Txirrindularitza, basoak eta bihotzak: bertsolaritzaren dokumentazioaz irudi sorta bat
Bertsolaritzaren dokumentazioaz irudi sorta bat –
Oihana Aranburu Balerdi, Xenpelar Dokumentazio Zentroko eragilearen analisia, Bertsozale.eus-en.

Epai irizpideek diote bertsolariak erritmoarekin joka dezakeela: bizitu edo moteldu, geldialdiak egin, ahotsa moldatu, doinua bere erara eraman. Aukera horiek bertsolariaren esku daude, eta epaileak arretaz zainduko du zein hautatzen duen eta nola lotzen zaion komunikazio estrategiari. Bertsolaritzaren mugimenduan, ordea, badaude erritmo propioa behar duten beste funtzio batzuk ere, dokumentazioarena, esate baterako.
Bertsolaritzaren erritmo mantsoenean aritzea dagokigu dokumentazioan, kotxeskoba modura, atzean geratuak biltzea eta hari solteak estekatzea, tropelaren erritmoa galtzeke
Bertsolaritzaren erritmo mantsoenean aritzea dagokigu dokumentazioan, kotxeskoba modura, atzean geratuak biltzea eta hari solteak estekatzea, tropelaren erritmoa galtzeke. Eta kotxeskobak ez du lasterketarik irabazten, ez da inoiz argazkian ateratzen, baina hark badaki jakin tropela amaierara arte nola joan den, eta hori ere lasterketaren parte da. Bertsolaritzan ere bertsolarien jarduna ikusi egin behar da; ikusi eta usaindu, perspektibaz aztertu eta muina arakatu, kontrastatu, adostu, balioa datu objektiboetan eman. Eta jakina, informazioa ulertu, antolatu, ordenatu, saretu, kriterio propioz hautatu, sailkatu, euskarritu, hitzetan jarri eta egituratuta eskaini behar da; ezagutaraziz balioberritu dadin eta hari berriak sor ditzan.
Zuhaitza bi norabidetan hazten da aldi berean, eta lurpeko sustraiek aireko adaxken egituraren antza dute. Hazia lurpean sartzen da lehenik, lurpeko iluntasunean, hezetasunean. Aldiz, denok nahi dugu fruitua; denok nahi dugu erakutsi noraino igo garen eta ikuspegiaren gozoa. Erroen sare konplexuak, ordea, ez du ikusgarritasun handirik, nahiz eta zuhaitzaren parte den. Areago; beherantz hazten ez den ekosistema, ez da sekula gorantz haziko.
Grabazioak bildu, bertsoen transkripzioak, saioen fitxak, artikuluak, argazkiak, liburuak, datu-basea dokumentuz elikatu…horixe da Xenpelar Dokumentazio Zentroan egiten den etengabeko lana; lurpean lan, eskupean gozatzeko: saio baterako informazioa behar denean, ikerketa batek dokumentazioa behar duenean, ikasgelan biografia bat behar denean edo bertsozale batek bertsoaldi bat entzun nahi duenean, eskura egoten da jasotako eta antolatutako bilduma. Ez da bat-batekoa, ezta zorizkoa ere, hamarkadetako artxibo lana baizik.
Daturik gabe ez dago neurketarik, ez alderaketarik, ez ezagutzarik. Eta datua ez da bat-batean agertzen, egin egiten da.
Gaur egun silaba baten balio erritmikoa ikertu dezakegu, halaber bertsolarien ahotsa grafikotan jarri. Baina neurtu ahal izateko, norbaitek zenbatuko zuen lehenago, banan-banan, eskuz, makinaz, urteetan, bere erritmo propioan. Daturik gabe ez dago neurketarik, ez alderaketarik, ez ezagutzarik. Eta datua ez da bat-batean agertzen, egin egiten da.
Eta lan horren kadentzia ez da scrollarena, ezta loarena ere. Errepikaren erritmoa da, konstantziarena; su txiki batekoa, arnas luze batek duena, eta taupada lañoena. Bestela esan, karakolarena. Egungo joerek iradoki bezala, motela baita, mekanikoa, ikusgarritasun gutxikoa; ikusezina nahi bada, eragin apalekoa; areago zentzugabea, alferrikakoa… baina batez ere garestia. Hala ere, ez egitea merkeagoa al da ba? Grabatu gabeko saioa ez da existitzen; katalogatu gabeko bertso-papera ez da irakurtzen; eta galdutako bertsoa berreskuraezina da; berriro asmatu behar da, ahaztu bestela. Kostuaren auzia, gainera, ez da zenbat balio duen, noiz ordaintzen den baizik.
Paradigma mekanizistak munduari makina bat balitz bezala begiratzen erakutsi zigun: optimizatu, sinplifikatu, erauzi, azkartu, ustiatu. Industria hedatzeko balio izan zuen logika horrek; gero ekonomiara zabaldu zen, eta azkenean inguruarekin ditugun harremanak aldatu zituen. Baina ekosistema bizienek ez dute errendimendu maximoa bilatzen, bizitzaren geroratzea baizik. Basoek hamarkadak behar dituzte baso izateko. Lur emankorra astiro zertzen da. Zuhaitzak eraztunez eraztun sendotzen dira. Eta adimen hori entzuteari utziko bagenio, ekosistemak hauskorrago bihurtuko lirateke; lehortu, erre, pobretu. Paisaiekin gertatzen da, proiektu eta bizitzekin bezala.
Makinaren antzik handiena duen organoak ere ez du makinaren logikaz funtzionatzen.
Ezaguna da giza bihotzari buruzko datu bat: taupada bakoitzeko, bihotzak denbora gehiago ematen du erlaxatzen uzkurtzen baino. Diastoleak, edo barrunbeak, lasaitu, bete eta prestatzen direneko faseak sistoleak halako bi irauten du. Eta proportzio hori errespetatu ezean, bihotzak ez luke indartsuago joko; aitzitik, jotzeari utziko lioke. Makinaren antzik handiena duen organoak ere ez du makinaren logikaz funtzionatzen.
Bertsolaritzan ere bi fase osagarri daude. Txapelketa da sistolea: uzkurdura, plaza, argazkia. Ikerketa, hausnarketa, perspektiba eta atsedenarekin batera, dokumentazioa ere bada diastolea: isilean jaso, bilduma prestatu, biltegia bete eta dokumentuak sareratuko diren fase hori. Hortik ere badator hurrengo taupada. Eta taupaden maiztasuna zaintzea denoi dagokigu.

