Gomendioak –
Doinua: gai horrek badu mamia
Ordua aldatu zela
bizpahiru aste dira.
Argia aprobetxatu
behar a(ha)l den neurrira.
Kirol pixkat egiteko
udarari begira,
txirrindari hautsa kendu
eta kanpora tira!
Horra, hamaika bertsotan,
bizipenen harira,
benetako aditu bat
sentiarazteko gida.(Ber)
Berdin du ze bide izan,
ze zoru, ze distantzi,
arropak dauka kaskoak
duen aina garrantzi.
Boazko lotura duen
zapatillak erantsi,
ta itxura emateko
ez dezazula hantzi:
Izan ilun, izan goibel,
edo euri erauntsi;
polarizatuak diren
betaurrekoak jantzi. (Ber)
Baina atera aurretik,
jakin behar zenuke:
Motxilarik ez da behar;
(ez dituzu lau urte!).
Tresnak, zertarako?…lasai!
lagunduko dizute.
Gurpilak ongi behatu
beharko zenituzke:
Kendu itzazu tapoiak!
broma denik ez uste.,
Bidean, pisu gehiegik
kalte egin diezazuke.(Ber)
Itzulixka,kontrolatuz
nahiko bazenu bete,
GPS bat eros zazu
nahiz ta ez dauden merke.
Baina haseran itzalita
lasai joan zaitezke.
Itxaron, herrigunetik
ateratzeko beste;
semaforoak, ilarak,…
horrenbeste etete;
gero bataz bestekoak
jeitsiko lirateke.(Ber)
Behin bidean, baietz topa
zikloturisteroak.
denetarikoak gaude
Bixiak zein geldoak.
Nahiz ta zibilizatuak
ohi garen hemengoak,
ez zazu inor agurtu;
ez bat, ez hurrengoak.
Zibismoaren gainetik
agintzen du hegoak.
Zu profesionala zara
beraiek globeroak.(Ber)
Ertzean norbait balego
geldirik dagoena,
ondoezik, txirrindulan
matxura bat duena,…
Kasurik ez;jarraitzea
da egin behar dena.
Ez bada konpontzeko gai,
berea da problema!
Adimen artifizialak
gaur egun daki dena.
Ba berari galdetzea
aukerarik onena.(Ber)
Talde bat topatuz gero,
batu zaitez, a(ha)l dela,
bidean babes ta berme
izaten da tropela.
Segi beraien gurpilei
bertan utziz gibela.
Landa, Pogacar, Vingengard
ta horiek bezela,
erreia osorik hartu
ta lasai zaiteztela,
atzetik doazen autoak
izorra daitezela!.(Ber)
Purrustaka kritikatu
gidarien kondukta
eta bidenabar zure
ardura-oro uka.
Stopak, Zebra-bideak…,
seinaleak a(ha)ztu ta,
semaforoak saltatu,
ez izan hain ilupa!.
Autoren batek jo eta
utzi ezkero minduta,
lasai, beti autoena
izaten baita kulpa. (Ber)
Ah!Sarerako atera
hiruzpalau argazki.
Postuerorako beti
bada nahikoa asti.
Aldapan gora sentitu
nahi baduzu hegazti
hidratatzeko produktu
pila daude,zehazki:
Gelak, isotonikoak…
ta ez baduzu aski,
geldialdiko pintxoak
ere ez daude gaizki.(Ber)
Amaitzear, aintzinean
dauzkazu datu pila:
Kilometro kopurua
berrogehitik hurbila.
Hogei ta hemezortzia,
hain da zifra umila.
Luzatu berrogei arte
(hau, ez bazaude hila).
Norbait Stravan balebil
zure datuen bila;
beti hobe geratzen da
zenbaki borobila.(Ber)
Gauza bat argitu gabe
ez nuke nahi bukatu.
Orain artekoa modu
ironikoan hartu.
Seinaleei kasu egin
eta errespetatu.
Bidean ez laguntzarik,
ez agurrik ukatu.
Presarik gabe ibili
ze denbora, ze datu,…?
pedalei gogor eman ta
itzulixkaz gozatu.(Ber)


