June Aiestaran
June Aiestaran

2026-10-21

Mundua sutan

 Mundua sutan –

Doinua: Aurretik bialduak

Pilotak, ukabilak,
gasak, sopleteak…
ahaztu parentesiak
eta kortxeteak,
eskertuko nituzke
azalpen beteak: zer
izan dira azken
bi hilabeteak?

 

Putreen azkenengo
erasoaldian,
eskuindarren ideia
denen goraldian,
nahiz herria gailendu
aldian-aldian,
mundua sutan dago
azken aspaldian.

 

Gorbatadunak ere
bistan du kareta:
bostehun mila euroan
daude lau pareta.
Gero holaxe daude
Madril, Gasteiz-eta…
etxeak hutsik eta
kaleak beteta.

 

Iruñea beteta
polizia pilez
aldarri bat zabalduz
eskuin ukabilez,
odol pilotakadak,
oker ez nabil, ez?
Baina beldurrez omen
dago Vito Quiles.

 

Ikas-baldintzak baldin
badaude kolokan,
altxa egin behar da
aldaraztekotan.
Ta Etxepare azken
hilabete hontan,
eskubideen defentsan
ari da borrokan.

 

Baina han ere traba
betiko bera zen:
polizia ez dute
ideiaz trebatzen,
ta_argumenturik zaila
bazaie eratzen,
kargatzea, besterik
ez zaie geratzen.

 

Gertukoenak eta
entzutetsuenak
dira hemen kontatu
ditudan gehienak.
Lerrootan kabitu
ezin diren denak,
ekar ditzala kezka
berdina duenak.
(Lerrootan kabitu
ezin diren denak
dira egunez egun
landu behar direnak).

 

Mundua sutan
Arg: Jorge Jaramillo
Mundua sutan