Badator "Makarrizketak" podcastaren zazpigarren denboraldia

Makarrizketak podcastaren zazpigarren denboraldia –

Makarrizketak podcastaren zazpigarren denboraldia
Arg; TREEDEO.ST

Gure harpide komunitateak esan izan digun zerbait izan da Bertsolari aldizkaria aitzindaria izan dela hainbat kontutan:

  • Argazkigintza. Aldizkarian, estreinakoz, bertsolariak ez ziren oholtza gainean eta mikro baten aurrean agertzen, soilik.
  • Diseinu eta maketazio zainduak eta ausartak.
  • Bertsolari.eus euskarazko hedabideen artean sarera salto egin zuen lehenetarikoa izan zen.

Eta, besteak beste, aipagarria da audiogintza ere. 2019an euskarazko podcasten gaia bolo-bolo zebilen, eta Euskal Gaizkileak erreferentea izan zen orduan, bikoiztaile eta audio teknikari profesionalen eskutik punta-puntako emaitza bat lortuz. Bertsolari aldizkarian ere, beraz, bagenuen audiogintzara jauzi egiteko gogoa, eta horretarako azken bultzadatxoa 2020a irentsi zigun pandemiak eman zigun. Orduan sortu genuen Makarrizketak.

Makarrizketak oso formula sinple batean oinarritzen da: bertsolari bati bertsolaritzaren zerikusia daukan hausnarketa bat egiteko eskatzen zaio, audio bidez, eta ondoren soinu-efektuak eta musika jarrita, podcast formatuan zabaltzen da. Orduan ere Andoni Egañak zabaldu zuen bidea. Formula sinplea, eta funtzionatu duena. Normalean atalak udazkenean publikatzen ditugu, baina entzuketak urte osoan zehar ematen dira, eta harrera polita jaso duen esperimentua izan da.

Hogeita hamaika audio-pilula argitaratu ditugu ordutik, audio plataforma ezberdinetaz gain hainbat irratitan ere entzun direnak. Bertsolaritza hamaika (edeo hogeita hamaika) ertzetatik landu, begiratu, kritikatu edo goretsi dute kolaboratzaileek bertan, eta aurtengo udazkenerako prest daukagu zazpigarren denboraldia.

Oraingoan ere zortzi atal emitituko ditugu, irailaren 21etik hasita, astean bat. Espero dugu hauek ere gustagarri izatea eta zer pentsatua ematea.

Eta lasai, unean bertan entzuten ez badituzu, apalategi digitalean egongo dira zure zain.

Laster arte!

Makarrizketak podcastaren zazpigarren denboraldia