Gasteizko bertso ibilbidea

2022-10-05

Gasteizko bertso ibilbidea –

Testua: Ruben Sanchez Bakaikoa

 

Nola basamortuan aulkiak, nola sabanan ñuak, jaioberriak egin zuen garrasi. Hala sortu zen euskararen itoguneetako batean euskal oihu bat, laster ohartu zena oihan zaharrean bitxo arraro samarra zela, ahatetxo itsusi bat, espero ez den azken (eta zazpigarren) alaba bat bezala.

Dut egokitu zitzaigun bertso-lagun, eta hura ahoskatuaz bat, ohartu ginen ez zela det eta dot bezain moloia. Dutekin batera truk, xurrut eta batzuk geneuzkan (errima horiekin bertso beti berdintsuak kantatu arren).

Topikoetatik ateraz, egin dezagun ariketa bat Gasteizko bertso ibilbidea zertan izan litekeen Euskal Herri euskaldun eta kantari baterako interesgarri.

 

Gasteizko bertso ibilbidea

 

  1. Geltokia: Landuchio/Gamiz, Burulleriak

Baina egin dezagun ariketa pierrelotiar-paisajistiko bat aurrena. Imajinatu Euskal Herri bat non lautadako galsoroek, mendi malkartsuetako baserriek, hiritxoetako kaleek eta Maritxuren iturriak, denek berdin, euskaldun usaintzen duten. Zeinen harrigarria litzatekeen gaurtik abiatu eta 1562. urtera joatea eta Gasteizko ostatu batean, demagun Portaloian, Landuchio abizeneko italiar bidaiari batekin elkartu eta lehen euskal hiztegi mardula —6.000 hitzekoa— osatzen laguntzea.

Gasteiztarrok ikasi behar izan dugu txikitan ezagutu genuen Gasteiz erdaldun hura garai batean egungo arnasguneak bezain “euskalduna” izan zela.

Andatarren etxea da Gasteizen jendea bizi den etxerik zaharrena. Landuchioren sasoian eta egun euskara entzun da hor, berdin Burullerias (Bollerias bezala berbataiatua) plazan edo Portaloian.

Baina aitortu behar dugu —hori omen da gaitzen sendabidearen lehen geltokia— ez aski euskaldunaren konplexuz bizi izan ditugula gure haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroak. Horregatik, lehen bertsoa Juan Bautista de Gamizena (Sabando, Araba, 1696-IV-8, – Bolonia, Italia, 1773-IV-28) dakart lerrootara:

 

 

Erderaz eztuzu nay
ene viotza
euzqueraz kopla eguiten
eztut nic lotza.

 

Gaizqui badoaz ere,

Orra eusqueraz,

Ifin naiz au eguiten,

Neure bildurraz,

Eguizu farre,

Gaizqui mintzatzen badut

Lotsarik bague

 

Juan Bautista de Gamiz izena hartu zuen AEK sortu aurreko helduak euskalduntzeko Gasteizen sortu zen taldeak, ezkerreko apaizak eta langile borrokak bidelagun, eta Gamizen aurreko bertso hori hartu genuen 2002an Arabako Txapelketa Printzipalera eraman genuenean lelotzat. Hartu ahal genuen hau ere gure maitea euskara bailitzan:

 

Bay; bay,
ez, ez, ez, ez, ez,
zugatik ene begiak
daude negarrez.
Ez, ez,
bay, bay, bay, bay, bay,

ni joan nai zurequi eta
zuc eztuzu nay.

 

  1. Txusta

 

 

Juan Mari Iriondo Txustak goitizenaren izen bereko taberna gobernatu zuen Begoña Lopez de Muniainekin batera, hiru hamarkadaz. Hura izan zen Gasteizko bertsolaritzaren habia urte luzez, asteroko bertso eskolarena, bertso saio eta afariena, bilerena… Lehen bertsozale haiek taberna konpartitu zuten langile batzordeekin, grebalariekin, Hala Bedirekin, hainbat herri mugimendu eta joera politikorekin.

Txusta bera ere bertsozalea izateaz gain saltsero samarra zen, futbolari ohia, errepresaliatu eta espetxeratu politikoa, izaera irekia zuena; purua eta irribarrea ahoan, hamaika aurpegi zituena. Berriki hil da, eta, idazten ari den honek (ere) patxaran bat edo beste medio bere lehenengo bertso saioa han kantatu zuenez, bihoakie besarkada bat bere familiari eta gertuko guztiei. Gaur egun, beste taberna bat dago Txusta zegoen lekuan. Barkatu baina izenik ere ez dakit.

