Libe Goenaga
Libe Goenaga

2026-03-09

Bertso eskolez

Bertso eskolez –

Bertso eskolez
Arg: Cleyton Ewerton

Atal honetan idatzi nuen azken aldian herriko bertso afari baten gorabeherez idatzi nuen. Ez dakit artikuluak inguruan sona izan ote zuen edo… baina ustearen kontrako ondorioa izan zuen saio hark. Jarduna bukatu ostean zenbait lagun gerturatu ziren interesatuta eta… tatxan: hasi berrien bertso eskola sortu dugu herrian.

Astearte iluntzetan 22-30 urte bitarteko 14 neska mutil elkartzen gara gaztetxean. Bertsoaldiak aztertzen ditugu, jolastu egiten gara eta bertsoak osatzen ikasten gabiltza. Baina, batez ere, bertsoa aitzakiatzat hartuta ondo pasatzen dugu.

Hipotesia ederra da: bertsoa ez da bertsolariena, eta hala bada, bertsoa erabili nahi duen oro izango da bertsolaria. Bertsoarekin harremanetan daramatzadan urte guzti hauetan, ordea, asterokotasunean elkartzen diren mota bakarreko bertso taldeak ezagutu ditut: prestaketara bideratutakoak. Gainontzeko bertso eskolako kideekin urtean bizpahiru aldiz soilik elkartzen gara. Juxtu, itzalpeko jarduna egin behar denean laguntza eskatzen diegulako, eta ez dakit haien lana ez ote dugun gehiegi gutxiesten ere.

Oholtzako prestaketetarako, zaurgarri izan zaitezkeen territorioak aurkitzea behar beharrezkoa da. Zaila, baina beharrezkoa. Hortik kanpora ere bertsoaz gozatzeko aukerak badaude. Herrian, galtzekorik eta defendatzekorik ez daukanaren tokitik kantatzeko espazio bat sortu dugu. Ez ditugu memorian iltzatuta geratuko diren bertsoak abestuko, (xelebrearen xelebrez bakarren bat bai) baina poza ematen didate gure arteko bertso afariek. “Oraingoz” bertsoaz gozatzera baino bertsoaldiak epaitzera joaten diren begiradetatik urrun gaudelako.

Bertso eskolez