Itxaso Paya
Itxaso Paya

2026-10-29

Hitzaren kirola?

Hitzaren kirola? –

Xabier Amurizak Hitzaren kirol nazionala izenburua jarri zion 1981ean argitaratutako liburuari. Bertsolaritzak badu kiroletik: entrenamendua, lehia, sailkapenak, puntuak, finalak… Baina badirudi kirolarien erretiroaren logika ere geureganatu dugula. Eta hor sortzen zait zalantza. Hitzarekin, irudimenarekin eta umorearekin egiten dugu lan. Urteek ez dute ezinbestean bertso hoberik ekartzen, baina ez dute sormena iraungitzen ere.

Hitzaren kirola?
Arg: Ekaitz Zilarmendi Urrutia (XDZ)

Nerea Elustondok hogeita bost urte daramatza Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan parte hartzen. Aurten Aguraingo saioa irabazi eta finalaurrekoetara sailkatu da. BERRIAn egindako elkarrizketa batean, bere adinean txapelketan jarraitu behar ote duen galdetu izan diotela kontatu du. Haren erantzuna argia da: «Oraintxe sentitzen naiz bertso boladarik onenean».

Aldi berean, Bilbo erdialdean bederatzi urteko neska bat dago bertsotan ikasi nahian. Bi urte daramatza izena emateko zain, baina ez du bere adinerako eskolarik aurkitu. Dirudienez, hamabi urte bete arte itxaron beharko du bertsoak inprobisatzen ikasteko.

Bata, 45 urterekin, bere unerik onenean dago, baina erretiroaz galdetzen diote. Besteak hasi nahi du, baina oraindik goizegi dela esaten diote. Hamabi urterekin hasteko aukera, eta 45 urterekin erretiroari buruzko galderak. Hogeita hamahiru urteko tartea. Horixe al da emakume bertsolari bati iradokitzen diogun egutegia?

Noiz da, orduan, hitzekin jolasteko adin egokia?

Badago hor beste eztabaida interesgarri bat: haurrak idazten ikasi baino askoz lehenago hasten dira hitzekin jolasten. Abestiak asmatzen dituzte, existitzen ez diren hizkuntzetan kantatzen dute, eta lotsa handirik gabe inprobisatzen dute. Sei urteko haurrekin ere egiaztatu izan dut hori irakasle gisa. Horregatik, zer pentsatua ematen dit bertsolaritzaren irakaskuntzan sarri idatzizko bertsoetatik abiatu eta bat-batekotasunera geroago iristeak. Agian, alderantzizko bidea ere aztertu beharko genuke. Baina hori beste artikulu baterako utziko dugu.

Oraingoan, adinaren kontua interesatzen zait. Zehazki, adinaren arabera noren parte-hartzea jotzen dugun egokitzat, eta nork erabakitzen duen hori.

Bertsolaritzaren iruditeria historikoan gizon helduek leku nabarmena izan dute.
Azken hamarkadetan, zorionez, bertsolaritzaren irudia zabaldu da. Emakumeek presentzia handiagoa dute, belaunaldi berriek bestelako gaiak eta erreferentziak ekarri dituzte, eta oholtzan lehen nekez irudikatuko genituen ahotsak entzuten ditugu. Aldaketa horiek aberastu egin dute bertsolaritza. Baina bitxia litzateke gizon helduaren nagusitasuna gainditzeko bidean gaztetasunaren nagusitasuna ezartzea.

Ez baitago zertan aukeratu.

Benedicta Sánchezek 84 urterekin irabazi zuen emakumezko aktore berri onenaren Goya saria, Óliver Laxeren O que arde filmagatik. Laurogeita lau urterekin, aktore errebelazioa. «Errebelazio» hitzak ez du adinik zehazten. Gure begiradak deskubritu berri duen zerbait izendatzen du.

