskaratxo bat. Zenbait gauza esateko beldurra gainditzeak, funtzio bat dauka bertsotan eta, gaur egun, horrek motibatzen nau.
Ahalduntze Bertso Eskolan, Ez da kasualitatea saioetan, Izan Inurri-koetan, saio osteetan… batera pentsatzen eta batera ausartzen ikasi dugu; beldurra edo edonolako ondorioak kudeatzeko sare bat sortu dugu.
Saio normaletan sentitzen duzu beldur hori? Badira beldurra eragiten dizuten gaiak?
Gaur egun, ez. Zenbait saioren aurretik urduritzen naiz oraindik. Txapelketako saioen aurretik pasatzen ditut hiruzpalau egun ez–jatorra izaten… Bertigoa sortzen didate gai batzuek, beldurra ez nuke esango. Pereza edo urduritasuna sortu izan didan gairen bat tokatu izan zaidanean, bestalde, poz txiki bat ere pizten zait; pentsatzen dut “Ez zenion gaiari heldu nahi? Bada, hementxe daukazu tranpolina, erantzuiozu bertigo horri, ez dago ihesbiderik”. Gainpentsatu izan dut boladaka, teorizatzen saiatu naiz teorizatu ezin zitekeena; baina bertsoak bat-batean erantzutera behartzen zaitu. Mesede egiten dit beldurrari momentuan bertan erantzun behar izateak. Denok ere uste duguna baino sen handiagoa dugu eta uste dugun baino gehiago hitz egin, irakurri edo gogoetatu dugu gauzei buruz; bagabiltzala, bizi ahala, metatzen ditugu ideiak eta ideologia sedimentatzen joaten zaigu. Momentuan sortuko den horretan konfiantza jartzeak emaitza onak ematen ditu. Pertsona zalantzati asko ezagutzen ditut bertsogintzan, oholtza gainean, mundua ordenatzen saiatzen direnak. Sanoa da onartzea: “Hau naiz orain eta hemen, hona arte iritsi naiz, eta hauxe kontatuko dizuet; eta akaso etorkizunean iritziz alda nezake”, askatzailea da norbere iritziaren mediokritatea onartzeko malgutasuna.

Duela hamar urte Gipuzkoako txapeldunorde izan zinenetik Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalista izateko hautagai sendo bihurtu zinen. Zure kasuan, lehenago iritsi zitzaizun plazako legitimazioa txapelketako behin betiko konfirmazioa baino. Esango zenuke txapeldunorde izatearekin amaitu zirela zure txapelketako askatasunak?
Zurea izan daitekeela uste duzun eta ez den leku bat bermatzen saiatzea txapelketa beldurretik bizitzeko modua da. Gozamenaren aurka joatea ere bai, bide batez. Txapelketak oso momentu ezberdinetan harrapa zaitzake, eta bukatu ostean norbere pozak eta minak kudeatu behar dira. Azken batean, jende askoren aurrean hartzen dugu min edo poz. Denborarekin konturatu naiz txapelketa bakoitza zerbaitetan hobetzeko eta sakontzeko baliatu behar dela: astintzen nauten gaiak bilatzeko aukera bat, elkartzeko aitzakia bat, bertso eskolak artikulatzeko aitzakia bat, kezka berdinak dauzkaten pertsonekin saretzeko parada… Bertsogintzaren alor batean edo bestean (arlo ideologikoan, estilistikoan…) hobetzeko erronka jarri izan dut prestakuntzan. Emaitzak balio dezake plazan bizirauteko, edo ez; baina eman dezala ekarpenen bat epe luzera. Batzuetan txapelketan bertan eman diezazuke emaitza, baina beste batzuetan aurrerago loratzen da. Bakarka edo taldean, hurrengo inbertsioa zertan egin nahi duzun pentsatzea da gakoa nire ustez: “Zertan ez dut hanka sartu nahi, edo zertan sartu nahi dut oina”, erabakitzea.
