Hernandorenaren lehen txapelketak
Hernandorenaren lehen txapelketak –
Hamasei bertsolari bildu zituen saialdi hartan, eta txapelketaren lehen saioa, aurrerago jokatuko zen finalaren kanporaketa gisa antolatu zuena, Donibane Lohizunen ospatu zen, 1946ko irailaren 22an. Gastu guztiak ordaindu behar izan zituen, baina ez zitzaion batere damutu:
“Lohitzunen eratu nuan txapelketa hura neretzat atsegingarria izan zen, ez nire patrikarentzat, orduko 50.000 franko baiño gehiago kostatu zitzaidalako, baiño bai nire satisfaziorako, eta barkatu othoi esaten badut, nire urgulloarentzat, an lerrokada aundi batean ezarriak ikusten bai nitun, Ipar Euskalerriko bazter guzietatik etorritako bertsolariak EUSKALTZALEEN BILTZARREKO buruzagien aurrean, eta nik, biotzkada batek eragiñik sakrifizio aundi baten ondoren, bertara ekarriak. Egun artan konturatu ziran Euskaltzaleen Biltzarreko buruzagiak bertsolariak etzirala bistrotan irri egiñarazten ibiltzen zirenak.” (Lasa, 2008: 783)
Finala Hazparnen jokatu zen azaroaren 17an. Mattin irten zen garaile. Ez batera eta ez bestera ez zen jende askorik hurbildu. Bigarrengora azaldu zirenei, ordea, ez zitzaien kategoriarik falta:
“Errana dizuet Donibanen —ene moltsaren zorigaitzez— etzela jende aunitzik bildu pertsulariak entzuteko. Itxaropen osua nuan Hasparnen gehiago izango zala. Lau orenetan astekuak ziran pertsulariak. Ni, lauak eta laurdenak pasaturik sartu nitzan trinketera eta bertan zeuden lau pertsona, Agirre Lehendakaria bere emaztea eta bi seme alabarekin. Bertze nior ez…” (Herria, 1965/III/18, 4. or., “Pertsulariak”)
Hurrengo zortzi urteetan gisa horretako hamazazpi saio antolatu zituen zizurkildarrak. Eta Lore Jokoetan nahiz Euzko Pizkundean garatutako bideari jarraikiz ahalegin berezia egin zuen bertsolaritza prestigiatzeko. Horrela, apaiz, politikari, auzapez, idazle, mediku eta gisakoak eseri ohi zituen epaimahaian.

Bestalde, hasiera-hasieratik bilatu zuen Hegoaldeko bertsolariak ekarri eta Euskal Herri osoko sariketa antolatu ahal izatea. Honela, Saran 1948ko apirilaren 4rako antolatu zuen saiora Uztapide eta Basarri ekartzen saiatu zen. Saiakera Hegoaldeko organigrama frankistarekin harreman oso onak zituen Sarako alkate Dutournierren bidez egin zuen, baina bi bertsolariek ez zuten muga pasatzerik izan. Hurrengo urtean, ordea, bai lortu zuen bi bertsolariok 1949ko Urruñako saioara ekartzea eta handik aurrera urtero ekarri zituen Hegoaldekoak (Basarriz eta Uztapidez gain, Mitxelena, Lasarte, Azpillaga, Lopategi eta abar).
Zizurkildarrak berezko sena zuen propagandarako, eta txapelketa horien antolaketan oso kontuan hartuko zuen alderdi hori. 1944an Herria aldizkaria sortu berria zen, sei hamarkadatan Ipar Euskal Herriko euskaldunen artean hegemonikoa izan ondoren naziekin lerratu zelako itxi zuten Eskualdunaren lekukoa hartzeko, eta Hernandorenak bertako zuzendari Pierre Lafitterekin harreman ona egin zuenez, aldizkaria baliatu zuen plataforma nagusi gisa. Saio horien guztien iragarpen, deialdi, kronika eta iruzkinak argitaratu zituen, eta bestelako sinadura batzuk ere batu zitzaizkion pixkanaka lan horretan. Horrela, eta Hegoaldeak frankismoaren lehen hamarkadan bizi zuen erabateko blokeoa zela medio, Herria izan zen 1940ko bigarren erdian bertsolaritzaz gehien argitaratu zuen medioa, alde handiarekin gainera. Eta Hegoaldean Basarrik La Voz de Españarekin egin zuen bezala, Hernandorenak Herriaren babesletzaz antolatu zuen txapelketaren bat (1953an antolatutako bigarrena, esaterako).
