Neure kolkorako

Xabat Galletebeitia-(r)en argazkia Xabat Galletebeitia 2025-11-26

Neure kolkorako –

 

Powered by RedCircle

Bertsolaria da, beti hala sentitu izan ez bada ere. Eskolarteko bat-bateko txapelketa irabazi osteko urtean utzi zuen bertsoa, lehenengoz. Batzuetan, bigarren aldiarekin fantaseatzen du. Ez daki zergatik baina lehen baino sarriago begiratzen du atzera. 14 urterekin bertsoa utzi zuen mutikoa ikusten du bertso eskolan bere lekua ezin aurkituta, eta diapositibak datozkio bata bestearen atzetik jarraian.

Gogoratu da nola itzuli zen bertsotara 21-22 urte zituenean. Nola irteten zen plazara hasierako garai haietan. Nola, non, noiz eta norekin. Batez ere, azken hori. Oso oroitzapen onak ditu, abestutakoak entzunez gero lotsagorritu egingo litzatekeen arren; badaki-eta orduan kantatu zituen zenbait gauza ez lizkiokeela gaur egungo bere buruari onartuko, ezta lagunei ere. Herri txiki bateko festak datozkio gogora, bat-batean: urte batzuk beranduago zela esango luke, baina ez du inporta. Bertso poteoan zebiltzala, bere kantukide batek bertso eskolako kide baten gorputz atalei buruz abestu zuen – kantukidearen eta bere amaren bularrak konparatuz-. Deserosoa izan zen, ezinetik egin zuen, konturatu egin zen, gainera. Beranduegi, beste behin. Jarraian etorri zaio Arabarekin muga egiten duen herri bateko bertso bazkariko irudia. Eredutzat zuen lagunak egin zion proposamena, tankerako plazetan sarri-sarri ibili ohi zenak. Sekulako ilusioarekin joan zen. Lagunak bere arrebari buruzko txisteak egin zituen bertsotan -oso buena zegoela, gustora ezagutuko lukeela…-. Triunfatu egin zuten; ez daki zergatik idazten duen pluralean oraindik.

Garaitsu hartan hasi zen txapelketetan parte hartzen ere. Lehen aldiz herrialdeko txapelketara sailkatu zenean galdetu egin behar izan zuen ea nork eman zuen bere izena, dena esan behar bada. Inozentzia horregatik, agian, ezin ditu lehen urteetako gauza asko akordura ekarri. Bere bertso ibilbidean inflexio puntua izango zen urtean kokatu da. Aurreneko aldiz, harrituta (harrotuta?) gelditu zen lortutakoarekin. Bertsokide eta bertsozale gehiagorekin harremantzen hasi zen, plaza eta bertso mundua gehiago ezagutzen, ez kopuruz bakarrik. “A zer txapelketa egin duzuna, tio! Feminisimoak egingo dizu putadatxoa zuri, bestela, plaza gehiago izango zenituzke orain.” Elitekotzat zuen bertsolari batek esan zion, omenaldi baten atarian denbora egiten ari zirela. “Nola ez dizutela sekula X saiorako zuri deitu? Neska izango bazina…” entzungo zuen geroago, ez behin eta ez birritan. “Feministen laguna izateak ez dizu mesederik egiten txapelketarako”. Jada bertsotan ez dabilen lagun batek aholkatu zion horrela, duela ez horrenbeste.

Neure kolkorako
Arg: Gaby

“Neska izanda gaur egun errazagoa da kantatzea”. Ez daki nork eta noiz esan zion hori estreinakoz, konplizitatea bilatu nahian. Badaki ez diotela maizagotan esan, badaezpada, baina askoren kezka izaten jarraitzen duela. Noizbait bera ere sinisteko puntuan egon zelako daki hori. “(Ofizioan) bota dion hori mutil batek neska bati kantatu izan balio…” Txapelketa Nagusiko saio bat ikusten ari zela xuxurlatu zion belarrira lagunak. “Itzela A-ren bakarkakoa. Betikoari kantatu dio, baina bueno”, atzeko ilarako ezagunak, nahita, denek entzun zezaten. Azkenetariko batean, komunetako iruzkin batek erakarri zuen bere arreta. “Konturatu zara? Grada transfeministakoek apenas txalotu dute M.”

Pena du txapelketatik kanpoko testuinguruetan ez duelako beti hain belarri zolia izan. Inoiz gutxitan hitz egiten du gaiaz bertso munduko lagunekin. “Ez zaizkit Ez da kasualitatea saioak gustatzen, nahiago ditut bertso saio normalak”. Baliteke bere lagun ez-bertsozaleek arrazoi izatea: ez da erraza gaur egungo bertsolaritza ulertzea. “Zergatik ezin dira ekarri bi mutil bertso afarira?” Atzerantz darama oroitzapenak, berriro, herrian egiten ziren bertso afari arrakastatsuetaraino. Bi tipo bertsotan, gauerdia jota, kafea, kea eta patxarana. Besteak beste, arraun taldeko neskak publikoan. Nahiago du detaileetan ez sartu. “Bertsolariak behar ditugu. Deitu neskaren bati” eskatzen dio orain  antolatzaileak.

Bertsolaria da, beraz. Lehen baino sarriago begiratzen du atzera. Esan dizkiotenez eta etzun izan dituenez akordatu da. Eta, batez ere batez ere, erantzun ordez, [i]bere kolkorako isildu izan dituenez.


*Musika: Rocinante´s Lament, Doctor Turtle. Free Music Archive.

Neure kolkorako 
Neure kolkorako