“Mesede egiten dit beldurrari momentuan bertan erantzun behar izateak”
Honakoa ez da zure lehenengo txapela izan. Izatez, aurretik txapel asko jantzitakoa zara. Eskolarteko txapelketan hasi zinen lehiatzen. Azken Gipuzkoako Txapelketako finalista gehienak ere Eskolarteko txapeldunak izan dira. Hala ere, badaude beste bertsolari batzuk, adibidez, Oihana Iguaran edo Eneritz Artetxe Eskolarteko zirku-itutik pasatu gabekoak. Finalean Andoni Rekondok egin zuen papera ere ustekabekoa izan zen askorentzat…
Bertsokera ezberdina proposatzen du. Egon liteke alderik eskolartekotik datozen belaunaldietatik… Ez dakit. Agian txapelketatan hazitako belaunaldietakook badakargu balidazio behar bat, eta akaso beranduago agertu direnek badakarte askatasun edo ausardia handiagoa? Andoniren kasuan oso garbi ikusten da bertsoarekiko duen lilura hori gastatu gabe iritsi zaiola. Eneritz izugarrizko patxadarekin iritsi da puntaren puntara. Oihanaren kasuan, izan daitekeen gauza guztietatik bertsolari izatea hautatzen luxu bat da bertsozaleontzat. Oso azkarra da eta begirada fin-finekoa; gainera, beti ekarpenen baten bila ibiltzen da eta taldea indartzen du.

2001eko Eskolarteko Txapelketan parte hartu zenuten taldeka eta finalera heldu zineten. Lortu zuten lehenengo hiru neskak zinetela argitaratu zen prentsan. Zuen bertso eskolan emakumezkoak gehiengoa izateak zure ibilbidea emakume askorenetik ezberdina izaten eragin du?
Izan daiteke. Haurra nintzela Maddi Suarez eta Karmele Mitxelena zeuden bertso eskolan, eta taldean jarduteak mesede egin zigun, bidea samurtu zigun. Gogoratzen dut zaharragoek ere, Garazi Portugalek-eta babestu egiten gintuztela. Gerora, Mirari Martiarena ere batu zitzaigun bertsotara. Haur nintzela ez nuen presente bertsotan hanka sartzeko beldurra, baina gogoratzen naiz Maddi eta Karmelerengan jendaurreko sufrimendua ikusi egiten nuela. Niretzat ordubete autoan egin eta inork ezagutzen ez ninduen lekuan kantatzea ez zen arriskutsua, jolasa zen; eta ez nintzen epaitua sentitzen. Askotan salbatu nau inozentziak. Gerora, segurtasuna izatea taldeak ahalbidetu zidan. Edonola, orduko bertso eskolako mutil batek duela gutxi esan zidan hasieran ez nintzela ausartzen nire bertsoak kantzera, eta hari ematen nizkiola idatziz, berak abestu zitzan. Nik ez dut gogoan. Pretentsio baxuekin apuntatu nintzen bertso eskolara, ingurukoak apuntatu zirelako. Gerorako bidean, Karmele bertsogintzan mantentzea ezinbesteko oinarria izan da niretzat, horretan ez daukat inongo dudarik. Lehenengo bertso afariak elkarrekin egin genituen, gidatzen justu-justu jakinda batetik bestera ibiltzen ginen, parranda egin eta elkarri lepotik helduta bertsotan jarduten genuen ilusioz, umore propioa genuen bion artean eta askatasunez aritzen ginen. Laguntasun hori izan ez banu uste dut bertsogintzako garai batzuk ez nituzkeela gaindituko. Gerora, tamalez, askatzen joan dira bertsogintzatik. Gustura jarraituko nukeen haiekin kantari, baina… Behintzat bertsolaritzarekin lotutako antolaketa lanetan badihardugu elkarrekin herrian, Martzelina Lopetegi Bertsozale Elkartean, emanaldiak antolatzen eta emakume bertsolarien historiaren berreskurapen edo berrasmatze lanetan.
“Oholtza gainean jende askoren aurrean hartzen baitugu min edo poz“
Logistikoki, nola egiten diozu aurre txapeketa bati?
