Errepaso bat

1994. urtea zen. Nik 14 urte nituen, aspaldi. Garai hartan ere gauza asko egingo nituen, noski, baina oroitzapenik gozoenak bertsoak dakarzkit. Ordurako, gure aita zenarekin, hamaika bertso kantatua nintzen kotxean, etxean bazkalorduetan, afalorduetan, ama eta arreba nazkatzeko lain bai, behintzat.

Jokin Uranga-(r)en argazkia Jokin Uranga 2025-11-12

Errepaso bat –

 

Powered by RedCircle

Afizio izugarria nuen, ILUSIO latza, beraz, bertso eskolan izena ematea pentsatu nuen.

Han aurkitu nuena oso gauza ederra izan zen: bertsoaz gozatzeko espazio seguru bat, lagun talde bikain bat ( ez ditut denak banaka-banaka aipatuko, norbait ahaztuko litzaidake eta inork ez du merezi ni berarekin ahazterik).

Urte hartako ikasturtea aurrera joan ahala, maiatzean, Gipuzkoako eskolarteko txapelketara joan behar genuela esan zigun bertso eskolako irakasleak:

– Maiatzean?

-noiz?

-Hirugarren asteko ostiralean.

-Joder!!! 8. Mailan nagok eta ikasbidaiara joan behar diat. Berdin duk, bertsotara joango nauk.

“Jende aurrean bertso bat kantatzeagatik 5 eguneko ikasbidaiari uko egiten dion 14 urteko gaztea benetan ariko duk ba”, esan omen zuen gure aitak.

 

Errepaso bat

 

Oraindik ere gogoratzen naiz gai jartzaileak gaia eman eta han kantatu nuen bertsoaz. Hori, hurrengo batean.

Egun hartatik aurrera, pixka bat bertsolariago sentitu nintzen eta lehen baino ILUSIO handiagoarekin jarraitu nuen bertsotan. Ez dut uste ikasbidaiaz gogoratu ere egin nintzenik, ez dakit.

Bertsolaritza puri-purian zegoen garaiak ziren haiek, edozein ekitaldi, herri afari, manifa… bertsolariak bertan egotea nahi izaten zuten antolatzaileek eta sarri xamar deitzen ziguten bertsotarako.

Gurpil horretan bueltaka pasatu genuen nerabezaroa, astero xamar kantatzen genuen .

Astero xamar kantatzeko ILUSIOA, konpromezu handi bat bihurtzen zen ahal bazen bi urtez behin. Lau urtero Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan kantatzeko aukera izaten nuen eta handik sailkatuz gero, Euskal Herrikoan kantatzeko ohorea.

Lagunekin elkartzen nintzen, astero, txapelketa hauek prestatzeko. ILUSIOA berriz ere. Aste osoan zehar (Gipuzkoako Bertsozale Elkartean daramatzat hogeitabi urte lanean irakasle modura) umeekin bertsolaritza lantzen aritu, lanetik irten eta lagunekin txapelketa prestatzera.

Txapelketek denetik eman  didate, pozak eta penak, penak eta pozak. Hala ere, pozekin askoz gehiago gogoratzen naiz atsekabeekin baino.

Dena bizi nuen intentsitate ikaragarriz. Bertsolaritzari esker lagun talde handi eta jator bat egin nuen, herri bakoitzeko jenderik onena ezagutu nuen… bertsolaritzari dena zor niola iruditzen zitzaidan, eta, inoiz ez nuela albora utziko. ILUSIO horrek mantentzen ninduen bizirik bizitzako unerik zailenetan ere.

Konturatzerako ia hogeita hamar urte pasa ziren ILUSIO horren pean.

Dena ez izan betiko, ordea, eta azken Euskal Herriko Txapelketan izena emateko ordua iritsi zenean, barrua hutsik sentitzen nuen, ez neukan ILUSIORIK, ez nuen jende aurrean kantatu nahi, plazarik egin gabe denbora neraman, eta, horrela esan nion neure buruari: aurten ez nauk joango Euskal Herriko Bertsolari Txapelketara. Barruak, KRAK, DAR-DAR. Eta zer sentituko diat lagunak kantuan entzundakoan? Damutuko ote  nauk hartutako erabakiaz? Eta txapelketa aurrera joan ahala ILUSIOA itzultzen bazaidak?

Ez naiz inoiz damutu hartutako erabakiaz. Ez zait plazarako ilusiorik itzuli. Eskerrak.

Gaur egun, oso gertuko jendearekin egiten ditut saio batzuk, tarteka. Oso gutxi. Eta horietan oso ondo pasatzen dut. Kito. Ez daukat plazak eskatzen duen ILUSIORIK, eta bertsotan noizbait ibili denak badaki ikaragarrizko ilusioa behar dela jende aurrera kantura ateratzeko.

Bertsoa lehen bezainbeste maite dut, plaza da motibatzen ez nauena, eta badut, oraindik, bertsoarekiko ILUSIOA, neuk egiteko baino besteei eginarazteko.

Hortxe nire erronka: Hezkuntza Arautuko eta Bertso Eskoletako ikasleak animatu nahi ditut, ni, hainbeste urtez hain zoriontsu egin nauen munduaren parte izatera.


*Musika:

Errepaso bat  Errepaso bat