Kalean da Bertsolari aldizkariaren 141. alea

Kalean da Bertsolari aldizkariaren 141 alea –

Udaberriko alea kalean da jada. Aurten tarta gozo-gozo eta potolo-potolo horietako bat prestatu dugu, 35 kandela jarri behar dizkiogu eta gainean.

Kalean da Bertsolari aldizkariaren 141 alea

Zaldieroak zabalduko dizu atea. Jarraian Garazi Arrula editoreak bertsoarekin lotuta izan dituen esperientzien berri emango digu.

Ttakun-Herren atalean bertsoak trukatuz segitzen dute Etxahun Lekuek eta Ane Zuazubiskarrek. Ale honetako Perla Eñaut Martikorenak ekarri digu, eta jarraian topatuko dituzu Hamarreko Handian gure blogari fierrak eta euren bertso sorta dotoreak.

Tolosaldeko Atariak urtero Tolosako Leidor aretoan antolatzen duen bertso saioan egon zen Andoni Rekondo, eta bertako kronika bidali digu.

35 urte konplitu ditugula esan dugu, eta taxuz ospatzeko opari sorta prestatu dugu: azken urteetako ibilbidearen errepaso bat Antxoka Agirreren eskutik; bi harpideren gutunak, Miel Anjel Elustondok eta Oihana Iguaranek idatziak; eta azkenik sortu berri dugun ABD, Bertsolaritzaren Alfabetoa bideopodcastari buruzko erreportaje bat, Beñat Hach Embarekek sinatua.

A Cochabamba me voy, a Cochabamba señores, cantarán los ruiseñores, a Cochabamba me voy” abesten zuen Victor Jarak, aurrez landutako sorkuntza batekin eta gaztelaniaz. Baina Bolivian kokatzen den Cochabamba hirian eta bere inguruetan koplak inprobisatzen dituzte, eta kitxueraz: Takipayanakus izena dute. Lena Guzman Jordanek kontatu dizkigu bapateko ahozkotasun honi buruzko nondik-norako nagusiak.

Gure ohiturei jarraituz, amaieralderako utzi dugu paseotxoa. Aiaraldera goaz, Laudiora, Izar Mendiguren bertsolari eta kazetariaren eskutik, bertan bertsolaritzarekin zerikusia daukaten txokoei buruz gehiago jakiteko asmoz.

Amaitzeko, esperimentu bat: denborapasak. Ea atal honi bere izenak daukan zentzua emateko kapazak garen.

Ea kukua txanpon batzuk poltsikoan dauzkazula entzuten duzun, ez dago giro eta. Ondo segi eta kuraia on!

Kalean da Bertsolari aldizkariaren 141 alea