Hamaika motibo –
Doinua: Hamalau heriotzena I
Etxeen inperio
bihurtu da Bilbo
Alokairu prezioak
ahal beste igo
Ta etxegabetze bat
dagoen aldiro
Poliziek ze indar
porrazo ta tiro
Bada protestatzeko
hamaika motibo.
Airbnb-ak dira
2.A eta 2.B
Bezerotzat inglesak
diren 10 kide
Espekulazioa
aberatsen bide
Noiz bilakatu dute
Bilbo adibide,
etxea negozio
ta ez eskubide?
Jabeak Monopolyn
jolasten dabiltza
Oinarritzat hartuta
“negozio” hitza
Gela hotz, komun txiki
ta egongela hitsa.
Eta berez hau deitzen
da etxebizitza
Baina ez da etxea
ta ez da bizitza.
Zein gaztek du pisu bat
berak erosita?
Zeinek alokairu duin
bat txukun jarrita?
Pareko panorama
zein den ikusita
Jaurlaritzak eskaini
arren bere kit-a
Ez da aski Gaztelagun
edo Emantzipa.
Alokairu sistemei
eginda boikota
Inkilinoa nahiz egon
zaurgarri, lur jota
Jabe batek ze orden,
ze erabaki mota
Erabaki dezake
ta ez zaio inporta
Noiz mantendu nahi duen
ta noiz berriz bota.
Hiri ta herrietan
zenbat asanblada
Negozio honekin
amaitu behar bada
Etena egin, joan
gaitezen grebara
Geure aldarri, pankarta
mezu ta pintada.
Azaroan 11n
elkartuko gara!