Juan Mari Juaristik bertsoak jarri zizkion 2002an (taberna itxi berritan), sortatik hauxe hartu dut, askori gertatu baitzitzaigun:

 

Hegan hasi aurreko

guztion habia

zalea zena soilik,

han bertsolaria,

Txustan astindu gendun

beldurren nagia,

zurekin dugun zorra

ez al da handia?

Inork ez baitu ahazten

bere “lehen aldia”

 

Gasteizko bertso ibilbidea

 

  1. Bode

Txusta tabernatik Bode tabernara. Txusta hil eta hilabetera itxi zuten Bode taberna. Bode ez da bereziki bertso taberna bezala nabarmendu, Gasteizko mugimendu alternatiboaren taberna zen. Besteak beste, Hertzainak taldekoena. Bere aurkezpen kanta bertsotan eman zuena. Alabaina, 1984an ez ziren holako kopla asko kantatuko:

 

Gasteizko bertso ibilbidea

Arg: Alea

 

Isilik inola ez hobe abestu
gainera mundu zaharra musikaz deuseztu
abestu ta zaharra deuseztu
hau maite ez duenak bizitzerik ez du.

Kaixo lagun guztioi gu gara hertzainak
batzuk porraz berotzen dizkigute gainak
guk musikaz hustuko dizkiegu zainak

gaur kolokatu behar dugu edonola
gu mozkortzeko vodka horiek koka kola
edonola koka kola
zuek enporratzeko gure rokanrola.

Gurekin nahi baduzu izan neska fina
hobe txina batekin etorri bazina
mundua ez litzateke egongo hain zikina
neska fina etorri bazina
ta elkarrekin ohean izango bagina.

Txoriek zelaietan mokoka garia
guk kanutotarako nahiago maria
gaur mozkortu baino lehen presta afaria
hori duzu hertzainok nahi dugun saria.

Hertzainak jaio eta Hertzainak bukatu
gu isilitzeko mediorik ez du inork asmatu
geu hil baino lehen hobe da apaizak urkatu
aita santu gaixoa puzkarrez akatu.

Ta ohezalea dena gertura dadila
borrokarako prest balak eta fusila
ta inguruan ditugun neska mutil pila
muermoa beheraka ta goraka zakila.

 

Gasteizko bertso ibilbidea

 

Josu Zabalak BERRIAn esan zuen: “Hasieran zaila izan zen jendeari ulertaraztea zergatik egiten genuen egiten genuena euskaraz, euskaraz egiten ez zen hiri batean. Baina bertakoen babesari esker iraun genuen lau urtez desertu miserable batean. Gasteizen genuen lagun sareak bultzatu gintuen. Lehen diskoa kaleratu arte ez genuen giro euskaldunetan kontzerturik egin”.

1980ko hamarkadan mundu alternatiboarekin batera hazi zen euskara Gasteizen, beste tribu bat gehiago. Mundu euskaltzalea zipriztindu zen besteen koloreekin, eta beste tribuek ikasi zuten euskara errespetatzen, lehenik, eta gerturatzen, gero. Eta hala euskararatu ziren gaztetxea, talde politikoak, intsumisoak, feministak, ekologistak, internazionalistak, musikariak… Arabako bertso mugimendua, inon ez bezala, kolektibo bat zela diote Jon Maiak eta Igor Elortzak 1990eko hamarkadan Gasteizera heldu zirenean, eta sektore alternatibo erdaldunek leku gutxitan bezalako begirunea zietela bertsolariei.

Eta bertsolaritza horrela ezagutu genuen Gasteizen: kolektibo bat. Maiz falta izan zaigu lehiakortasuna eta erronka. Garrantzi handiagoa eman izan diogu bertso eskolak, bertsozaleak eta bertso giroa sortzeari, bertsolari onak ateratzeari baino. Maiz, bertso eskolan lan egin izan dugu beste kolektibo batzuetan jarduten ginen bitartean.

 (Ikus. Araba bertso histori ezberdin bat liburua)

 

  1. Florida 

80. hamarkadaren hasieran beraz, sortu zen Gasteizko lehen bertso eskola (Araban beste bat besterik ez zegoen: Aretan). Bertso eskolaren bigarren urtean, bertsozale haiek bertsolari sentitu ziren eta, karneta atera gabe aitari autoa hartzen dion gaztea bezala, ausartu ziren ez soilik jendaurrean kantatzera, baita Arabako Txapelketa antolatzera ere. Gaur egun, Florida zinemak dauden lekuan antzokia zegoen, eta bertan egin zuten finala 1984ko ekainaren 10ean.

