Hogeita seigarrena –
Doinua: Norteko ferrokarrila
Negu beteko freskuran baina
giro onaren berotan,
Bortziritako bertso eskolaren
taldekakoa gogotan.
Egun ederra izan zen eta
dena kontatu asmotan,
hor doa, azken lehiaketaren
kronikatxoa bertsotan.
Urteko azken larunbatean
bazen hitzordu gehiago.
Halare iaz, mende laurdena
bete genuen ta, klaro.
Bertze aldi bat behar genuen,
ni behintzat horretan nago.
Hogeita bortzak alferrik dira
jarraipenik ez badago.
Bertsolariak, gai jartzaileak,…
gogotsu,modu iaioan.
Ta entzulerik gabe ere nola
ezin den urruti joan.
Espidobaitan elkatu ginen
berotzeko entsaioan,
Bazkal ondotik egin genuen
konparaketa saioan.
Bera agurtu ta Lesakara,
goazen, Bidasoan gora.
Bi finalerdi eta finala,
Antoiutik Arranora.
Lauko lau talde, (beraz, hamasei);
falta zirenak, albora.
Ginenak geunden, geundenak ginen
horrenbertzean gustora!
Antoiun lehen finalerdian
norgehiagoka itzela:
ofizio,oin, tabu, objetu…
(soilik falta zen kartzela).
Eztakigu, Versus Tuku-tuki
hura bukatu bezela,
Eztakiguk, jada bazekien
lehen finalista zela.

Telebotera mugitu ginen
bigarrena jokatzeko.
izen hori du,le(he)n telebista
han jarri zela tarteko.
Hiruzpalau, ta Ortzeguntakuk,
ostatua jendez lepo…
ba, ez zen hain bertso-saio txarra
telebistaz emateko.
Han,Hiruzpalau hobe aritu zen
epaileen gustorako.
Gero Arranon, guztiak konten:
ez zen guttiagorako:
Pasatu zena, aski gustora,
final haundian zelako.
eta bertzeok,kezkarik gabe
afal genezakelako.
Final aurretik, zozketatxoak,
diru pixkot bildu asmoz.
Ah!Finalera nor pasatu zen
ez dizuet erran,…ados;
Eztakigun,Enaitz,Etxahun, Manu,
ta Ioar, ..guztiak gogoz,
Ta Hiruzpalau, taldean,Mizel
Egoitz,Iban, eta Karlos.
Lanak banatu eta saioa
osatu zen pixkanaka:
Ofiziotan: haundi zein ttiki,
trikiarekin koplaka,..
Tabu jolasa hirunaka ta
zortzi oinekin banaka,
Ganbarakoan, Pitxik jotako
pieza ere ezin falta.
Bakoitzak bere onetik eman
ta finala joan zen goitik.
Puntuak batu ta aurkezleek
hartu bidenabarnotik.
Kotto Sariko garaile nor zen
jakin genuen ondotik,
iaz saridun izan zen Manu
Goioganaren ahotik.
Josu Goiak, behin, Kotton omenez
sortu ta guri emana.
Bi mila ta sei urtetik honat
izen-abizen andana.
Azkenekoa;Mizel Mateo.
(merezita eramana!)
urtebetean Kotto zaintzea
izanen da bere lana.
Epaimahaikoen deliberoa
ailegatu zen segidan
Ai!Eztakigu,hor gelditu zen
garaipenaren desiran.
Ta Hiruzpalau lehiaketako
palmaresera zen igan.
edo bertzela erranda;Karlos,
Egoitz, Mizel eta Iban.
Baina ez txapel ta ez garaikur
ez zuten jasoko hara!
kakaorako ezpainetako
bat, bertze denen gisara.
Guztiek gauza bera hartzea,
gure filosofia da:
Bortziritako bertso eskolan
denak berdinak bait gara.
Eta nola ez, talde-argazkia
(hemen goian dagoena)
bizi genuen egun ederra
ongi islatzen duena.
Hogeitaseia bukatu arren
aintzinera doa trena.
dagoeneko burutan dugu
hogeita zazpigarrena (ber)