Ama izan aurretik sekulako akrobaziak egiten nituen txapelketara kokatuta iristeko. Emozionalki blindatzen saiatzen nintzen. Astean bizpahiru bertso eskola egiten nituen. Txapelketan egin beharko nituen ariketa guztiak egiten nituen egitura barneratzeko. Errima zerrendak egiten nituen nahiko konpultsiboki —barrez—, nahiz eta inoiz ez dudan haiek memorizatzeko tarterik hartu. Azken txapelketak amatasunetik egin ditut, posizio oso ezberdinetik; lotuta erabat. Haur txikiekin asko egotea eta ongi egotea behar nuen. Beraien loak nirea balditzatzen zuenez, lotarako zirrikituak bilatzen saiatu naiz. Saioko egunean kokatzen saiatzen naiz, gertatzen ari den hori (aurrean ditudanak, alboetan ditudanak) ikusten. Garaiaz pentsatzen. Giharra horretan jartzen nuen; balazta sakatu, eta hor egoten. Pozik, triste, edo nekatuta nagoen sentitu, eta dena delakoa onartu. Daukadan horrekin guztiarekin, edo apur horrekin, zerbait egin dezakedala sentitzen saiatzen naiz. Ez dakit zehazki zer aterako den —bat-batekotasunak hori baitauka—, baina zerbait aterako denaren segurantza daukat. Eta gauzak espero bezala ateratzen ez badira nire buruari barkatu egingo niokeela erabakita daukat. Bide honetan ezinbestekoa izan da etxekoen eta bertsokideen babesa.
Bolada batean zure kantaera lantzen ibili zinen. Zergatik landu norbere ahotsa?
Lantzeko ahalegina egin dut, baina askoz gehiago egingo nuke gustura. Kontua da ahotsa galdu nuela momentu batean, mikronoduluak sortu zitzaizkidala bertso afari batean ahotsa behartu eta jarraian Santa Ageda erronda bat egin nuelako, 4 ordu lo eginda… Horrela iritsi nintzen logopediara; hori sendatu ezean agian ezingo nuelako bertsotan jarraitu edo ebakuntza egin beharko zidatelako. Lanketa horretan estrategia batzuk eskaini zizkidaten, ahotsa berotzen ikasi nuen, eta ulertu nuen ahotsarekin lotutako zenbait afekzio nondik etor zitezkeen ere. Nire ahotsa ezagutzen lagundu dit eta sendotu egin dut nire eztarria. Bertso saio musikatuek ere lagundu didate entzuten. Askotan hitz egin izan dut Ixak Arrutirekin ere eta hark aholkatuta probatu ditut gauzak. Aritzeak eta probatzeak segurtasuna eman didate. Hala ere, nik doinu batzuk deskartatu egiten ditut, kantaeran neurriz gain pentsatu behar badut, adibidez; ezin badut edukian egon erabat. Bestalde, uste dut kantaera finegi eta ederregi batekin ere ez duela funtzionatzen nire mezuak —eta badakit hau da, batetik, aitzakia izugarri bat ez gehiago lantzeko—, baina egia da erresistentzia moduko bat diodala ahotsari “etekin” guztia ateratzeari. Dagokidan baino grabeago kantatzearekiko atxikimendu txiki bat badut, adibidez. Denok dauzkagu gure traumak eta mobidak, ezta?
Iruditzen zait bertsogintzan, gutxi gorabehera, sei urtetik behin olatu indartsua izaten dela. Adibidez, Aitor Mendiluze eta Igor elortza 1975ean jaioak dira; 1981ekoak dira, Fredi Paia eta Nerea Elustondo; 1987ko olatukoak zarete zuek, bai Beñat Gaztelumendi, bai Julio Soto eta baita zu ere. Txikitatik lehiatu duzue elkarren aurka, eta iruditzen zait zure ibilbidean oso pertsona garrantzitsuak bihurtu direla. Nola eraldatu da txikitako harreman hura?
