Garratzean gozoa, gozoan garratza
Garratzean gozoa gozoan garratza –
Larunbateroko plana bihurtu zaie hainbati txapelketa eta Jai Alai pilotalekuan 1600 lagun elkartu dira. Igor Menika buru hartuta sartu dira errebotetik 6 bertsolariak Agin Laburu, Joanes Illarregi, Ane Labaka, Aitor Mendiluze, Aner Peritz eta Aitor Bizkarra, hurrenez hurren. Ez da Winter Serieseko beste partida bat, baina hemen ere bakoitzak bere onena eman nahi du. Kantxa finkatuta dago: oholtza bat frontoiaren erdian. Faboritotzat jotzen dute askok eta askok Mendiluze, baina beti gertatu daiteke espero ez den zerbait, eta gertatu gertatu da gaurkoan.

Lehen sakea, lehen agurra kantatuta ekin diote saioari sei bertsolariek, eta argi gelditu da bakoitzaren gorputzaldia. Ez dute zesta puntako jokalariek beste izerdi kanporatuko, baina barruko izerdiak sarri badu pisua eta badakar nekea. Ez dago pilotarik airean, eta ez zestarik eskutan, baina bakoitzak bere trukoak dakartza, “ez da magia baino/ trukilloa dauka” esan du Anerrek. Eta hasi dira tantoak egiten, partidak iraun bitartean zenbana doazen jakingo ez duten arren.
Gernika ez da soilik Jai-Alai eta behin baino gehiagotan ekarri dute gaiek bertsotara eta bertsolariek gaira. Bonbardaketaren oroimenetik Gorroño alkatearen aipamenera, hainbat keinu egin dizkiote saioan zehar, eta Bizkarraren bakarkakoak ere Gernika izan du kokaleku.
Zortziko handian Laburuk eta Illarregik jarri dituzte lehen hitzak, gaiak agindu gisan Gernikako bonbardaketari egin diote erreferentzia. Iragana eta oraina lotu ditu Laburuk puntu batean: “nondik gatozen ikasi dugu/ez dakit nora goazen”. Saio osoko lanik osoena hortxe egin du Laburuk. Ondoren, Mendiluzek eta Labakak ere asmatu dute gaiari elementuak ekartzen ez ezik, esandakoak arrazoitzen. Bikote baten roletik aritu dira, bankuak biek alokairuan daukaten etxea putre funts bati saldu ostean. “Noiz arte izan gaitezke Aitor/ geure etxean okupa?” bota dio Labakak eta Mendiluzek erantzun: “Agian gauzak bere izenez/ deitu behar genituzke” esan ondoren, “etxea eman egin diete/ saldu gu saldu gaituzte”.
Joanes eta Anerren zortziko txikia eskertu du publikoak, elkarri erantzunez aritu baitira biak ala biak. Aner amamaren rolean aritu da eta Joanes 18 urteko bilobarenean. Bilobak sare sozialetan jarraitzeko eskaerari erantzun ez diola eta, amonak bazkarian atera du gaia. Peritzek arrazoitzen asmatu du: “lotsa ematen dizugu/ zaharrok jakina/ ziurrenik gazteek/ zaharroi adina”. Amonak bi tik urdin kontatzeko eskatu dio bilobari, eta hark erantzun hori WhatsAppeko kontua dela eta ez Instagramekoa. Ideiak ekartzeko ariketa egin du bereziki Anerrek, eta amaiera ere ederki borobildu du argazki bat atera eta bilobari bere storian mentzionatzeko eskatuz.
Puntutako ariketari ekin diote ondoren eta azkar zuzendu duen arren, poto egin du Bizkarrak. Mendiluzek eta Illarregik asmatu dute publikoarekin konektatzen. Zita azkarretako topaleku batean egin dute topo eta 10 minutu soilik dituzte elkarrekin hitz egiteko. Elkarrizketa lurtarrak ikusi ditugu eta momentu batzuetan asmatu dute esandakoari erantzuten ere hurrengo puntuan, naturaltasunez. Berez ariketa azkarra izanagatik, Mendiluzek ez du segundo erdirik galdu, etenik gabeko makina bailitzan, baina Illarregi ere ez da aldendu lan horretatik.
KOLPEKA JOSI TA JOSI
Txapelketako finalistak erorikorik gabe irudikatzen ditugu askotan, eta eskatu ere gehiago eskatzea ohikoa da. Mendiluzeren erorikoa ez genuen espero eta bat-batean kolokan jarri da guztia, bakarkako lehen ariketan, lehenengo bertsoan izu errima birritan erabili orduko. Doinu berriaren estreinaldian, potoak garrantzi gehiago hartu du doinuak berak baino. Izan ere, egiari zor ordura arte besteen gainetik egon da ia-ia gehienean, eta asmatu du gaiak ekartzen ez ezik, kideari entzuten nahiz hari erantzuten. Saioan hasi eta buka eutsi dio denborarik ez galtzeko taktikari eta nahi gabe edo nahita bere kantukide guztiek ere hala jardun dute, hartu eta eman, erlojuaren tik-tak hotsik gabe.