Herriako testu horietako batzuk ematen dituzte, hain zuzen, Hernandorenak hedapenari jartzen zion arretaren zantzu gehiago. Horrela, 1947ko irailaren 8an Donibane Garazin ospatu zen txapelketari buruzko kronikan zera irakur daiteke: “Pertsulariak chafaut-gain batean ziren, zortziak. Chafauta gorriz aphaindua zen. Dilindan gibelachago eskualdun bandera […] Ondoan bi andere Paristar gaztek tresna berezi batekin bertsolarien kantuak hartzen zituzten” (Herria, 1947/IX/11, 1. or., “Bertsularien bigarren eguna”). Claudie Marcel-Dubois eta Marie-Margerite Pichonnet-Andral izan ziren Hernandorenak aipatzen dituen bi andere Paristar gazte haiek, Parisko Musée national des Arts et Traditions populaires-etik (MNATP) Euskal Herrira hainbat grabaketa egitera etorritako ikerlariak. Askotan esan izan da 1960ko txapelketa izan zela lehen aldiz magnetofonoz grabatu zena, baina Herriako testuak agerian uzten du hamahiru urte lehenago aritu zirela grabatzen[1].
1952ko abenduaren 28an Saran jokatutako saioaren kronikak, bestalde, honela dio: “Kazeta egile parrasta bat mendiz bi aldetakoak: Donostiarren artean ezagutu ditugu Echaide eta Bordari. ‘Radio-diffusion’ delakoak ere hari dira, ondoko egunetan […] emaiteko T.S.F.-az […] Stern jaun Amerikanoa ere hor zen, film bat ari baita aphailatzen Eskual-herrian” (Herria, 1953/I/01, 1. or., “Mattin Aheztarra chapeldun”, Han zen bat) .
Batetik, kazetari ugariren presentzia, bada, urte haietan El Diario Vascon euskal gaiak lantzen zituen Fernando Artola Bordari eta Jon Etxaide idazlea espresuki izendatuaz[2]. Bestetik, grabaketa berriro ere, kasu honetan irrati emanaldi baterako. Eta, azkenik, zinemagile baten presentzia. Interes mediatiko potentea 1950eko hamarraldiaren hasieran partikular batek antolatutako bertso-saioa izateko.
Hegoaldeko bertsolariak parte hartzen hasten direnean Hegoaldera ere iritsiko da oihartzuna. 1949an, Basarri lehen aldiz aurkeztu eta txapeldun irtetean, La Voz de Españak lau testu eskainiko dizkio gertakariari, tartean baita bertsolaritzaren historiako hirugarren elkarrizketa, gerraurretik Txirritari eta Basarriri egindakoen ondoren:
“Y Basarri, nuestro compañero que deleita con su ‘Atalaya Montañera’ todos los días a los lectores de LA VOZ DE ESPAÑA, venía nada menos de proclamarse campeonísimo en el difícil arte de improvisar en verso […] Suspendimos un tanto los placeres y me lo arrastré a mi despacho. Puso sobre la mesa la copa […] —¿Se había presentado usted alguna otra vez? […] —¿Cuántos bersolaris contendían?” (La Voz de España, 1949/XI/22, “Basarri campeón del mundo de bersolaris”, Engrazio Aranzadi Basa Jaun)
Hortik aurrera egunkari donostiarrak kasik urtero emango du Hernandorenaren txapelketen berri, eta 1953an, Luhuson taldeka egin zen txapelketan gipuzkoarrek (Uztapide, Lasarte eta Lizaso) irabaztean, El Diario Vasco ere batuko zaio .
Lortu dute Hernandorenak eta Basarrik, batak Iparraldetik eta besteak Hegoaldetik, aurreko zikloari segida emateko ahaleginak uztartzea.
[1] Bertsularien Lagunen webgunean entzun daitezke audioak. Helbide honetan https://numerikoak.bilketa.eus/ark:/27020/art1015780 [2025/05/21ean kontsultatua]
[2] Bordari bertsolaritzaren eragile garrantzitsu bat (gai-jartzaile, aurkezle, epaile eta antolatzaile) izan zen 1960ko hamarraldian. Jon Etxaidek Etxahuni buruzko eleberria eta hainbat artikulu argitaratu zituen.