Asko maite ditudan bi pertsona dira Julio eta Beñat. Esango nuke gure ibilbidean elkarren aurka jarduteak bidea batera egitera eraman gaituela. Igurtziak maitasun handia sortu du. Beñaten kasuan, adibidez, lehiakidetzat hartu izan gaitu inguruak, baina elkarren ikaskide izan ginen Ikus-entzunezko Komunikazioko graduan. Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketako finalistak izan ginelako bost eguneko bidaia egin genuen Parisera eta txango hartan hitz egin genuen ikasiko genuenari buruz. Bilboko bizipena ere konpartitu genuen biok, Uxue Alberdi, Oihana Bartra… bertsolari asko genbiltzan jira hartan. Afinitate pertsonala dugu: zinemagintza eta literatura konpartitu ditugu, gomendio kontrabandoan ibili gara.
Beñatengan beti aurkitu dut lagun bat eta erreferentzia bat. Uste dut harekin ikasi nuela bertsolariaren ofizioa zertan datzan. Asko gustatzen zitzaidan zein serio hartzen zuen bertsogintza. Izan ginen erreberentziaren eta irreberentziaren kontraste hori. Ni harritu egiten ninduen bere lanketak, bere aurrera begirako perspektibak. Iruditzen zait gaitasun mordoa dauzkala Beñatek eta berarengandik gertu egotea zorte handia izan da niretzat.
Eta gauza bera esan nezake Julioz ere. 13 bat urterekin estutu genuen harremana eta bizitzaren momentu garrantzitsuetan elkarrentzako hor egon gara, gai izan gara elkar zaintzeko, elkarrekin kafe bat hartzeko tartea hartzeko, eta nik hori izugarri eskertu dut. Bertsogintzaren inguruko kezkak partekatu ditugu: bertsoari lotuak, irauteari edo ez irauteari buruzkoak, B planak pentsatu ditugu… Asko begiratu diegu gure aurreko bertsolarien ekarpenei eta uste dut oraintxe ari garela gure bideak aurkitzen. Bertsolariaren ofizioa asko estimatzen duten bi pertsona dira. Niretzat garantia bat da saio batean beraietako bat egotea, patxadarako. Iritsi ninteke saio batera lo egin gabe, triste, pozik, euforiko…. Ezagutzen naute eta jakingo dute jokatzen, bultzatzen edo frenatzen. Esker infinitua diet. 2024ko Txapelketa honetan, bereziki; bai Julio eta bai Beñat Oiartzuneraino etorri dira behin baino gehiagotan; zenbaitetan bertso eskolarik egin ez eta paseatzeko edo kafe bat hartzeko.
“Torturak gertatu egin ziren, eta min hura ez da erreparatu eta min hari ez zaio erreparatu”
Eta ez dira Oiartzuna hurbildu diren bertsokide bakarrak…
Gauza bera esan dezaket hainbat bertsokidez: Oihana Bartra, Miren Artetxe, Miren Amuriza, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Oihana Arana, Maider Arregi, Maddi Aiestaran, Haizea Arana… Haien borondate eta eskuzabaltasunari esker errazagoa izan da prestaketa. Zenbaitekin bereziki hitz egin dut plazarekin lotutako amatasunaz. Bizirauteko estrategiak erakutsi dizkiogu elkarri. Lagun eta kide sare hori ezinbestekoa izan da bertsogintzari eusteko ez ezik garatzeko ere. Izan gara elkarren euskarri, eusleku eta belaunaldi.
GALDERA LABURRAK
Poto egiteko oin bat: bakARRA
Saio bateko momentua: Lehen ariketarako jaikitzea.
Saiora joateko kopilotu bat: Lagun bat.
Doinu bat: Ez nau izutzen negu hurbilak
Zortziko txikirako kantukide bat: Miren Artetxe Sarasola
Bertsolari klasiko bat: Lukasia Elizegi
Oin bat: -i(t)zen
Bertsolari mainstreamaren ofizioa aldatzen joan da hamarkadaz hamarkada: Euskal Filologia ikasten zuten lehen, Kazetaritza ondoren, eta orain badirudi Ikus-entzunezko Komunikazioa dela arrakasta gehien duena. Ikusizko input hori nabaritzen al da zure (zuen) bertsoetan?
