Larunbatean izango da Xilabako finala
Larunbatean izango da Xilabako finala –

24 bertsolarik ekin zioten azaroan txapelketako bideari, eta sei dira finalera heldu direnak: Aitor Servier, Elixabet Etxandi, Irantzu Idoate, Maddalen Arzallus, Maddi Ane Txoperena eta Miren Artetxe. Estreinakoz bost emakume izango dira finalean (%84) eta 29 urtekoa da finalisten bataz besteko adina. Sei bertsolariak Seaskako ikastoletako ikasle izanak dira, eta euren artean adin tartea egon arren seirei ukatu zaie baxoa euskaraz pasatzea.
Honako lanak egin beharko dituzte:
- Binaka, gaia emanik, hiruna bertso zortziko handian
- Binaka, gaia emanik, hiruna bertso zortziko ttipian
- Banaka, puntua emanik hiru bertso zortziko ttipian
- Binaka, gaia emanik, hiruna bertso hamarreko ttipian
- Ganbarako banakako lana: Gaia emanik, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian
- BURUZ-BURUKOA
- Binaka, gaia emanik, hiruna bertso sei puntuko motzean
- Binaka, gaia emanik, hiruna bertso zortziko ttipian
- Ganbarako banakako lana: Gaia emanik, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian
Maialen Hiribarrenek (Itsasu, 1957) jarriko dio txapela irabazleari. Prentsaurrekoan esan duenaren arabera “sobera gogoetatu gabe” eman zuen baiezkoa: “Ohore handia dela uste dut, eta nahiko nuke ni bezala lanean ari izan direnen izenean eskaini txapel hori”. Elkartetik adierazi dutenez “Bertsularien lagunak elkartean 15 urtez bolondres lanetan jardun du Hiribarrenek. Elkartea bera osatzen eta indartzen animaleko lana egin du, gaur egungo ardatzei hauspoa ematen, batez ere transmisioari. Seaskako irakasle izana da urte luzez erretreta hartu zuen arte eta lehen bertso eskolen bultzatzaile eta sortzaileetako bat izan da”.
Bertsoa.eus-en ikusi daitezke finalaren aurkezpenean guztiek egindako adierazpenak.
Finala larunbatean izango da, urtarrilak 31, Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan, 17:00etan.
Sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai.

