Punka ez dago hilda
Punka ez dago hilda –
“Punk’s Not Dead!” leloa punkaren historiako aldarririk ezagunena da. 80ko hamarkada hasieran, eztabaida sutsua piztu zen gandordun filosofo ingelesen artean, zera argitu nahian, bizirik edo hil hurren ote zegoen benetako punk musika eta sistemaren aurkako izaera iraultzailea. Eztabaida hark arin zeharkatu zuen itsasoa, Kantauri ertzera iritsi arte. Hain justu ere, 1983 hartan bota zuten lehen garrasia bi jaioberrik: bata, Eskorbuto taldeak, Santurtziko entsegu lokal zikin batean; Amets Arzallusek bestea, Hendaiako bere sehaskan. Kasualitatea ote?

42 urte geroago, Larraun-Lekunberriko finalaurrekoan kartelburu aritu zen Amets Arzallus; bere agurrean, horrela definitu zen: bertsokide gazteagoen aldean aittona, belaunaldi berriekin konparatuta, Eskorbuto. Baten batek rockero zaharrak aldez aurretik erretiratu nahi baditu, erne ibili, “Cuidado, cuidado, os avisamos…”. Txapelketako bere estreinaldian, lapurtarrak barrutik zeramatzan larruzko txupa, gandorra eta txapak. Mihian goroldiorik gabe, merezita irabazi zituen bai lehen finalaurrekoa, baita bigarren itzulirako sailkapen-txartela ere. “…Somos los mismos que cuando empezamos”.
“Hey! Ho! Let’s Go!”
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak fase berriari ekin zion Larraun-Lekunberrin: finalaurrekoei. Lekua eta giroa, aitzakiarik gabekoak; kartela, pun(k)takoa. Musika-talde mitikoen itzulerekin aspaldion gertatzen ari den bezala, aldez aurretik agortu ziren sarrerak lehen itzuliko estreinako saiorako. Harmailak gainezka. 1.500 lagun. Sold out.
Bertsolarien perfilari erreparatuz gero, aurreikusi zitekeen saio oso bizia izango zela, erritmo azkarrekoa, arriskutsua. Horri gehitzen badiogu lehen itzulian egin beharreko ariketen artean ez dagoela ganbarako lanik, ez eta atseden hartzeko tarterik apenas, bada, “Hey! Ho! Let’s Go!”. Hegan pasa zitzaigun saioa.
Lehendabiziko ofizioetatik sumatu genuen Amets Arzallusek eta Beñat Gaztelumendik ekarri zituztela gitarrarik afinatuenak. Batak zein besteak txapelketa honetan estreinako saioa zuen arren, ez zuten ahulgunerik erakutsi, indartsu ekin zioten lanari, bukaerara arte erritmo biziari eutsi eta kolpe bakoitzean asmatuz. Pare-parean ibili ziren biak lehen ofizioetan, baina Arzallusek puntukako saioan eta bakarkakoan atera zuen aldetxoa. 746,5 puntu pilatuta, poltsikoan du finalerako txartel erdia. Beste erdia falta.
Sailetik apartatzeko lana osatu zuen Beñat Gaztelumendik ere. Añorgarrak bere bertsiorik onenetakoa erakutsi zuen: zorrotz bezain jostari; orain xamur, ironiaz gero; egoera kontrolpean, molde txikiko ariketetan nabarmenduz. Bat aipatzearren, gogoangarria izan zen bere hamarreko txikiko ariketa. Amaieran, Arzallusengandik 13 puntu eskasera geratu zen, eta sentsazio bat utzi zidan: Beñatek koska bat gorago egin dezake.

“No future”
Bertsotan ez dago ezer punkiagorik pun(k)tukako ariketa baino: kaleko bertsolaritza, erritmo eroa, hil ala bizi, good save the queen, tori ukabilkada!, Anarchy in the U.K., nondik etorri da kolpe hori?, zertaz ari ginen?, bukatu da ariketa. Lehen itzuli arriskutsu honen metafora aproposa da, eta Lekunberrin ere agerian utzi zituen batzuen galtzetako zuloak eta besteen lepoko kate zorrotzak.
Esaterako, Saioa Alkaizarenak. Lehendabiziko bi ofizioetan distortsioari neurria hartu nahian sumatu bagenuen ere, iruindarrak ederki atera zuen gandorra lan-erdietatik aurrera: puntukakoan parez pare eutsi zion espezialista den Amets Arzallusi; hamarreko txikian estu hartu zuen Beñat Gaztelumendi; eta bakarkako ariketan, itxuraz gairik gatzgabeena egokitu zitzaion arren, 3 ereserki sortu zituen. Atzo ere onenen artean Alkaiza. Aurkia, hirugarren postuan sailkatu zela; ifrentzua, lehen bi sailkatuetatik koxka handi xamarrera.
Batzuk, inoiz baino urrunago iritsi nahi dutelako; besteek, abenduaren 20ko finala begiz joa dutelako. Kontuak kontu, finalaurrekoetan ez dago etorkizunerako kalkulu asko egin edo indarrak gordetzen ibiltzeko tarterik. Gaur, egizu gaurkoa. Bihar… No future.
“Bizi azkar, gazterik hil eta utzi gorpu eder bat”
Noski, derrigor oraina bizi beharrak eta lehen itzuliak markatutako erritmo frenetiko horrek berekin dakartza arriskuak. Larraun-Lekunberriko saioak utzi zituen azpimarratzeko beste zenbait izen eta apun(k)te.
Horietako bat, laugarren sailkatu zen Xabat Illarregirena. Nafarroako txapeldunak ez zuen kontzertu ahaztezin bat eskaini, baina irristadak irristada, lanean jarraitzeko eta sufritzeko gaitasuna erakutsi zituen. Horren adibide, hipotekaren azken kuota ordaindu berri duen etxejabearen larrutik abestu zuen bakarkakoa. Egon eta esan. 25 urterekin, oholtza betetzeko beste nortasun dauka leitzako frontman gazteak, eta ez dugu galtzen bigarren itzulian beste bis bat eskainiko digun esperantza.
Ez dakit aukera hori izango duten Xabat Galletebietiak eta Gorka Pagonabarragak. Nahi nuke. Bi bizkaitarrek itxi zuten sailkapena, baina behetik gorako saioa eginda. Ederra izan zen, saioko azken ariketa puntuagarrian biak elkarrekin kantuan ikustea.
“Eibar calling”
“Etorkizuna ez dago idatzita”. Joe Strummer, The Clash taldeko abeslariaren esaldia da, eta balio dezake lehen finalaurrekoa amaitu ondorengo gure sentsazioa laburbiltzeko. Lekunberri-Larraungo saioak langa goian ezarri du, nola puntuz hala mailaz, eta zeharka begiratzeko bada ere, ezinbesteko erreferentzia izango da oholtzara igoko diren hurrengoentzako. Urrutira joan gabe, datorren larunbatean Eibarren kantatuko duten 6 bertsolarientzako. Eibar calling. Gitarrak txikitu arte.
Ez da egia. Punka ez dago hilda.

