Eskuak gerrian –
Jo Maite, zergatik abesten dute bertsolari guztiek postura berdinean? Da super aspergarria… Horrela bota zidan bertso eskolako egun batean Bilboko Tiboli eskolako 6 urteko haur batek. Horren harira, horrela esan nien taldeko kide guztiei, jolas bat proposatuz: nik musika jarriko dut, eta musika martxan dagoen bitartean mugitu egin beharko zarete. Baina momentu batean, musika geratuko dut, eta zuek bertsotan kantatzeko postura berri bat asmatu beharko duzue. Goazen! telesaileko playlistari play eman eta hantxe hasi ziren 12 umeak dantzan. Bat-batean, musika gelditu eta… bata eskuak gurutzatuta, bestea hankak gurutzatuta eta eskuak poltsikoetan, ondokoa pinoa egiten, atzekoa hankak zabalik eserita, eskuinekoa bi eskuekin mikro imaginarioari eusten, ezkerrekoa eskuak gerrian, haren aurrekoa esku bat gerrian eta bestea buruan jarrita… eta ni flipatzen.
Ausartzen naiz esatera bertso eskolan hasi ginenetik kantatu dugula bi eskuak atzean jarrita, sekula ere kantatzeko modu hori zalantzan jarri gabe edo zergatia pentsatu gabe, horrela egiten zuten denek, beraz, guk ere bai. Hala ere, ez da oso postura erosoa kantatzeko: besoak gehiegi luzatzen badituzu, muskulu guztietan mina izango duzu hurrengo egunean, baina ez badituzu asko luzatzen sorbaldak kargatzen zaizkizu. Batzuek diote besoak atzean izateak, nerbioei eusten laguntzen diela, baina ez dakit nik… Hain zuzen ere, tentsioari ezin eutsiz ikusten direlako askotan bertsolariak hankak mugitzen, mikroak ikutzen, eta abar. Beste askok esaten dute besoak atzean mantentzen dituztela silabak ondo zenbatzeko eta hankaluze edo hankamotzik ez egiteko, baina ez dut uste Nerea Ibarzabalek edo Maialen Lujanbiok txapelketan silabak zenbatzeko beharra dutenik. Dena dela, ez al da esaten arauak hausteko direla?
Nik ez dakit Tiboliko haur horiek gure herriko plazetan ikusiko ditugun kantari, nik bihotzez espero dut baietz, baina ederrak dira haien kantatzeko modu berriak. Asko(tan) ez gara ausartzen ohikoa ez den hori probatzera, are gutxiago jendaurrean. Eta ez diot pinoa egiten kantatu behar dugunik, baina bi eskuak gerrian jarrita… zergatik ez?


