Ardiek inbidia ematen didate –
Doinua: Nigarra begian
Oporretara goaz
abioi onetan
ta lanera joaten
gara furgonetan
noiz ikasiko dugu
ezinegonetan
ezin dugula bizi
erritmo honetan
Jan denbora mugatzen
du ordu laurdenak
dilistak, babarrunak,
garbantzuak, kremak…
presio eltzean egin
ohi ditugu denak
Baina gu gara laster
lehertuko garenak
Lehen zen lanera joan
atera ta aio!
ta gaur ordenagailu
txikien karraio
etxean ordu extrak
sartzen zenbat saio
Baina orain “telelan”
deitzen omen zaio
Jaiki eta lanera
presaka irtenda
bukatu eta gero
goraino agenda
afaldu ta lotara
joan gaitezen ba
Gero bizitza azkar
joaten omen da
Ze_izan nahi dudan esan
izan balidate
ardiek inbidia
ematen didate
ez presarik, ez lanik,
ez kezkarik bat e
Beltzek ere zurien
bakea daukate
Hori da mundurako
daukadan eskea
presaka biziz gero
bata ta bestea
Zaila da heriotza
hortik bereiztea
Agian komeni da
martxa bat jeistea


