Itxaso Paya
Itxaso Paya

2025-11-18

Trinoren eskola

Trinoren eskola –

ALBE (Algortako Bertsolari Eskola) Andoni Iriondok eta Trino Azkoitiak sortu zuten. ALBEko web atarian azaltzen den informazioa partekatu nahi dizuet:

“Uribe Kostako bertso-tradizioa ez zen hasi Algortako Bertsolari Eskolarekin. Esan daiteke ALBErekin birsortu egin zela, baina XX. mende hasieratik bertatik baziren bertsolari errimeak gure eskualdean: Luis Llona, Florentzio Zarraga Plantatxu, Pedro Kastresana Kastra, Asensio Bidaurrazaga Errotari, Patxo Abarrategi Pastore, Korbera, Bittor Bilbao Kaminero… Euren artean Asensio Bidaurrazaga getxoztarra izan zen txapelketetan-eta gehien nabarmendu zena. Garai hari buruzko informazio luze eta zabala Fredi Paiak 2013an argitaratutako Uribe Kostako bertsolaritza (1900-1980) liburuan dago. Argitalpen eder bezain mamitsu horren bitartez Fredik, aurretik Josu Landetak eta Joseba Santxok hasitako biltze-lanari taiuzko errematea eman zion.
 
Gaur egun Algortako Bertsolari Eskola «ALBE» deritzoguna Andoni Iriondo Barrenetxea mendarotarrak eta Trino Azkoitia Azpitarte azkoitiarrak sortu zuten 1980an. Urte hartan Andonik eta Trinok Bilbon egin zuten topo, euskararen aldeko jaialdi batean, eta hantxe piztu zitzaien Algortan bertso-eskola bat sortzeko gogoa.
 
Andonik eta Trinok bertso-eskola bat sortzeko erabakia hartu bezain laster ekin zioten arloari. Lehenengo egoitza Algortako Zabala herri ikastetxeko ikasgela bat izan zen. Hantxe batzen ziren, Andoni eta Trino ez ezik, herriko beste euskaltzale eta bertsozale batzuk ere, kantu eta bertso zaharrak abestu eta ahal zuten moduan bertsotan elkarri zirikatzeko.
 
Hasierako eskola haiek formalismo gutxikoak izaten ziren: heldu eta kantatu, sarri gazta eta sagardoa lagun zituztela. Tarteka bertsogintzaren teknika ere azaltzen zuen Trinok –Urola aldeko bertsolariak–, bere estilo jator, lagunkoi eta adore-emailean.
 
Urte pare bat geroago, Algortako San Nikolas ikastolara aldatu zen taldea, Xabier Agirregomezkorta zenaren bitartekaritzari esker. Egoitza berrian eskolak formaltzen hasi ziren eta bertsotan egiteko teknika serioago lantzen hasi zen. Gela barruko lanketaren ostean, lanketa praktikoa izaten zen Algortako Isidro taberna enblematikoan. Orduko helburu nagusia bertsotan ikastea zen, baina bertsogintza ondo pasatzeko tresna moduan ulertuta.”
 
Trinoren eskola
 
Ni bigarren fase hartan azaldu nintzen, San Nikolas ikastolako jantokian egoten ziren bertsotan hauek, eta ni, ume txiki bat, entzuten, adi. Isidroren taberna ere ezagutzeko aukera izan nuen eta hantxe ikasi nuen zer zen Trinoren eskola. Bertsolaria enbor baten gainera igotzen zen eta, behetik, gainerakoek erantzuten zioten. Erantzunik onena botatzen zuenak (enbor gaineko bertsolariak botatakoa baino hobea baldin bazen) enborrera igo behar zuen, jolasa errepikatuz. 
 
Gaur egun oso ezaguna da ALBE. Bertsosaio ugari antolatzen dira eskualdean, bertso eskola ere aktibo dago eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen hezkuntzako proiektuari esker tarteka ume berriak azaltzen dira bertara. 
 
Andonik eta Trinok hartutako erabakiari eta egindako lanari esker Algorta bertsozalea da gaur egun. Mendaro eta Azpeitiatik etorri ziren eta sekula ez dute alde egin gure artetik. 
 
Jon Lopategi, Cristina Mardaras, Andoni Iriondo, Trino Azkoitia.. bezalako pertsonak aurkitzea opari bat izan da niretzako. Haiek gabe, litekeena da, Algortan ez zela bertsolaririk egongo, egun.
Trinoren eskola  Trinoren eskola