Herri dantzaria

Herri dantzaria –

Aiora Fagoaga, Bidasoako Hitzan.


Herri dantzariak

 

Iturenen eta Zubietan

joaldunen joariak

hamaika herritan dantzan eta

hartzak atera nagiak.

Puska biltzera ta sorgin dantzan

herriak daude biziak

udaberria loratutzeko,

gora gora inauteriak!

 

 

Kriskitin hotsak entzun Oñatin

denak badoaz plazara.

Urdiainen ta Biasterin San Juan,

ekainan dena algara

Hernani eta Andoain ere

axeri-dantzan festara

urteko penak sutan erreta,

ongi pasatu udara.

 

 

Zubi, herria dantzariz betez,

Lesakak badu distira

Trokeo dantzak Iruñan bizi

plazan jira eta bira.

Euskal Herria dantza ta dantza

mila tokira begira

udara eta egun beroak

segituan pasa dira.

 

 

Katximorroa Eltziegon eta

biba Bobo ta Otsagi!

Cortesen ere makilak jota

indarra Erriberari.

Ezpata, makil ta txintxarriak

entzuten dira ugari

eta Iurretan hanka altxatuz

esan agur irailari!

 

 

Inauteritan puska biltzera

ezetz etorri laguna

Soka-dantzakin gaur jaiak hasi,

bihar da San Juan eguna

Ezpata-dantza irailan dugu

ekainan galdu duzuna

beti kanpora begira baina

hau da hemen daukaguna.

 

 

Laburpentxoko dantza guztiek

badute bere magia

Euskal Herriko dantzen zerrenda

da luze ta ugaria.

Gure Bidasoa txiki hontan

badabil hor gazteria,

Euskal Herria zerbait bada da

herri oso dantzaria.

Herri dantzaria