Eskolarteko txapelketari sintonia jartzeko lehiaketa ireki du Bertsozale Elkarteak
Eskolarteko txapelketari sintonia jartzeko lehiaketa –

Haur eta gazteek jendaurrean kantatu ahal izateko, harremanak egiteko, euren hurbilekoak bertsozaletzeko eta antolakuntza lanetan ardurak hartzen ikasteko da Eskolartekoa, Bertsozale Elkartearen hitzetan. Bertso merenduek, saio didaktikoek, idatzizko sariketek zein bat-bateko txapelketak osatzen dute ekimena. Eskolarteko txapelketaren helburuak, sorreratik, gaztetxoei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea eta adin horretako haur eta gaztetxoak entzulearen aulkitik zaletzea izan da. Bertsoaren bidez ikastoletan euskara eta euskal kultura sustatzea izan zen ekimen honen sorrerako sena.
2026an ekimen honen beste edizio bat ospatuko da, eta antolatzaileak hasiak dira aurrelanketarekin: izena, irudia… baina sintonia falta da. Horretarako Bertsozale Elkarteak lehiaketa bat jarri du martxan.
Lehiaketaren oinarriak hauek dira:
- Sintonia bi iraupenetako bi artxibotan entregatuko da: 2 – 2:30 minutuko bat eta 30 segunduko bestea.
- Ezin du izan AArekin egindakoa.
- Ezin du letrarik izan, ez behintzat protagonismo handiarekin.
- Sintoniak Eskolartekoaren oinarriak islatu behar ditu.
Oinarriak 2014an finkatu ziren, Euskal Herriko bertso-eskolekin Eskolartekoari buruz egindako gogoeta prozesu batean. Hauek:
- Txikientzat lehiarik gabeko saioetan kantatzeko aukera ematea.
- Bat-batean aritzea, eta bertsolarien zereginetara mugatu gabe aritzeko aukera izatea (nahi duten rolean).
- Bertso Eskolen Egunekin lotzea, eta elkarrekin harremanak izateko baliatzea.
Sintoniak lantzeko martxora arteko tartea egongo da. Izan ere, lanak aurkezteko azken eguna martxoaren 10a izango da. Bi formatu hauetan aurkeztu beharko dira lanak: .wav edo .mp3 sustapena@bertsozale.eus helbidera bidalita.
Martxoaren 24an jakingo da irabazlea nor den, alegia, Eskolarteko sintonia zein izango den. Horretarako, bost adarreko epai-mahaia eratu da, ondorengoa:
– Eskolartekoan parte hartutako bertsolariak (%40)
– Ikastolen Elkartea (%20)
– Bertsozale Elkarteko Doinutegi batzordea (%20)
– Bertso saio musikatuetako musikariak (%10)
– Bertsozale Elkarteko langile musikariak (%10)
*Ehunekoak erabakimen mailari egiten dio erreferentzia. Bozkak hartzen duen gazta zatiari.
Sintonia irabazlea aurkeztu duten lagunek Arantzako aterpetxean gau bat pasatzeko aukera izango dute, ‘Ahots Baten’ sormen egonaldian parte hartzeko txartela eta Eskolarteko finalean oholtzan interpretatzeko parada. Honela, bertsogintzaz gain, bestelako adierazpideek ere izango dute lekua Eskolartekoan.

