Arren ta otoi, soziologiak
argitu diezadala
pertsona nola izan litekeen
hain izaki anormala
zeinek eta non idazten digun
jakingo banu, oxala
watsap-talde ta kuadriletako
hizketagaien atala.
Mezkita baten minareteak
ta elizako kanpaiak
estatu ustez laikoetan
ikusten diren paisaiak
gauza bakarrak xedatzen ditu
bizi ditugun garaiak
lehen arazorik ez zen lekuan
arazoak sortu nahiak.
Burka-legea eraman zuten
Espainiko kongresura
oraindik ere kare-kondarrak
gordetzen diren lekura
askok eskuak ekarri ditu
zapi gabeko burura
eta eskuina, hara, sorpresa,
feminista bihurtu da.
Komenientzira jabetzen gara
ukatutako ikurrez
honen ta haren askatasuna
bermatuko da, egurrez
tabernan hortaz gabiltza hizketan
berotutako muturrez
eta auzoko saharauia
kanporatzeko beldurrez.
Burka-legea eraitsi zuten,
pasa dezagun orria,
ea, zein ote tokatzen zaigun
hizketako gai berria?
Orain Therian horiena da
gure arazo larria
beste arazorik ez ikustea
bai dela izugarria.
Animalia sentitzen diren
gizakumeen zerrenda
azkenaldian hor omen dabil
paperetatik irtenda
nola ez direla hauek pertsona?
Ezin al litezke senda?
Transfobiaren elikagaia
plater txikitik hasten da.
Izan niqabak, izan hijabak
edo izan Therianak
denon begiak elkartzen ditu
jartzen diguten dianak
ultraeskuinak markatzen ditu
gure hizketagai danak
behar dugunaz hitz egiteko
orain baditugu lanak.