Gu nerabe ginen garaian irudia oso indartsu sartu zen jendartean eta irudiak liluratuta hazi ginen; uste dut horrek bertsotarako baliabide batzuk eman dizkigula. Bestalde, esango nuke hori ere aldatzen ari dela gaur egun; izan ere, irudi komun gehiago genituen lehen, errelatoa bisualagoa zen. Gaur egungo begirada kaleidoskopikoa da. Azken batean, etengabe iristen dira behar berriak dituzten belaunaldiak eta ez dakit zein izango den hurrengo aldaketa; segur aski ez dugu guk jakin behar ere…
Ez da erraza norbere umorea besteekin partekatzea. Non sostengatzen da zerbait barregarria izango denaren konfiantza?
Zerbait norberaren parte denean atera egiten da. Konfiantzatik baino gehiago dauka onarpenetik nik uste. Ni ez nago seguru zerbaitek jendeari grazia egingo dionik, baina ezusteko batek niri tripetan eragiten badit, aurrera. Batzuetan, alderantziz, susmatzen dut zerbaitek grazia gutxi egingo diela entzuleei, eta horrek berak grazia gehiago eragiten dit; pentsatzen dut: “Hemen zaudete, eta entzun egin beharko duzue ba!”. Baimena ematen diot neure buruari, bihurrikeria intimo horretarako.
“Kulturak, zenbaiten begietarako, hautazko elementu bat izaten jarraitzen du”
Noiz hartu zenuen sorkuntzatik eta nagusiki bertsogintzatik bizitzeko erabakia?
Egunero hartzen dut. Gure lehen haurra jaio zenean, jabetu nintzen berarengandik urruntzekotan motibo indartsu bat behar nuela izan, gogoz egin nahi nituen egiten nituen gauzak. Sormenerako bada, berdin zait kilometroak egitea, bete egiten nau. Etxetik ateratzeko bulkada neuregandik sortzea behar dut, ez agendak markatzen duen betebeharra izatea. Batzuetan ez da erraza: baldintza ekonomikoak prekarioak edo ziurgabeak izan daitezke, norbere lana norberak erregulatu behar du… baina, aldi berean, hauxe da egin nahi dudana. Kuestionatu izan dut, autonomoaren bizitza ez baita samurra; baina bagabiltza, eta egunero berresten dut hartutako erabakia.
Nolakoa da euskarazko kultura sortzaile baten perspektiba ekonomikoa?
Diziplinaren arabera oso ezberdina dela suposatzen dut. Bertsozale elkarteak eta Lankuk sentsibilizazio lan handia egin dute lan munduan eta kulturagintzan, eta kontzientzia hartze bat egon da sortzaileen baldintzen inguruan, baina zer hobetua badago: pentsioei begira, ordutegiei begira… Elkartasun kutxa bat ere sortu da bertsolari bat gaixotzen bada asteburu horretako saio guztiak ez ditzan gal. Asko eskertzen dut gai horren inguruan pentsatzen ari den jendearen ekarpena: Lanartearena, bezala. Ez gaude beste zenbait sektore baino okerrago; baina nik uste kulturak, zenbaiten begietara, hautazko elementu bat izaten jarraitzen duela. Intentzio eraldatzailea baldin badu, bereziki.
“Baimena ematen diot nire buruari bihurrikeria intimorako”
Urte batzuk badaramatzazu plazaz plaza, entzuleria aldatu egin dela sumatzen duzu?
Publikoa zabaldu egin dela esango nuke. Lehen ez genituen entzule batzuk batu zaizkigu. Ingurune transfeministak beste entzule bat ekarri du, adibidez. Adin batetik gorako emakumeak, lehen interpelatuak sentitzen ez zirelako bertso saioetara joaten ez zirenak ere hurbildu dira. Lehengo publikoak ere hor jarraitzen du… Esango nuke aukera zabalagoa dagoela orain eta bakoitzak bere neurriko formatua hautatzen duela: batzuk libreko saioetara joaten dira, besteak bertso merenduetara, saio literarioetara, Señora Sariketara… Eskaintza zabaldu da eta orain ez da “bertsolaritza gustatzen zait” soilik, baizik “honako eta halako formatuetan gozatzen dut”.