Gazteei lekua egin behar zaiela entzuten dugu maiz. Eta, jakina, egin behar zaie. Belaunaldi berriek plazak behar dituzte, eta bertsolaritzak haien begiradak ere bai. Baina zergatik ulertzen dugu hainbestetan belaunaldi-erreleboa belaunaldi-ordezkapen gisa?

Bertsolaritza aulki-joko bat balitz bezala. Musika gelditu, aulki bat kendu, eta norbait zutik geratu behar.

Agian, aulki gehiago jarri beharko genituzke.

Plazak ez dira mugagabeak, eta antolatzaileek hautuak egin behar dituzte. Baina programazio-irizpideek, kontratazioek eta bertso-eskolen eskaintzak ere baldintzatzen dute zein ahots entzuten diren eta zeinek duten hasteko aukera. Adin-aniztasuna bertsolaritzaren aberastasunaren parte izan daiteke, bertsolarien artean zein gai-jartzaile, aurkezle, irakasle eta antolatzaileen artean.

Belaunaldien arteko elkarrizketak badu, gainera, bat-batekotasunari lotutako balio berezi bat. Bertsolari gazte batek heldu baten erreferentziei erantzutea, helduak gaztearen mundua ezagutzea, elkar zirikatzea, ustekabeko bideak zabaltzea. Ez da soilik memoria transmititzea; elkarrekin zerbait berria sortzea da.

Eta horretarako, belaunaldi desberdinek elkarrekin kantatzeko aukera behar dute.

Horrek ez du esan nahi inork nahi baino gehiago kantatu behar duenik. Ibilbide artistikoak ez dira beti jarraituak, eta norberak erabaki behar du noiz hasi, eten edo amaitu. Baina erabaki horiek ez dira hutsean hartzen: aukerek, lan-baldintzek, zaintza-lanek eta inguruko itxaropenek ere badute eragina. Bereziki, emakumeen ibilbideetan, historikoki plazarako sarbide mugatuagoa izan baitute.

Elustondok Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean honela kantatu zuen: «Emakume helduen ahotsa / entzuten ez den honetan / ilea urdindu arte / segiko det txapelketan».

Badago umorea hor, baita aldarrikapena ere. Eta bada zer pentsatua ematen duen beste zerbait: emakume heldu batek kantuan jarraitzea zergatik bihurtzen den
azaldu beharreko erabaki, gizon bertsolari askoren kasuan ibilbidearen parte arrunta izan denean.

Hala ere, adinaren auzia ez da emakumeen kontua soilik. Elustondok berak gogorarazi du gaur egun txapelketan gizon helduen ahotsak ere falta direla. Horregatik, eztabaida ez da noren ordez nor jarri behar dugun erabakitzea; zer-nolako bertsolaritza eraiki nahi dugun aztertzea da.

Nereak bere unerik onenean dagoela dio. Bederatzi urteko neska batek, berriz, bere lehen bertsoa kantatu nahi du. Biek dute gogoa, eta biek dute zer eskaini. Bata hasi ezinik, bestea amaierari buruzko galderak entzuten. Eta bien artean, hogeita hamahiru urteko tarte hori, ustezko hasieratik ustezko amaierara.

Biak dira bertsolaritzaren oraina, eta biek izan beharko lukete bertan parte hartzeko aukera.

Hitzaren kirola deitu genion. Baina hitzekin jolasteko ez dago adin-mugarik. Edo, behintzat, ez luke egon behar.

Hitzekin jolastea da kontua. Jokoan, ordea, nork, noiz eta zenbat denboraz jolasteko aukera duen dago.

Hala ere, badirudi norbaitek erabakita daukala noiz hasi behar dugun, noiz iritsi gure unerik onenera eta noiz utzi behar diogun. Haurtzaroan goizegi izan daiteke, helduaroan beranduegi, eta tartean noizbait egongo omen da une egokia.

Pena da inork ez digula egutegia pasatu.

Hitzaren kirola?  Hitzaren kirola?  Hitzaren kirola?  Hitzaren kirola?