Egoitz Zelaia
Egoitz Zelaia

2026-01-01

Hor dena / Ordena?

Hor dena / Ordena –

Hor dena / Ordena
Arg: UK Berri

 

 

 
 
 
Kafeko lehen tragoarekin
zituenak errateke
aho betean bota zituen
haserre, burua tente:
(…) sprayak, gasak, balak, pilotak,
poltsak; munizio bete…
ezetz xahutu haiek ordaindu
beharko balituzkete!
 
 
 
Bere horretan jarraitu zuen:
(…) non ote dauka kabida
proportziorik gabe hasteak 
liskarretan tirabira?
Zertan dabiltzan ez dakitela
dakigunontzat argi da!
Deus ez dakiten gimnasioko  
ume mimatuak dira. 
 
 
 
(…) Arzalluz zein den galdetu eta, 
esaten dizut egia,
ez jakin eta, ez litzaieke
gorrituko aurpegia.
Zion erabat aldatu dela  
Ertzainen ikuspegia:
(…) batzuek mihi zorrotza dute
eta azal finegia.
 
 
 
EAJko militantea
naiz (…) zion lotsarik gabe,
katiluari zurrut eginez,
eta hitza parez pare:
(…) legea betearazten dute,
pribilegioen jabe…
legea betearazten baina 
legearen menpe daude.
 
 
 
Ahots hautsiaz jarraitu zuen
bilatzen oniritzia
adierazten min gibelean
zegoen injustizia:
(…) sufritu dugun guztiarekin
ez ote da minbizia
gure hizkuntza guztiz gorroto 
duen “euskal” polizia?
 
 
 
Grisen antzera gu jipoitzea
besterik ez zen faltako (…)
Lasaitu eta aitortu zuen 
kafea bukatzerako
haserre zela kontrol batean
gerarazi zutelako
euskaraz egin eta ertzaina
oldartu zitzaiolako.
Hor dena / Ordena