Bakarka, Bizkarrak atera dio disdira gehien gaiari, puntuak elkarrekin josiz, errematatuz. Gernika eta Amerika, elkarrengandik hain urrun daudenak, guztion gertuko bihurtu ditu “kultura aldetik horren desberdin/dira hemengo ta hango/ ta orain Gernikan Winter Series/honi txalo ta besteeri ez” lehenengo bertsoko puntuan eta hirugarren bertsoan “ta halere dut oso gustuko/ta inor ez da aberastuko/ez pilotan ez fabrikan/ez hemen ez Amerikan” esan duenean. Hirugarren bertsoa izan da bakarkako lanen azken tantoa, eta esan daiteke ederki errematatu duela.
Horretaz gain, izan da ale ederrik banakako jardunetan ere. Paper desberdinak jartzeak gaien zailtasuna neurtzea zailtzen du eta egia da gaitik gaira aldea egon daitekeela. Labakari Ipar Euskal Herriko ikaslea izanik EHUko klasekideen aldetik frantsesa dela entzutea egokitu zaio, Joanesi prebentziozko azterketak egitea enpresetan eta Anerri harrerako familia gisa izena eman ostean haur baten bila joatea.
Hala ere, gaia kokatzen guztiek asmatu dute, batzuk, ordea, kokatzeaz gain, gorpuztu egin dute eta sinisteko elementuak txertatu dituzte: harrerako umea bi besotan hartuta ikusi dugu Aner, Anek EHUko ikaskideari erantzuterakoan zeukan amorrua sentitu dugu eta Joanes lanean ez ezik ondorenak pairatzen ere gertukoa egin zaigu, besteak beste.
Hamarreko txikiko ariketan ez dira herren ibili bertsolariak eta aipatzekoa da saioaren nibelari eusteko egin duten esfortzua, azken unera arte. Lehendabiziko saioan Peritz eta Labakaren elkarrizketa izan da bide, baina laguntasun tonutik eta erantzutetik eraikitakoa, bereziki aipagarria Anerren saioa ixteko modua: “Zatoz ta afalduko/ dugu guk batera/ gonbidatzen zaitut zeuk/ egina jatera”.
Illarregiren kasua ere azpimarratzeko modukoa izan da, guraso baten paperetik Bizkarrarekin batera aritu da alabari bere adimendun erlojuan GPSa jarri ala ez eztabaidatzen, Joanes jartzearen kontra eta Aitor alde. “Gure umetxoa da/ ez ehiza zakurra/ zeri eta zergatik/ diozu beldurra?” arrazoitzeaz gain, gai berriak planteatu ditu. Bizkarra ere ez da atzean gelditu, eta elkarrizketa bateko elementuak zazpi seira ekarrita, kontrola eta babesa ez nahasteko aipatu dio lehenengo bertsoan eta bigarrenean bikoteari ere GPSa jarri behar diola esan du, publikoan barreak sortuz.
Bizkarrak eta Joanesek hamarreko txikiko azken bertsoaren errepikapena amaitzearekin batera amaitu dute bertsolariek lana. Eta kalkulagailuek kontuak atera artean publikoak egin du apusturik. Mendiluze non kokatu ezin jakinda ibili dira asko nahiz eta aurrean irudikatu “baina poto egin du” arrazoiak pisua hartzen baitu horrelakoetan. Potoak poto, bera izan da garaile 713 punturekin. Horri esker, Donostiako finalaurrekorako txartela lortu du.
Finalaurrekoetarako txartela ere ziurtatu dute zenbaitzuk, eta finalerako bidea gertuago ikusten den honetan hara sailkatzeko txartelak garesti daudela argi gelditu da. Enpatea egon da bigarren eta hirugarren postuetan: 707na puntu eskuratu dituzte Peritzek eta Illarregik. Ondoren, Labaka 703,5 punturekin, Bizkarra 694 punturekin eta Laburu 687rekin.
Azken tantoa egin dute jarraian: Aginek “akabo txapelketa” esanda utzi du, Bizkarrak remontada historikoez hitz egin du Iturriagak 2013an egindakoari aipamena eginez. Labakak errealitate desberdinak izan ditu mintzagai eta publikoak erruz txalotu du. Illarregik Xalbadorri omen egin dio hil zenetik 50 urte pasa diren eguna izanik, Peritzek, aldiz, asteazkeneko etxebizitzaren aldeko grebara batzeko deia egin du.
Azkenik, saioko irabazleak: “Eskerrik asko denoi/ bukatu da dantza/ garratzean gozoa/ gozoan garratza” esanda ekin dio azken agurrari. Garratzak eta gozoak biak probatu ditu gaurkoan, baina erorikoak erori, argi utzi du 713 puntu lortzeko aurretik eta ondoren lana egin duela.
Bertsoak sentitzean datzala esanaz amaitu du saioa, eta finala gainera datorrela ere sentitzen dugu jada, finalaurrekoen lehen fasea amaituko baita datorren astean Miarritzen. Pilotalekua husten doa apurka-apurka eta pilotarik ez, baina finaleko txartelak airean ikusi daitezke.

