Kanpaina –

Bortziriko Bertso Eskola,
Hau da hitzaren kirola.
Konpetentzia desleiala da
utzi ezazu futbola
Hala kantatu ohi dugu, Bortzirietako taldekako lehiaketarako bere garaian espontaneoki sorturiko estribilloan.
Egiari zor, konpetentzia ez da txikia, ez. Futbola, pilota, dantzak, antzerkia, solfeoa, musika tresna, abesbatza, ingelera, kenpo kaia, eskubaloia, atletismo-eskola, errobotika,…
2027ko udaberrian tokatzen dira Nafarroako Parlamenturako eta udaletxeetako hauteskundeak. Gaurgero, alderdiak hasiak dira, subliminalki bada ere, kanpaina egiten.
Baina gatozen gurera. Zabalik dago 2026-2027 ikasturtean bertso eskoletan izena emateko epea. Bertso eskoletan, aipaturiko konpetentzia tarteko, hauteskundetan ez bezala, urtero tokatzen da kanpaina egitea. Nik politikari izateko ez dut balio baina bertso eskolen aldeko aldarria egiteko aprobetxatuko ditut Bertsolari aldizkariak eskaini dizkidan lerro hauek.
Kanpaina abiatzeko, argi utzi behar dena da, bertso eskola ez dela bertsoak ekoizten ikasteko fabrika bakarrik. Hori baino gehiago dela. Konpetentziako gainerako arloei meriturik kendu nahi izan gabe, bertan lantzen denak haur, gazte zein helduongan dituen onurak jakinak dira:
- Taldean egiten den jarduera izaki, taldean trebatu ahala, adiskidetasun sare berriak sortzen dira eta bertan giro ona mantentzea lortuz gero, gerora, horrek bere fruituak ematen ditu. Bortzirietako Bertso eskolaren kasuan, adibidez, ez dut bertso eskola modu txarrean utzi duenik ezagutzen. Alderantziz. Bertso eskola utzi ondotik ere gai-jartzaile, epaile edo bertsozale izaten segitu dute aunitzek. Bada, gauzak ongi egin zirenaren seinale.
- Hizkuntzarekin jolas eginez, hizkuntza gaitasunak hobetzen ditu. Ahozko komunikazioa lantzearekin batera euskara aberasteko giltzarri da bertso eskola. Adibidez, oroitzen naiz hamasei urte genituenean Hizkuntza eskolako titulua ematen zuen 5. mailako azterketa burutu genuela. Institutuko aunitzek ez zuten gainditu. Bertso eskolan ari ginen guztiek gainditu genuen… Kasualitatea? Ez dut uste. Euskalgintzaren kontseiluak, datozen hamar urteei begira, 300.000 euskaldun berri lortu nahi ditu. Ez da erronka makala! Euskaldun berriak sortzen, agian ez, baina euskaldun berri, zein zaharrek euskararekiko eta euskal kulturarekiko lotura sendotu dezaten, ez da leku txarra bertso eskola.
- Sormena eta irudimena garatzen laguntzen du. Arrazoia? Ez zaio irudimenari aunitz eman beharrik erantzuna jakiteko.
- Emozioak kudeatzen laguntzen du, sentimenduak hitzen bidez adierazten ikasi, bidenabar. Diotenez, fustrazioa eta urduritasuna bezalako sentipenak kontrolatzen ikasten da. Fustrazioarena, baliteke. Urduritasunarena, ez naiz ni egokiena hori erantzuteko.
- Konfidantza eta autoestimua handitzen ditu. Nerabetan lotsatia zen zenbatek uxatu izanen zituen lotsak bertso eskolari esker?
- Pentsamendu azkar eta kritikoa lantzen da. Andoni Egañak kontatu izan du nola behin alabak abokatu izan nahi zuela erran zion. Aitaren erantzuna:
-Ba, hasteko, badakizu nora joan behar duzun ez?…Bertso eskolara.
Egaña dixit.
Jaun-andreok, ez dago bertze galderarik.
Bertso eskolan izena emateko arrazoiak ematen segi nezake baina aurtengo matrikula egin gabea dudala oroitu naiz eta…
Agurtu aintzinetik, zorte on irailaren 19an abiatzen den Euskal Herriko txapelketan ariko zareten bertsolariei! Eta animoak ere txapelketa egin ahal izatea ahalbideratuko duzuen gai-egile/gai-jartzaile, epaile zein antolatzaileei. Bertan elkartuko gara! Eta bertzela, urrira arte!