Txapelketa hura ulertzeko gako batzuk:

 

Gasteizko bertso ibilbidea

 

  • Bertan kantatu zuen inoiz txapelketa batean kantatu duen lehen emakumeak: Amaia Otsoa. 2018an hil zen Amaia, eta horrela gogoratzen zuen sasoi hura (bertso eskolako gizonei begira): “Zuek ez zineten gehiegi kortatzen, baina gogoratzen naiz askotan Karmelek eta biok, erdi haserre erdi nekaturik, esan behar izaten genizuela «hori matxista da» monogaiaz aritzen ginenean, eta baten batek erantzuten zuela «bertsotan dena onartzen da» (freskotasunaren izenean). Hemen ere denok tolerantzia ikasi behar! Hala ere, talde ederra osatzen genuen, maitasun handiz gogoratzen ditut ostegun guzti horiek”.
  • Irabazlea, Bilbotik Gasteizen bizitzera aldatu zen Juan Isasi Txinotxu izan zen, (hura ere) euskaldun berria. Txapelketan hasi eta bukatu zuen bertso ibilbidea jendaurreko jardunean. Ordura arte lagun artekoa zen hura handiegi egin zitzaion kazetariak eta antolatzaileak gainera etorri eta bertso saio zein elkarrizketetarako bertsolaritzat hartzean.
  • Hurrengo Arabako Txapelketa 2002an egin zen, Printzipal Antzokian —tartean, San Prudentzio Sariketa ospatu zen 1990eko hamarkadan zehar—. Ematen du aitari autoa hartu zion gazte hark istripua izan eta beste 18 urte kosta izan zitzaiola berriz auto handiarekin ausartzea.

 

Gasteizko bertso ibilbidea

 

Abel Enbeita izan zen Arabako bertso eskolen lehen irakaslea, gidaria, sosen bilatzailea eta Txapelketaren bultzatzailea. Egunean bertan parte hartu zutenei eta Txapelketari berari bertso sorta eskaini zien, eta hartatik seiko motz hau:

 

Arabako Txapelketa

historiari erpeka

hamasei lagun aurkeztu dira

nerbioz beteta

lehen urratsak erreta

mikrofonoai topeka

Arabak ere badu gerorik

hasi dira eta

 

  1. Matxete

1980ko hamarkadan bertso eskolak hasi zirelarik, Bilbo eta Gasteiz izan dira bertsoa gehien jorratu duten Euskal Herriko hiriburuak (Añorga ez baita Donostia). Eta Arabako gasteizentrismoa dela-eta, Gasteiz izan da garrantzitsuena herrialdearen norabidea markatzen. Ez zuen hainbeste markatu ez BAMek Iparraldea, ez Donostiak Gipuzkoa, ez Iruñeak Nafarroa, ezta Bilbok Bizkaia ere. Eta ez da gauza kuantitatibo hutsa: beste herrialdeetan “mundu euskaldunak” bertso-markatu zuen herrialdea, Araba izan da bakarra mundu erdalduneko euskaldunek markatu dutena. Horrek eragin du hasieratik gauzak beste era batera egin izana. Euskal Herriko gainerako inguru erdaldunetako bertso eskolak kenduta, esan ahal da Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak BECeratu zenean egin zuela “lehen” ariketa sendoa bertsolaritza mundu erdaldunera gerturatzeko, 2001ean.

 

Gasteizko bertso ibilbidea

 

Ordurako burutua zen Arabako bertsogintzaren benetako arrakasta: etxeko ohiko hizkuntza euskara ez zuten arabar bertsolariak eta bertsozaleak sortzea, elkarrekin ondo pasatzen zutenak. Arabako herri eta Gasteizko auzo askotan egin ditugu historiako lehenengo bertso saioak; hasieran herabeti, eta hurrena festa giro txoroan. Sentitzen genuen, eta oraindik sentitzen dugu, lurralde berriak jorratzen ari den esploratzailearen adrenalina, gutxien uste duzun lekuan estreinakoz bertso giro bat sortzearena.

Pentsa liteke: “Tira Araba holakoxea da eta “han” horrela egin beharko ziren gauzak”. Izan ere, euskaldun paisaia mendi berdeekin lotzean, ahaztu egiten zaigu euskal herritar gehienak ez direla euskal hiztun naturalak. Horra zergatik den garrantzitsua Gasteizko bertso ibilbidea ezagutzea.

Plaza-urratze horretan, Matxete izan da bertso giro horren nagusietako bat, Gasteizko festetan: Andoni Egañak, 80ko hamarkadan Gasteizen egon zelarik eta udaletxeko euskara teknikaria zela, utzi ziguna. Eta, geroztik, urtero hutsik egin gabe (urte batzuetan diru laguntzekin gorabeherak izan badira ere) festetako bertso plaza izan dena. Andoni Egaña eta, bere moduan, beste hamaika lagun etorri da Gasteizera (batez ere unibertsitatera), eta haiek ere Gasteizko bertso giroa markatu dute; zorionez, elkar zipriztindu dugulakoan nago. Gasteiz euskalduntzen lagundu dute haiek, eta itzultzean (itzuli badira) Euskal Herria pixka bat gasteiztartuko zen.

