[AZKEN BELTZA] Batean iritsi ez eta bestean pasa

Jexux Mari Irazu-(r)en argazkia Jexux Mari Irazu 2026-11-10

Batean iritsi ez eta bestean pasa –

Bertsotako egun beltzak kontatzeko eskatu dit Bertsolari aldizkariak. Perspektibaz begiratuta, hasteko eta behin, esan dezadan nire bertso ibiliak ez didala halako egun beltzik utzi izan. Edo, momentuan egun beltzak iruditutakoak gerora ikusi dut ez zirela hain beltzak izan. Zenbaitetan egun beltzak argiaren sorburu izatea ere gertatu izan zait. Bestalde, urteak pasa ahala beltzaren gamak probatzea tokatzen da eta horrek ere laguntzen du iragana hobeto marrazten.

Beraz, kontakizun honetan, oroitzapenean erdi iltzatuta gelditu zaizkidan bertso momentu ez hain atsegin pare bat ekarriko ditut. Testuinguru desberdinetako bi pasarte dira. Beltzena, hasi berritan utzi zidan traumatxoagatik, Antsoainen bertso afari bateko elkartea topatu ezinik etxera itzuli behar izatea. Bestea, bertso afari batean nire bertso batengatik parez pare neukan gazte jator bat oharkabean bertso afaritik bidali nuenekoa.

 

Batean iritsi ez eta bestean pasa
Jexux Mari Irazu 1997an. Arg: Aiurri

 

Antsoaindik etxera, bertso afari bateko elkartea aurkitu gabe

Ia 40 urteko bertso bidean behin tokatu zait bertso afari bateko elkartea aurkitu gabe etxera itzuli beharra. Ahaleginaren faltan ez daukat/ kontzientzian zorrikan, baina gertatu zitzaidan. 1995-1996 ingurua zen; nik 23-24 urte eta plazaz plaza bertsotan hasi berri. Antsoainen nuen bertso afari bat, elkarte batean. Hitzordua 21:30ean edo; garai hartan Nafarroako bertso afari askotako ordutegia. Oihane Enbeita eta biok ginen bertsotan eta elkarrekin joatekotan gelditu ginen. Nik hartu nuen kotxea eta Nafarroa eta Gipuzkoa arteko A-15 autobidean, Berastegi parean, kotxea moteltzen, moteltzen, artzenera eta ploff. Kapotetik kea… egun beltz baten hasiera perfektua. 20:30 buelta hori. Antolatzaileei hots egin (nire lehen mugikorrarekin), panorama esplikatu, eta baietz, berandu bazen ere joateko. Ez zegoela presarik; luzatuko zutela afaria.

Gruari hots egin, denbora zain, grua azaldu, Hernanira buelta, lagun baten kotxea lortu eta Antsoainerako espedizioaren bigarren saiakera. Ez daukat gogoan ordu zehatza, baina, garbi esanda, bertso saio batera abiatzeko ordua ez zela bai… 22:45 inguru edo beranduago. Abiatzerako, antolatzaileei bigarren deia: —Aizue, beste kotxe bat lortuta, orain abiatuko gara Hernanitik… —Ongi, ongi, guk hemen pixkot luzatuko dugu eta lasai!

GPS eta Google mapsik gabeko garaia zen eta Antsoainera gindoazen lehen aldia. Antolatzaileek elkartearen kokapenaren xehetasunak ere eman zizkiguten eta bertara hurbiltzean elkarri deitzekotan gelditu ginen. Afaldu gabe, baina bertsotan egingo genuela zirudien.

Aurreneko kolpeari emanda, 23:30 aldera edo, Antsoainen ginen. Elkartea topatzea bakarrik falta zen. Hortxe hasi ze desesperazioa, Antsoaingo kale artean barrena, antolatzaileak telefonoz gps lanak egiten eta guk ezin elkartea aurkitu. Kalez nahastu, non geunden eta nora gindoazen tankerarik gabe kotxean, bidea bukatzen zen leku batera iritsi; gero, ustez topatu, baina han ez zegoela ezer, hurrengo kalean zela, han ere ezer ez… Nire bertso bizitzako 45 minutu eskasenak izan zirela uste dut.

