Igandean ospatuko da Nafarroako Bertso Eskolen eguna, Jauntsaratsen
Nafarroako Bertso Eskolen eguna Jauntsaratsen –

Nafarroako Bertso Eskolen sareko 9 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzenduriko jarduera da Bertso Eskolen Eguna, eta aurtengoa Jauntsaratsen ospatuko da, igande honetan.
Antolakuntzatik eman dute egitarauren berri: goizean elkar ezagutzeko jolasak egin ondoren gaztetxoek 14 urte arteko txapelketa jokatuko dute Apeztegiberriko ganbaran. Ondoren, elkarrekin bazkaldu eta une goxo bat pasatzeko aukera izanen dute. Arratsaldean, Gure ahots bideo motz bideo lehiaketaren baitan sortutako bideoak ikusiko dituzte eta sari banaketa egingo da. Azkenik, Jauntsaratsen ezagun den Haritzaren ibilbidea osatuko dute bertako harizti ederrean barrena.
Nafarroako Bertsozale Elkarteak adierazi du “bertso eskolen sarea osatzen duten gazteen arteko harremana bultzatu eta elkar ezagutza sustatzeko helburua” duela ekimenak oinarrian. Elkartetik ekimen honek transmisioko beste bi erpinetan (Hezkuntza Arautuko egitasmoan eta Bertso Eskoletan) egiten den lana osatzeko balio duela ulertzen dute.
Egun, 18 urtetik beherako 160 ikasle inguru dabiltza Nafarroako haur eta gazteen Bertso Eskoletan, hezkuntza araututik at bertsolaritza lantzen, 28 taldetan. Irakasle sare “zabal eta prestua” du elkarteak horretarako: “Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean”.

