Kostako talaiatik jarriak –
Doinua: Zer buruzbide bihotz gabe
Heldu zaizkigu uda garaiko
urteroko guatekeak
toailletako nebera urdin ta
lau euroko sorbeteak
heldu zaizkigu kanpinetako
parrillako banketeak
eguerditako parke hustuak
ta plaiako gau beteak
probintziako turistak eta
tranpetako VTak.
Atunetara ez doa inor,
ez zaigu buruan sartzen,
lehengo mendean udan dirua
egiteko modu bat zen
hondoratzetik arrantzontzirik
ez da apenas salbatzen
berriz jarraitu beharko duzu
Orion edo Zarautzen
inoiz erosi ezingo duzun
etxepean helau-saltzen.
Hirugarrengo sektorearen
lanbide eta morrontzak
bete-betean irentsi gaitu
nola satitsua hontzak
bero-garaira lotu beharrak
uzten du herri bat hotzak
baina ogia sortu behar ta
hauxe jo genuen ontzat
bizitza eta heriotza da
kostan bizi garenontzat.
Mainguak ere sentitzen baitu
adar-mamuaren mina
kendu zutena ikusten dugu
ginenaren imajina
batzuk joan ziren, gu hemen gaude,
etorri dira majina
orain alferrik izanagatik
bagenu eta bagina
beste herri bat zen lehen gurea,
gu(k) bizitzeko egina.
Nahiz erdi-klase garela uste
klase-borroka hor dago
nahiz eta nekez joaten den bat
dagoenetik gorago
nahiz ta lehengotik ezin den bizi
nostalgiatik harago
gure bardoak esandakoa
esan beharrean nago
oi Zuberoa, oi Zuberoa,
zer hintzen eta non hago?