Goizaldeko 00:15 inguru eta gu Antsoainen galduta, jo hara eta jo hona, erotuta. Gogoan dut nire buruari desesperazioz egiten nion galdera: Posible ote da herri batera iritsi eta bertso-lekua ez aurkitzea, edo haiek gu ez topatzea, gehienez 400-500 metroren barruan egonda? Ba bai, lotsa ere ematen dit aitortzea, baina posible da. 1996an bai. Eta nola bukatu zen Antsoaingo gau beltza? Ez dauzkat gogoan gauaren beltzeneko hitz zehatzak, baina ideia eta sentipenak bai, hantxe banengo bezala berritzen zaizkit. Oihanek eta biok elkarri halako zerbait esan genion, hitzez edo begiradaz: “Kitto! Ia goizaldeko ordu batak dira, galduta gaude, desesperatuta gaude, ez gaude bertsotarako, gure esku zegoena egin dugu eta ez da atera. Beste batean beharko du, goazen etxera”. Ez nuen geroztik antolatzaileekin berriz hitz egin. Ez nuen barrurik izan.

Hogeita hamar urteko distantziarekin begiratuta, ez da hainbesterako. Dabilenari gertatzen zaion istriputxo bat azken batean. Baina zer den gauzak estu hartzea eta norbere buruari ez barkatzea norbere esku dagoen guztia eginda ere! Egia esatera, lotsaz, pasarte hau nire anekdotariotik ezabatuta eduki dut, gaur arte.

 

Nire bertsoagatik pareko gaztea altxa eta ospa

Ortuellan gertatu zen, 2002 inguruan. Anjel Mari Peñagarikano eta biok ginen bertsotan eta afaritan parean izan zuen gazte batek lezio ederra eman zidan. Urte hartan, Karlos Gurpegi Athleticeko jokalariaren balizko dopin kontuak zebiltzan bolo-bolo. Dopinaren kontrako kontrol batean positibo eman zuen. Positibo bazela, ez zela… soka luzea ekarri zuen. Librean egin eta gero, gai-jartzaileak rol bana eman zigun: Peñagarikano eliza zen eta ni farmazia. Bakoitzak gizarteari eta pertsonei egindako ekarpenak hauspotu behar genituen. Polita zen gaia. Hamarreko txikian ari ginen, tiki-taka bertso afaritako ofizio luze samar horietako batean. Tartean futbola eta Athletic sartu ziren: eliza, katedrala, Begoña… eta niri, farmaziaren roletik, Gurpegi etorri burura: eliza, katedrala/ lehoien leienda/ baina Gurpegiren min/ denak ezin senda/ antza farmaziatik ere pasatzen da… Horrelako zerbait bota nuen. Gurpegi aipatuta bertsoa bukatzerako nire parean afaldu zuen gaztea egonezinak joka sumatzen nuen. Ezin kabituta. Bitartean, publikoan, bertso afaritako kolpeko erreakzio anitz hori: txalo, barre, buila, komentario… Dena gidoiaren barruan. Bat-batean, bertsoaren errepikapena kantatzen ari nintzela, parez pare neukan gazte hori mahaitik altxa eta ospa, hitzik esan gabe eta lurrera begira. Eszenak barruak jiratu zizkidan momentuan. Bertsoak entzutera etorri zen gazte bat bidali nuen bertso afaritik. Ez zen ederki joan izango eta niri ere ez zidan gorputz ederra utzi. Batzuetan norbera jabetzen da bertsotan esan daitekeenaren mugan dabilela eta zalantzak izaten dira etorritakoa bota ez bota. Pentsatutakoak isildu ere egiten ditugu, eta ez behin bakarrik. Bertso afari horretan, ordea, ez nuen bertso hori bota muga-mugakoa zela pentsatuta, baina gazte harentzat hala izan. Mugakoa ez, mugatik pasatakoa. Hau ere behin bakarrik gertatu zait, nik dakidala. Bertsoa barrura iristearen albo-eraginak.

Batean iritsi ez eta bestean pasa  Batean iritsi ez eta bestean pasa  Batean iritsi ez eta bestean pasa  Batean iritsi ez eta bestean pasa