Bukaerako agurra –

Haste denak bukatzea omen du lege. Noiz hasi jakitea baino garrantzitsuago iruditzen zait noiz amaitu asmatzea. Hasteak ilusioa pizten du, bukatzeak itzaltzea esan nahi ez duen moduan.
Plazer bat izan da nork irakurri edo entzungo dituen jakin gabe bertsoak idaztea. Ez gaude ohituta horretara. Bertso plazetan nori abesten diogun entzun, ikusi eta batzuetan usaitzen dugu. Funeraletan ikusi, entzun eta usaitu ez, baino badakigu nori abesten diogun, erantzun handirik espero gabe . Ezkontzetarako, jubilazio festetarako edo urtebetetzeetarako bertsoak jartzean ere hartzaile konkretu bat daukagu bertsolariok. Bertsolari aldizkarian ezin jakin nork irakurri edo entzungo zaituen. Edonor izan liteke (beno, edonor ez, pixka bat frikia behar du nahitaez). Baina ez uste honek disgustatu nauenik. Hartzaile konkretu bat ez edukitzeak norbaiten espektatibak betetzeko presioa erauzten dizu. Gehiago edo gutxiago gustatuko zaio irakurle/entzuleari, noski, baina nik niretik jarri ditut bertso sorta eta ale guztiak. Egia esan, ez dakit inork kaso egin ote dien edo inori gustatu edo disgustatu ote zaizkion. Egia esan, ez dut jakiteko behar handirik ere. Gustura aritu naiz lan horretan eta asebete nau.
Halere, esan bezala, bukatzen jakin behar da. Egun osoa libre edukiko banu gustura ariko nintzateken honetan, baina zoritxarrez, ez da hala. Gainera, uste dut onerako direla aldaketak, batzuk sartu eta besteak atera. Beno, alderantziz, lehenik batzuk atera eta ondoren besteak sartu.
Beraz, ez dakit zein izango zaren nire ondorengo hori, baina lasai, egin ateratzen zaizuna eta kito. Ez duzu mundua konpondu beharrik, ezta bertsogintza ere. Plazerrez entzun eta irakurriko zaitut.
Nik badauzkat orain lan handiagoak egiteko, zailagoak ere bai… Hatzak gurutzatu eta aurrera!