Milaka bertso eder kantatu dira Matxeten eta ez nuke jakingo zein aukeratu, beraz, bat-batean liburuei begira 1992koa hartu dut —artean Bertsozale elkartea Bertsolari elkartea zenekoa—. Matxete plazan, Andoni Egañaren gaiei kantari, Jon Sarasua eta Xabier Amuriza, gai librean, sortu berri samarra zen Egunkaria hartu eta berriak iruzkintzen. Segi dezagun gure konplexuan zuloratzen ;-):

 

 

Sarasua:

Euskal Herriko probintzi denek

ez dute berdin indarra,

egunkaria ikusi eta

ez zaitezela hasarra,

hiriko jaien orrialdeak

dago ikusi beharra,

Donostiari hamar pajina

eta Gasteizi bakarra…

 

Amuriza:

Eskalafoia hala omen da

eta aguantatu behar

badago hemen inbiri pixkat

hiru probintzitan zehar,

hemen bakarra ta Donostian

hamar horrek omen dakar,

ta Bilbokoak datozenean

ehun da berrogeitamar

 

  1. Amaia Zentroa

Eta, azkenik, alde zaharretik irten eta Aranbizkarra auzora egingo dugu jauzi. Halako batean, belaunaldi gazteago batek hartu zion erreleboa 80ko hamarkadako Guardia Zaharrari. Arabako Bertsozale Elkartea —Txusta taberna oso kuttuna izanagatik— bulegoago zen lekuren batera eraman behar zen: kostatakoa eta ez minik gabea izan zen erabakia (eta hemen ulertu behar duzue Gasteizko tabernetan oso ardo ederrak egoten direla).

Lehen esan dut Gasteiztik antolatu zela Arabako bertso mugimendua. Gaur egun, zorionez, eskualdez eskualde, autonomoa da. Baina, hasieran, Gasteiztik heldu zitzaion eta abiarazi ziren Aramaixo, Legutio, Aiaraldea (Aretako bertso eskolako guardia zaharrari erreleboa emanez), Arabako Lautada, Mendialdea, Trebiñu, Arabako Errioxa, Añana edota Zuiako bertso eskolak, saioak, hezkuntza arautuko lana edo unibertsitarioen bertso eskolak.

Gauzak horrela, nahikoa aspaldidanik egiten dira bertso saioak Araba osoan zehar. Bertso eskolak zabalduta daude bazter guztietan, eta, beraz, munduan leku gutxitan gertatu den zerbait eragin dugu: hizkuntza handi hegemoniko batean hazi ginenok hizkuntza txiki gutxitu bat hartu, gure artean solasean erabili eta bertsotan kantatuz ondo pasatzea. Nahi duzuena esango duzue, baina oso arraroa da.

Eta behin —eta oraingoz txikien mailan— bada ere, gure konplexutik askatzeko egun kolektibo bat izan genuen, Aroa Arrizubieta gasteiztarrak eskolarteko txapela jantzi zuen egunean.

Nik uste, ordurako, guk ez genuela “behar” EH mailako txapel baten aitortza gure lana balioesteko, baina beharbada zuek bai, kar-kar!

2017an izan zen, eta Aroak arabar bertsolariok bertso munduan sentitu izan dugun… nola esan? Konplexua sortzen zigun zera hori? Arabafobia gogorregia egiten zait ;-), baina ez dakit nola esan. Tira, hona, Aroaren agurra, egun batez bada ere, geu denok han goian egon ginen eta:

 

Arg: XDZ

 

Eskerrik asko Muxikakoei
tratatzearren horrela
zuei ere sentitu bainaiz
udalekutan bezela.
Familiakoei, klasekideei
ezin zen izan bestela.
Ta kritikatu gaituzten denak
izorratu daitezela!
Arabar batek lortu duela
Euskal Herriko txapela!

Gasteizko bertso ibilbidea Gasteizko bertso ibilbidea Gasteizko bertso ibilbidea Gasteizko bertso ibilbidea Gasteizko bertso ibilbidea Gasteizko bertso ibilbidea Gasteizko bertso ibilbidea Gasteizko bertso ibilbidea Gasteizko bertso ibilbidea Gasteizko bertso ibilbidea Gasteizko bertso ibilbidea Gasteizko bertso ibilbidea Gasteizko bertso ibilbidea Gasteizko bertso ibilbidea Gasteizko bertso ibilbidea Gasteizko bertso ibilbidea Gasteizko bertso ibilbidea Gasteizko bertso ibilbidea