Aztiriko saioa jokatuta zehaztu da Osinaldeko finala
Aztiriko saioa jokatuta zehaztu da Osinaldeko finala –

Martxoaren 28an jokatu zen bertsolari gazteentzako Osinalde lehiaketaren baitan kokatzen den Aztiriko (Gabiria) kanporaketa. Bertan ziren Iruri Altzerreka (Garai), Janire Arrizabalaga (Gernika), Mikel Etxezarreta (Olaberria), Joanes Azpillaga (Azpeitia), Jon Mendiluze (Irura) eta Ekain Alegre (Altsasu). Eresti Oiarbide gabiriarra aritu zen gai-jartzen leporaino bete zen Aztiri-Bat elkartean. Epaileak Asier Iriondo, Nekane Gonzalez eta Joxe Arizkorreta legazpiarrak izan ziren.
Epaileen irizpidearen arabera Altzerrekak lortu zuen lehen postua, eta Arrizabalak bigarrena. Haiek biak igaroko dira, beraz, larunbat honetan Gabirian jokatuko den Osinalde lehiaketako finalera. Hemen duzue saioa ikusgai, Goierri Telebistaren eskutik.
Ordiziako Argi-Berriko eta Zaldibiako Osinberdeko kanporaketak kontutan hartuta, honakoa izango da bertan kantari airtuko den seikotea: Iruri Altzerreka (Garai,2000), Janire Arrizabalaga (Gernika, 2003), Maddi Agirre (Gasteiz, 2005), Eki Mateorena (Leitza, 2005), Haira Aizpurua (Sara, 2006) eta Egiar Otegi (Oiartzun, 2007).


