Xabat Illarregi
Xabat Illarregi

2026-09-18

Pintadak

Pintadak –

Doinua: Argizagiak argitzen dizü II

Bake garaia deitzen diogun
zeru beteko hodeitzan
batzuk oraindik amorru bizi-
bizia dute ereintzan
ez kuarteleko atean edo
goiko jaunaren eleizan
Pintada batzuk agertu dira
Lekunberrin eta Leitzan

 

Ortzadarrari kolore beltzak,
beltzen aurka arrazistak
euskaldunaren aurka eskuinak
pobreen aurka klasistak
horman kolore gorri-horiak,
Viva Españak, esbastikak…
urrun sentitzen ditugu baina
kalean dabiltz faxistak

 

ETA gora ta behera dabiltza
hormak gorrotoz betetzen
nahiz ta bi mila eta hamaikan
uzteko nahia bete zen
urteetan lan handia egin da
bi aldeen minak baretzen
baina batzuei komeni zaie
presente egon daitezen

 

Guardia Zibilik egongo al zen
kameretatik begira?
agian eurak zeuden tartean
ta arazoa hori da
Baina beraiek libre-libre ta
lasai ibiliko dira
Epaitegian leudeke beste
batzuk eginak balira

 

Auzitan jarri diren garaian
hasi da haien jokoa
Prentsak edo ta berri faltsuek
saltzen digute motoa
guk ere gure pintadez bete
ohi dugu kale txokoa
baina gauza bat da aldarria
ta bestea gorrotoa

 

Jendeak herri honek ze indar
ta gogo daukan baleki
gauza_hauek egin baino lehenago
pentsa lezake hobeki
ez gaude hilik, edo isilik
beraz, begiak ireki
Zuen paretei ateak jartzen
jarraituko dugu beti

Pintadak
Arg: Torrea
Pintadak